Geotermia instalazioari esker ehuneko 80 murriztuko da Azpeitiko igerilekuko gas kontsumoa

miriam tamayo 2014ko aza. 21a, 16:22

Barrenetxe auzoan dagoen iturburua. (Miriam Tamayo/Hitza) Barrenetxe auzoan, trenbide zaharreko pasabidea dagoen iturburuko ura erabiliko dute igerilekuko ura berotzeko eta energia aurrezteko. Hori egin ahal izateko, geotermia instalazioa jarriko dute hurrengo astetik aurrera. Iturburu horretako ura 22-23 gradutan mantentzen da urte osoan, eta 5,5-6 litroko emaria du segunduko. Ur bero horri esker igerilekuko eta dutxatako ura berotuko da eta girotze makinaren energia kontsumoa aurreztuko da. Hiru enpresa ezberdin arduratuko dira instalazio lanak egiteaz: Tarte SL, Ekin eta Fundibide. Geotermia proiektua, Tinko STS enpresak egin du. Alfon Lizarralde Azpeitiko Udaleko teknikariak adierazi duenez, 300 metroko luzera duen hodi isolatu baten bitartez eramango dute ura Barrenetxe auzoko iturburutik igerilekura. Instalazio lanak astelehenean hasiko dira, eta urte amaierarako amaituta egotea aurreikusten dute. Hodi hori igerilekuko sotoan amaituko da, eta bertan bero bonba bat jarriko dute. Bonba horrek uraren berotasuna xurgatu eta horren ondorioz, gas naturalaren galdarak ordezkatuko ditu parte batean. Hau da, bonba horrek ez du igerilekuko gas natural guztia ordezkatuko, atal bat baizik. 6 urtetan amortizatzeko Igerilekuko gas konsumoa 111.380 eurokoa da urtean, eta geotermia instalazioak kopuru hori %80 murriztuko duela dio Lizarraldek: "9.300 euro gastatzen dira hilero, kopuru izugarria da. Hori dela eta, gastu hori murriztea beharrezkoa dela pentsatu dugu, horretarako Barrenetxeko iturburuko ura erabiliko dugu". Igerilekuko gasen galdarak 1.803.000 kilowatt kontsumitzen ditu orduko, eta bero bonba honek kopuru horretako 1.400.000 kilowatt ordezkatuko ditu. Gainontzekoa, berriz, galdarak ematen jarraituko du. Hori dela eta, 23.000 eurokoa izango da igerilekuko urteko gas kontsumoa. 242.000 euroko kostua suposatuko du geotermia sistema instalatzeak, eta Lizarraldek argitu duenez diru hori sei urteetan amortizatuko da. Hala ere, udalak, diru languntzak eskatu dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari: "77.000 euroko diru laguntza jaso dugu aldunditik. Jaurlaritzatik ez dugu dirurik jaso baina aurrerago emateko itxaropena dugu. Diru laguntza guztiak eskuratuz gero, amortizazio epea erdira murriztuko da", azpimarratu du udaleko teknikariak. Udaletik diotenez, energia tarifak aztertzen ari dira kontsumoan gehiago aurreztu ahal izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide