Eneko Dorronsoro: "Xalbador da erreka bat, bere bihurgune guztiekin"

Baleike 2014ko aza. 28a, 06:04

Urepelen behin baino gehiagotan egin du lo Eneko Dorronsorok (Zumaia, 1978) azken hiruzpalau urteotan, hain zuzen Bartzelonatik –Kataluniako hiriburuan bizi da– Xalbadorren oinordekoak elkarrizketatzera joaten zen ia aldiro. Bertsolariaren lau seme-alaben laguntzarekin, Xalbadorren mitoak ezkutatzen duen pertsona aurkitu omen du, bere kontraesan guztiekin. Tentazioa ekoiztetxearekin egin du Xalbador, izana eta izena, eta etzi Hazparnen estreinatuko da, hango zinemaldian. Ondoren Durangoko Azokan erakutsiko da. Oraingoz DVDa ez da argitaratuko: «Gero ez dakit. Agian herriz herri erakutsiko da, baina ez dago ezer lotuta. Zumaian ziurrenik egingo dugu, baina hortik aurrera ez dakit». Zergatik Xalbador? Zerk bultzatu zaitu Xalbadorri buruzko dokumental bat egitera? Gure etxean beti egon da bertsoa oso presente. Haurrak ginela, aita [Joanito Dorronsoro] Bertsotan liburuak ari zen prestatzen, eta bertso asko kantatzen zizkigun, eta bertsoei lotutako istorioak kontatu ere bai. Haiek ziren askotan gure ipuinak. Eta Xalbador zen beti pertsonaia bat oso sentibera, poeta, txistuak txalo bihurtu zituena, omenaldiaren egunean hil zena… Historia hori guztia zuen Xalbadorrek. Eta bestalde, aitak beti esaten zidan irakurtzeko Odolaren mintzoa, liburu modura, ez soilik bertso sortak. Baleike-k antolatutako bigarren eskuko azoka batetik aitak ekarri zuen liburuaren ale bat, bertso eskolara eramateko intentzioarekin, baina neuk hartu nuen niretzat. Handik sortu zen. Justu arraunari buruzko Ttaup dokumentala orduan ari zinen amaitzen, ezta? Bai. Proiektu luzea izan zen hura, eta nire asmoa zen tarte batean behintzat beste lanik ez hartzea. Baina, bazkalondo batean Odolaren Mintzoa aitari lapurtu eta Alberto Gorritibereari eta Iban Garateri erakutsi nien, eta esan nien Hollywooden superprodukzio bat egingo zuketela istorio harekin. Hurrengo egunean Garatek proposatu zidan gaiari heltzeko… Ttaup oraindik bukatzeko, ez nuen batere gogorik, baina gauza batek bestea ekarri zuen. Aitak ere Xalbadorren seme Mixelekin egin zuen topo Garazira egindako bidaia batean, eta eman zion nire berri… Horrela sartu nintzen proiektu honetan. Nondik eta nola heldu diozu gaiari? Lehen asmoa zen zerbait sinplea egitea. Mixel artzaina da, aita bezala; bertsolaria, aita bezala; Xalbador bigarrena, aitaren itzala. Itzal horretatik aita ateratzea zen nire lehen ideia. Baina ikusi nuen Mixelek badituela beste hiru anai-arreba; ikusi nuen lau anai-arrebek bazutela Xalbadorren perfila osatzeko ezaugarriren bat. Lau seme-alaben perfiletatik abiatuta aita osatzea, hori da oinarrian dagoena. Eta lanean aurrera egin ahala ohartu naiz gizarteak zor bat baduela haiekin; 70 urterekin oraindik Xalbadorren semea izaten segitzea ez dut uste justua denik. Neuk ere entzun behar izan nuen, zu ez zara gugatik etorri. Lau seme-alabekin batera, zer beste eduki erabili dituzu lana osatzeko? Xalbadorren bertsoak agertzen dira. Berak bazuen doinuekiko kezka berezi bat. Aitak esaten du beti, Xalbador zela soineko egokiena jartzen ziena bertsoei. Bertso asko grabatuta utzi zituen, eta horietako batzuk agertzen dira. Bestetik, eskuratu nuen Joxemari Iriondok Xalbadorri egindako elkarrizketa, hil baino pare bat hilabete lehenagokoa. Hori ere dezente erabili dut. Han ikusten dira bere izaera eta momentuko egoera. Eta gero elkarrizketak: lau seme-alabak batik bat, eta bilobak pixka bat; Xalbadorren inguruko bi pertsonaia garrantzitsu, Emile Larre eta Mixel Itzaina; Amuriza, Lopategi eta Amets Arzallus. Zenbat denbora behar izan duzu proiektua gauzatzeko? Lehen bisita 2010eko maiatzean egin nuen. Seme-alaba guztiekin hitz egiteko bidaia batzuk egin behar izan nituen Bartzelonatik Urepelera. Pertsonen perfilak oso ezberdinak dira, bere etxeko kontuez hitz egiteko eskatu nien, gai intimoak batzuk, eta hori ez da erraza izaten. 2012an hasi nintzen filmatzen. Ia bi urte, filmatzen hasterako? Bai, denbora joaten zen bisitatik bisitara. Gero, elkarrizketak egiten hasi ginen eta, azkenerako, material asko bildu nuen. Gehiegi. Muntaian sufritu egin dugu, egia esan. Espero dut emaitzarekin konforme izango direla, beraientzat ere esfortzua izan delako, baina lan zaila izan da filmatutakoa dokumentalera ekartzea. Nik badut akats hori. Dokumentala baino gehiago, askotan esan dit Gorritibereak nire helburua antropologikoa dela. Zergatik? Momentuan gertatzen den hori jaso nahi izaten dut, horrek asko aberasten nau, baina dokumentaletik atera egiten naiz eta muntaia egiterakoan sufrimendu handia eragiten du. Eta orain, Ttaup-ekin bezala, material asko gelditu zait kanpoan eta horrekin zerbait egin nahiko nuke. Baina ez da erraza, dirua eta denbora behar direlako. Hasi eta buka, zeuk bakarrik egin behar izan al duzu dokumentalean lan guztia? Maialen Sarasuarekin egin nuen lehen gidoia, eta ondoren berak asko lagundu dit muntaia egiten. Bestela bai, grabazioak ere neuk egin ditut gehien-gehienak. Zer ikasi duzu Xalbadorri buruz? Nik pertsonaia bat nuen buruan, txistuak txalo bihurtu zituena, izaera berezia zuena; lan honekin pertsona deskubritu dut. Ametsek [Arzallus] esan zidan: «Guk bertsoa antolatzean badakigu gaiari buruz zer esan nahi dugun eta dena bideratzen dugu amaieran ideia indartsu hori ager dadin; Xalbadorren kasuan ez, Xalbador da erreka bat bere bihurgune guztiekin». Alegia, orain esango du A, baina hurrengo bertsoan B. Bere kontraesan guztiak erakusten zituen bertsotan ere, ez zituen ezkutatzen. Hori ikusi dut: batetik, bere gogortasuna duen gizon bat, eta bestetik sentiberatasuna. Pertsona bat, finean. Orain beste zerbaitetan ari zara? Lan arinagoak egin nahi ditut. Soslaiak, adibidez. Pare bat bukatuta dauzkat (zizelka.com). Bestetik, orain Katalunian dagoen mugimenduarekin sentitzen dut toki egokian nagoela Euskal Herriarekin zubi lanak egiteko; baina oraindik ez dakit nola.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide