Gomezago, imajinariotik liburura

Baleike 2014ko aza. 12a, 05:17

Frankismoaren amesgaizto amaigabe hartan, Gabonak garai alai eta itxaropentsuak izaten ziren orduko haurrentzat. 1995eko urtarrileko Baleike aldizkariak garai hartan Trabukok, garai hartan haurra zenak, Gabonen inguruan zituen oroitzapenak jasotzen zituen: «Bazkalondoan, herriko neska-mutil kozkor gehienok Goiko Plazan biltzen ginen kanpandorreko ordubietako bueltako kanpaiak hasi zain Gomezagorako. Ohitura hau zalantzarik gabe arrantzale herriarena zen, eta oso antzinatik etorriko zen, ze, gure gurasoak (1900. inguruan jaioak) eta euren gurasoak ere Gomezagon ibiltzen omen ziren. Eta badirudi ohitura hau Zumaian bakarrik ospatzen zela. Gomezago arrantzale hau mendiko Olentzeroren antzekoa da». Abesti bat ere sortu zen Gomezagoren inguruan: Gomezago buru haundi/ Noiz harrapatuko dek arrain hori, / Bart arratseko ordubietan/ Itsasoaren erdian. Oraindik badago ohitura Gabonetan taberna batzuetan abesti hori kantatzeko eta amaieran «itsasoaren erdiannnnnn» horrekin tabernariek intxaurrak eta abelinak botatzen dizkiete abesten dutenei. Denborarekin, orduko haurren gozoki, diru edo fruten bilketan lagun zuten pertsonaia hura taosa artean galdu zen. Orain Josu Waliño zumaiarrak Gomezagoren gutuna ipuina idatzi du, eta hala esan du: «Guk geure haurtzaroan ez genuen ezagutu. Gomezago beste belaunaldi batean existitu zen zerbait zen, galdu zena eta orain eskoletan zerbait lantzen dena, gure haurrek ezagutzen dute eta. Baina abestiaz gain, apenas dakite beste ezer Gomezagori buruz. Ipuina idaztea aukera ona iruditu zitzaidan, pertsonaia indartzeko imajinarioari elementu batzuk gehituz». Alainek, seme txikiak, bultzatuta hasi zuen Waliñok proiektu hau. «Joan den urteko Gabonetan Gipuzkoa Plazan nintzen, Donostian. Olentzero bat eta Mari Domingi bat zeuzkaten han, eta Alain hasi zitzaidan galdezka ea non zegoen bestea. Ez nekien zertaz ari zen, konturatu nintzen arte Gomezagori buruz ari zela. Han ohartu nintzen Zumaiako pertsonaia bat dela, eskoletan lantzen dutela, baina imajinarioan besterik ez dagoela, gero ez dutelako garatzen errealitatean. Olentzeroren panpinak edo marrazkiak badaude, Mari Domingirenak ere bai, baina Gomezago eskoletako geletatik kanpo galdu egiten da. Bere tokia galdu duen Zumaiako pertsonaia bat da». Egoera horri buelta eman nahian, ipuin bat idazteko ideia bururatu zitzaion. Gomezago behin eta berriz ageri da ipuinean, baina ez da protagonista nagusia. «Ez nuen haren historia edo ipuin mitologiko bat kontatu nahi; horretarako, pertsonaia bat asmatu beharko nukeen, eta oinarririk ez nuen». Ipuina beste era batera planteatu zuen: «Kontatzen dut gaur egungo ume batek nola bizi dezakeen Gomezago. Protagonistak haur bat, haren aitona eta beraien inguruan dabiltzan pertsonaiak dira. Haur horrek Gabonetako gutuna Olentzerori bidali beharrean Gomezagori bidaltzea erabakitzen du. Olentzerori gutun bat bidaltzea erraza da, Zumaiara etortzen delako gutunak jasotzera, baina Gomezagori nola bidaltzen zaizkio gutunak? Non utzi behar dira? Itsasora nola bidaltzen dira gutunak? Nola bidali horretan agertzen da zein zen Gomezago aitonarentzat eta zein zen Zumaian. Elementu horiekin umeentzako Gomezagoren Gabonetako ipuin bat sortu dugu». Gomezagoren irudia Behin ipuina idatzita, pertsonaia eta egoera gorpuzteko garaia heldu zen. «Garbi zegoen marrazkiak Ander Hormazurik egin behar zituela. Herriko artista izanda eta Baleike-ko ilustratzailea, gainera, bera zen aukera logikoena». Anderrek beregain espero baino ardura handiagoa zuela dio Josuk. «Ni hortaz ez nintzen ohartu, baina Roberto Gutierrezek [liburuaren diseinatzaileak] segituan esan zion Anderri kristoren ardura hartzen zuela, bera izango zelako Gomezagori itxura emango ziona, bere garaian ikastolek Olentzero irudikatu zutenean bezala. Hemendik aurrera Zumaian Gomezago irudikatzen den momentuan oinarria Anderrek sortutakoa izango da». Pertsonaiak sortzeko ikertu egin behar izan zuen marrazkigileak. «Ander bueltaka ibili zen gai horrekin. Begira ibili zen garai hartan arrantzaleak nola janzten ziren. Adibidez, nik hasierako testuan jarrita neukan arrantzale txapela zeramala eta Anderrek esan zidan arrantzaleek baserritar txapela janzten zutela. Testuan aldaketak egin behar izan nituen horregatik. Ez hori bakarrik. Ander arakatzen aritu da garai hartan zer nolako arropak janzten zituzten. Probak egin ditu arropa desberdinekin. Beste elementu batzuekin ere jolastu du: bizarra bai, bizarra ez, bibotea bai edo ez... Pentsatu genuen bizarra jarriko bagenio Olentzerorekin lotzen ariko ginela automatikoki. Sudurrarekin ere aritu gara; arrantzaleek sudur handia dutela zioen. Horiek guztiak kontuan izanda sortu du Gomezago». Lana uste baino zailagoa izan dela onartu du Waliñok. «Herritarra izateak sortzen du ardura eta, esan bezala, Gomezagoren irudia sortzen den lehen aldia da. Ez dut esango pertsonaia polemikoa denik, baina horren inguruan badago eztabaida ea Gomezagok egon behar duen edo Olentzerorekin nahikoa den. Guk erabaki dugu pertsonaia bultzatzea». Liburu hau helburu handiagoen lehen pausoa izan daitekeela uste du. «Ander, Roberto eta beste batzuekin hitz eginda, denak iritzi berekoak ziren: honek abiapuntua izan behar zuela. Gomezagoren inguruan elementu gehiago sortu behar dira: antzerkiak, marrazki lehiaketak... Liburu hau abiapuntua izan daiteke Zumaian figura errekuperatzen joateko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide