Mari Angeles Artola, bidaia luze batetik bueltan

miriam tamayo 2014ko aza. 26a, 06:30

Ezagutzen al nauzu? Hori da Mari Angeles Artolari gehien egiten dioten galdera. 35 urte pasatu ditu Azpeititik kanpo, eta jendea asko aldatu da ordutik: «Askotan hotzikara txikiak sentitzen ditut. Izan ere, jende asko gerturatzen zait, eta ni ez naiz haietaz gogoratzen», esan du Artolak. Hala ere, «oso babestuta» sentitu dela azpimarratu du azpeitiarrak: «Senideek esan zidatenaren arabera, harrera intimo bat izango zen ailegatu nintzen igandekoa. Baina, autotik atera eta jende pila bat zegoela ikusi nuen. Ahizpa eta iloba besoetatik heldu eta aurrera jarraitu genuen. Oso harrituta geratu nintzen». Lehen egunaren ondoren guztia «bere onera» etortzen ari dela dio Artolak. Izan ere, pixkanaka Azpeitiko txoko eta bazter guztiak berraurkitzen ari da: «Azpeitian etxebizitza asko daudela ohartu naiz; lehen ez zegoen ia ezer. Hala ere, herriko plazak eta nire etxeak ohiko lekuan jarraitzen dute», zehaztu du irribarrez. Diruarena ere aldaketa handia izan da berarentzat. Venezuelara joan aurretik pesetak erabiltzen ziren Azpeitian, eta gaur egun «euroak erabiltzen ikasi behar», dio. 1979an egin zuen ihes Iparraldera. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta Frantziak Venezuelara deportatu zuen 1984an. Gaur egun libre da batetik bestera ibiltzeko. Orain, itzuleran, herrian egon diren mugimenduak azpimarratu nahi ditu: «Oso harrituta nago gaur egun indarkeria matxistaren aurka egiten diren ekitaldiekin. Gure garaian borroka handia suposatzen zuen gai horren inguruko hitzaldiak antolatzeak eta, orain, berriz, munduko gauzarik ohikoena bihurtu da». Herriaz eta familiaz Urte asko igaro arren Artolak ez du Azpeitiko hizkera galdu, baina komunikabideetan erabiltzen den euskara ulertzeko hainbat arazo dituela azaldu du: «Irratian euskarazko hitz berri asko entzuten ari naiz. Duela 35 urteko euskara ezagutzen dut, eta hitz batzuen esanahiak asmatzen ditut gutxi gorabehera, baina beste batzuetan, ilobak lagundu behar izaten dit horiek ikasten». Euskal Herriko hizkuntzari dagokionez, Artola «oso pozik» dago euskaraz idazten duten hedabideek egin duten ibilbidearekin. Bestetik, harrituta azaldu da Azpeitiko herriak politikoki izan duen aldaketarekin: «Xelebrea da. EAJ alderdia egon da udaletxean urte askotan, eta gaur egun, berriz, beste giro bat dagoela uste dut, beste jende bat». Alde pertsonalari dagokionez, senideengandik urrun egotea «oso gogorra» egin zaio. Kontatu du hilean behin telefonoz hitz egiten zutela, eta bi urtetik behin senideak Venezuelara joaten zirela bisitan: «Eskertzen dut urte hauetan guztietan senideekin harremana mantendu ahal izatea. Une txarrak jasan ditugu, eta senideekin egon garen uneak lagungarri izan dira». Bere ahizpak azpimarratu duenez, hilero egoten dira Mari Angelesen deiaren zain: «Ez daukagu inora deitzeko telefono zenbakirik. Bere deia jaso arte ez dakigu haiek ondo dauden ala ez. Kezka horrekin bizi gara». Artolak argitu duenez, «abentura bat» da Venezuelan telefono bat lortzea: «Herri txiki batean bizi gara, eta telefono bat erabili ahal izateko oso urruti dagoen hiri batera joan behar dugu». Venezuelan «baserritar eskasen moduan» bizi direla dio Artolak: «Ez daukagu gauza handirik, erosketak egitera irteten gara etxetik. Senideek bidaltzen diguten diruari esker bizi gara, eta beraiek ere ez dute diru asko. Haiek ahalegin handiak egin behar izaten dituzte». Itxaropena galdu gabe Iheslarien bizimoduaz galdetuta, bi kasu daudela azaldu du Artolak: «Alde batetik, agiriak legeztatuta dituztenak daude: lana egiteko eta bizitza normal bat izateko aukera dutenak. Beste aldetik, paperak edo agiriak ez dituztenak daude. Hauei bizia erabat aldatzen zaie, agiri faltsuekin ez dutelako etxe bat alokatzeko aukerarik, ezta lana lortzeko ere». Artola gaur egun libre da batetik bestera ibiltzeko, baina hiru hilabete egin eta Venezuelara itzuliko da, bere lagunaren egoera bestelakoa delako. «Gatazka konpontzeko itxaropena edukitzea derrigorrezkoa» dela deritzo Artolak: «Zerbait egin behar da espetxean dagoen jende asko bertan ez usteltzeko eta iheslariek etxetik kanpo ez jarraitzeko», azpimarratu du. Artolaren arabera, jende askok uste du dena konponduta dagoela, baina bera ez da iritzi berekoa: «Oraindik iheslari asko daude beraien herrietara bueltatu ezinda. Beraz, oraindik asko dago konpontzeko». Venezuelara itzultzen denean «lehen bezala» jarraituko duela dio, baina gustatuko litzaioke Azpeitia berriro bisitatzea: «Venezuelatik Azpeitirako bidaia oso garestia da, eta gure senideek bidaltzen digutenarekin bizi gara. Oso gogorra da». Hala ere, orain «oso pozik» dago, eta inguruak bisitatu nahi ditu: «Mugitzeko gogoa daukat. Aurreko batean Errezilen izan ginen, eta zuhaitzek duten kolorea gustatu zitzaidan». Ez da Azpeitiko giroaz eta eguraldiaz ahaztu: «Venezuelan giro tristea egiten duen bakoitzean etxe giroa dagoela esaten dugu», oroitu du. Fisikoki urrun, baina herriaz ondo informatuta sentitu da Artola beti. Izan ere, senideek herriko ia ekitaldi guztien bideoak eta argazkiak bidaltzen dizkiote itsasoz bestaldera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide