Azkoitiko eta Azpeitiko Ezkutuko Altxorrak ezagutzeko bisita gidatuak

Ane Olaizola 2014ko urr. 14a, 05:32

Udazkenari bultzada turistikoa emateko asmoz, Ezkutuko Altxorrak egitasmoa abiatu dute Iraurgi Lantzen-ek, Urola Garaiko Garapenerako Agentziak eta Debagoieneko Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. «Ignaziotar lurraldea sakon-sakonean ezagutzeko» asmoz, bisita gidatuak egingo dituzte Urola Erdiko, Debagoienako eta Urola Garaiko 16 lekuetara, «XVI. mendea eta Loiolako San Inazio ardatz moduan hartuta». Bailaran, Azkoitian eta Azpeitian abiatu dituzte bisitak. Antolatzaileen arabera, «lurraldeari «estuki» lotutako baliabide historiko, artistiko eta kulturalak ezagutu ahal izango dituzte bisitariek nahiz bailarako biztanleek. «Normalean ez dira ikusten, ez daudelako jendearentzat irekita edo ez dagoelako haiek erakusteko baliabiderik». Igandean, Madalenan Azkoitian, esaterako, San Jose ermita eta Iraurgiko San Martin ermita ikusi ahal izango dira, eta Azpeitian Madalenako Ospitalean egingo dituzte bisitak. Hain zuzen, larunbatean izan zen lehenengo bisita Azpeitian, eta bertaratu zirenek Sebastian Donearen Eliza Nagusian dagoen Bakardadeko Kaperaren nondik norakoak ezagutu ahal izan zituzten. Asteburu honetan jarraituko dute bisitek; igandean eta abenduaren 13an, Azpeitiko Madalenako Ospitalea ezagutu ahal izango da, 12:00etan. Azkoitikoei dagoekienez, Iraurgiko San Martin ermitan azaroaren 15ean eta 23an izango dira bisitak, 12:00etan, eta San Jose ermitan, Errebalean, azaroaren 2an eta abenduaren 7an egingo dituzte, 12:00etan. Bertara joateko, bisitaren aurreko ostiraleko 12:00ak baino lehen egin behar da erreserba, info@tierraignaciana.com edo www.ignaziotarlurraldea.com helbideetara idatzita edo 943-85 11 00 nahiz 943-15 18 78 telefonoetara deituta. Helduek hiru euro ordainduko dute bisita, eta hamabi urtetik beherakoek doan izango dute. «Egitasmo aitzindaria» dela azpimarratu dute antolatzaileek, hiru eskualdeek batera merkaturatzen dutelako euren eskaintza, eta «behe denboraldian» egiten dutelako. Iaz esperientzia pilotu gisa abiatu zuten programa, eta «positiboki» baloratu dute orduko emaitza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide