«Donostian, La Sallen ikasten ari nintzenean hasi nintzen eskubaloian jokatzen. Frontoian pilotan ari ginela etorri eta batzuk aukeratu gintuzten, baloia eman eta horrelaxe hasi ginen», kontatu du Paben Solabarrietak. Zarauztarrak azaldu du ordura arte eskubaloiaren arrastorik ez zuela.
Ordea, Zarauzko Eskubaloi Elkartea sortu zeneko 1965. urteko talde hartan ez zuen jokatu Solabarrietak. «Ez ziguten uzten herriko taldean jokatzen, La Sallerekin jokatu behar izaten genuen. Mikel Pertusa eta biok han aritzen ginen. Gerora, Pertusak Eskubaloiko Espainiako Ohorezko Mailan ere jokatu zuen». Orduan, Zarautzen futbolean aritzen zen, eta Donostian eskubaloian. 18 urterekin futbola utzi eta Zarauzko eskubaloiko taldean hasi zen arte.
Hala ere, Zarauzko eskubaloiaren lehen urte haiek ondo gogoan ditu Solabarrietak: «Jubenilen taldea zegoen orduan, eta Zarautzen jokalekurik ez eta Getarian aritzen ziren. Gero, Zarautzen jokalekua egingo zutela, eta, egin bitartean, denboraldi batean aurreneko itzuliko partida denak etxetik kanpo jokatu zituzten. Baina, bigarren itzulirako ere ez zuten eraiki, eta hurrengo partida denak Donostian jokatu behar izan ziren». Halakoren batean, Munoa txukundu eta han hasi ziren eskubaloiko partidak jokatzen.
Lehen finalak
Koadrila giroan aritu ziren orduan Solabarrieta-eta eskubaloian. «Koadrilako bik jokatzen genuen, eta elkarteko batzordean ere baziren koadrilakoak. Koadrilan zaletasuna zegoen». Hasieran, Pertusak eta Solabarrietak taldekideei zekitena erakusten jarduten zuten: «Gero, kanpoko entrenatzaile bat etorri zen, eta laster kopako final batetara iritsi ginen: Egiaren kontra jokatu eta 14-9 galdu genuen. Hurrengo denboraldian, berriz, kopa Trintxerperen aurka jokatu eta bategatik galdu genuen».
Ondoren, Juantxo Vilarreal izan zuten entrenatzaile, «aurreneko urtean Espainiako Txapelketako finaleko fasea jokatzera joan ginen; ez genuen lortu ordukoan. Baina bai hurrengoan: Zarauzko taldea mailaz igo zen».
31 urtera arte jardun zuen Solabarrietak Zarauzko eskubaloi taldean jokatzen. Denetariko oroitzapenak ditu, baina gehienak onak: «Elkarteak dirurik ez zuen, eta Euromar prest azaldu zen taldearen bidaiak ordaintzeko. Partidetako arbitroak ordaintzeko, berriz, partidetan Munoan pasatutako txapelarekin lortzen genuen».
Zarauzko eskubaloi taldeak gero eta maila hobea zuen, eta Munoan partidak ezin jokatuta gelditu zen. «Geunden mailan egonda Munoan jokatzen ez ziguten uzten, eta Donostian genituen partidak. Kiroldegia noiz egingo jokatzen segitu genuen, baina nik ez nuen ezagutu kiroldegirik», dio Solabarrietak.
Kiroldegia eskubaloiko entrenatzaile gisa ezagutu du; mutilen eta nesken taldeak entrenatuz. «Neskak, Espainiako Ohorezko Mailara ere iritsi ziren».
Nesken ausardia
Zarauzko aurreneko eskubaloi taldeetako jokalariak, zaletasuna zabaldu asmoz, herriko ikastetxeetan ibili ziren ikasleak animatuz. Joxean Gabilondok orduan eman zuen izena eskubaloian jokatzeko: «71-72an berriro jubeniletako talde bat atera zuten, eta ni orduan hasi nintzen eskubaloian. Gustatu egin zitzaidan, eta buru-belarri aritu nintzen». Jokatzen zuen bitartean, talde batzuk ere entrenatzen zituen. Gero, elkarteko batzordean ere aritu zen, eta mutil koskorren eskubaloi txapelketa antolatzen hasi ziren, «Munoan egiten zen, larunbatetan».
1976. urtean neskatoen txapelketa ere antolatzea erabaki zuten, hala azaldu du Gabilondok: «Gaurko ikuspuntutik begiratuta erabat normala da neskak eskubaloian aritzea. Baina, orduan, ez zen horrela ikusten. Ahalegindu ginen eta azkenean 1976-77ko denboraldian herriko txapelketan nesken zortzi taldek parte hartu zuten».
Segidan, hainbat mailatan taldeak osatu, eta, bi denboralditan eskolarteko txapelketek izandako erantzuna eta gero, 1978-79an Zarauzko Eskubaloi Elkarteak federatutako nesken bi talde zituen: kadeteetan bat eta bestea jubeniletan. «Neska batzuk jubeniletatik pasatu egiten ziren adinez, baina izugarrizko ilusioa zuten jokatzeko. Orduan, gurekin entrenatzen segitu zuten, hurrengo denboraldian seniorretako taldean aritzeko. Eta, halaxe izan zen, 79-80an hiru talde genituen: kadeteak, jubenilak eta seniorrak».
Neska haien «ausardia» nabarmendu du Gabilondok: «Garai hartan neska koskor haiek Munoan eskubaloian aritzea, eta jendea ikusten egotea erabat berria zen. Jendeak, gainera, gauza berri bat bezala ikusten zuen. Garai hartan hori pasatu behar izan zuten neska koskor haiek».
Zarauzko neska seniorrek Aieteren kontra 21-5 galdu zutenekoa ere oso gogoan du Gabilondok: «Aiete orduan oso talde ezaguna zen. Zarauzko seniorrek, berriz, lehen urtea zuten. Galdu ondoren entrenatzaileari erronka bota nion: bost urte barru kontuan hartzeko taldea izango zela gurea. Eta, justu, bost urtera talde hura Espainiako Ohorezko Mailara igo zen».
Denbora gutxian gora
Zarautzen nesken eskubaloiak urte gutxitan gorakada nabarmena izan zuen. «Eskolarteko txapelketak oinarri sendoa hartu zuen, eta urtero-urtero jokalari on batzuk irteten zuten. Karmele Makazaga izan zen aurrenetakoa nabarmendu zena, eta Espainiako selekziora iritsi zen. Beste batzuk ere baziren onak, eta gaur egun aritu izan balira, aurrerago egingo zuketen».
Gabilondo Iruñean bizi da gaur egun, baina eskubaloia jarraitzen du: «Seme batek ere eskubaloian jokatzen du, eta asteburuetan Zarautzera joaten naiz. Ordukoa benetan bizi egin genuen. Gaur egun, garai hartako jokalariak amak dira, eta kiroldegian ikusten ditut, eta bakarren batzuk entrenatzaile bezala ere bai».
Hainbat urtez, emakumeen eskubaloia gizonezkoena baino indartsuago ere egon da. Hala diote Zarauzko Eskubaloi Elkarteko batzordeko Inma Saenz de Santamariak eta Miren Uriak: «Aurreko denboradira arte nesken eskubaloiak indar handiagoa izan du Zarautzen. Mutilen taldeen gorakada azken denboraldietan nabarmendu da. Hor asko egiten dumaila gorenean zein talde dagoen».
Zaletasuna aparretan
Aurreko denboraldia Zarauzko eskubaloiarentzako «oso polita» izan zen: «Zaletuek kiroldegia bete egiten zuten etxeko partidetan, eta atsedenaldietan ikusgarria zen zenbat haur zegoen jokalekuan».
«Haur eta gaztetxoen taldeak entrenatzen lehen taldeetako jokalariak aritzen dira, eta gero haur eta gaztetxo horiek euren entrenatzaileen partidak ikustera joaten dira. Horrek berak gaztetatik eskubaloira jendea erakartzen du», diote elkartekoek.
Eskubaloia bor-bor dago, eta horren erakusle da aurtengo denboraldirako osatu duten talde kopurua: 31. «Aurreko denboraldian baino hiru talde gehiago ditugu», esan du Saenz de Santamariak. «Oraingoa eromena da. Eskubaloian transmisio oso ona egon da, eta orain 500 fitxa inguru daudela jakitea pozgarria da. Zarautzen eskubaloi familia oso handia egin da», dio Solabarrietak.
Jokalariak eta afizioa bai, baina hori guztia ondo antolatzeko azpiegituren falta dagoela diote eskubaloi elkartekoek: «Antonianon, Kiroldegian eta Orokietan entrenatzen dute taldeek; jokalekua erdibanatuta eta kasu batzuetan hiru taldek jokaleku berean entrenatuz. Zarautzen daukagun arazo handiena jokaleku falta da».
Gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeen partidetan ere Kiroldegiko harmailak beteta egoten dira. «Zaletuen erantzuna oso ona da, baina batzutan halabeharrez sarrerako ateak itxi eta jendeari ez diogu utzi sartzen, barrua leporaino beteta zegoelako. Jende asko zutik edo partida ezin ikusita gelditzen da. Iaz pare bat aldiz itxi genituen ateak, eta oraingo denboraldian ere hori gertatuko denaren beldur gara», azaldu du Uriak. Zarauzko Kiroldegiak 800 pertsonarentzako tokia du harmailetan.
Entrenatzaile sare handia ere eskatzen dute 31 taldek. «Inork ez du kobratzen, denek boluntario jarduten dute. Asko senior taldeetakoak dira, baina batzuk ikasten edo lanean dabiltza, eta puzzlea osatzeak nahiko buruhauste ematen dizkigu».
Dagoeneko hasi dute denboraldia. Aurrekoan maila igotzeko zorian egon zen Espainiako Zilarrezko Ohorezko Mailako Amenabar ZKE taldea. Horko jokalaria da David Agirrezabalaga. Aurtengo denboraldia nahiko gaizki hasi dutela dio: «Egia esateko ondo ez dugu hasi, bategatik eta bigatik galduz. Baina, zaleen aldetik jarraipen izugarria daukagu orain ere, animo faltarik ez dugu. Aurreko denboraldikoa parekatzea zaila izango dugu, baina orain daukagun egin beharrekoa astetik asterakoa da». Larunbatean (urriak 11) etxean jokatzekoak dira BM La Rocaren kontra, 19:30ean.
50. urteurrenean murgilduta
Egunean eguneko lanean eta entrenamenduetan, baina Zarauzko Eskubaloi Elkartekoak 50. urteurrena ospatzeko lanean ere ari dira. Horretarako, batzordetik kanpo beste lan talde bat osatu dute. Talde horretan ari da Paben Solabarrieta: «Garai bateko bitxikeria piloa dago, eta horiek biltzea ere bada gure asmoa. Elkarteak 40. urteurrena ospatu zuenean liburu bat atera zen, eta orain hori osatu nahi da. Horrez gain, lagun arteko eskubaloi partidak antolatzeko asmoa daukagu. Orain, hori dena antolatzen eta zehazten ari gara lan taldean».
Zarauzko eskubaloiak hastapenetan talde bakar batek jokatzeko tokirik ez zuen. 50 urteren ondoren, ehunka jokalari ditu, 31 talde eta denek entrenatu eta jokatzeko toki gutxitxo. Hala ere, ilusioz eta pozik lanean segitzeko prest daudela diote eskubaloizaleek.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide