IRITZIA. Bostekoa. Ainhoa Alberdi Duela pare bat aste, denok askotan telebistan ikusi izan duzuen antzerkilari eme batek telefonoz deitu zidan. Badirudi aurtengo Euskal Herriko Antzerkizale Egunean (Bilbon), emakume antzerkilaria, antzerkizalea omentzeko proposamena egon zela. Proposamen honen aurrean, Euskal Herriko antzerkian oso ezaguna den aktore ar batek egundokoak bota omen zituen... Emakumea suminduta zegoen, iraindua sentitu zen, gutxietsia... Dei honek zer pentsatua eman zidan, eta hala non aste horretan bertan nirekin Bostekoa-ren idazkide den Estitxu Elduaienek ere emakumeari buruzko gogoeta bat bota zuen bere idatzian. «Oraindik ere hor gabiltza?», pentsatu nuen. Eta badirudi baietz. Badirudi oraindik ere molde zaharrak itsatsirik daudela gure gizartearen barrenean eta emeek beraien indarra agertzen hasi orduko, batzuetan arrari beldur moduko bat sartzen zaiola, eta ezin duela hori dominatu. Sumina sentitzea zilegi da, beldurra, agresibitatea eta desio sexualaren antzera, beste animaliekin batera partekatzen dugun oinarrizko sena da; adrenalina sortzen du, gorputzak bere izateari eraginiko edozein erasoren aurrean defendatu ahal izateko. Ezkutatzen dugun suminak depresiora eta gaixotasunera garamatza, eta konpondu gabeko suminak, paralisira eta ekintza autosuntsitzaileetara. Oraindik ere topatu ditzakegu emakumeak bere bizitzako arlo askotan suminduta aurkitzen direnak: euren etxeetan, kalean, lantokian, logelan eta enpresetako bilera geletan... Batzuk suminduta daude jada ez direlako ziur sentitzen fisikoki; parkean korrika egiten dutenean, beraien autoak gidatzen dituztenean edo beraien etxeetan daudenean... Beste batzuk beraien zimurren aurrean sumintzen dira, eta zahartzearen errealitatearen aurrean...Beste batzuk bortxaketen aurrean eta sexu estereotipoen aurrean... Beste batzuk sumina sentitzen dute gizonezko baten menpekotasuna sentitzean... Asko eta asko dira arbuiatuak, kanporatuak, abandonatuak edo erotzat hartuak sentitzen direnak... Gizarteko hainbat arlotan emakumearen presentzia egon arren– politikan, ekonomian, korporazioetan eta kirol kantxetan–, patriarkatuaren aztarna oraindik ere nabaria da, eta oso mantso aldatzen doa. Desberdintasun handia dago oraindik sexu berdintasuna aldarrikatzen duen mundu idealaren eta emakumeen bizitza errealen artean. Emakumearen sumina desfase honen aurrean agertzen da, emakumeak dituen espektatibek itxaropena sortzen dute, eta munduaren errealitateak sumin etengabea sortzen du. Emakumeari bere suminak zer itxura duen galdetzen diogunean, ia beti Medusaren irudia etorriko da gogora, ilea sugez osaturik zuen munstro mitologikoa. Gutako askok buru beldurgarri hau oso erosoak ez diren sentimenduekin lotzen dugu. Eta Medusarekin aurrez aurre topo egindakoan, zuzenean begiratzea gaitsetzi eta beste aldera begiratzen dugu: sugez osaturiko bere ile mugikorra ez ikustearren, bere begirada sarkor eta beldurgabea, bere begi haserretuak, bere betagin zorrotzak, bere hatzapar erasokorrak. Bere begirada mozgarria da eta espresioa suminez betea. Bere begiradak gizonak harri bihurtzen ditu. Baina, esan beharra dago, Medusa egun batean emakume ederra izan zela eta emakumeek orokorrean ez dakigu nola iritsi zen Medusa emakumearen iluntasunaren eta amorru suminduaren adierazgarri izatera. Emakumeok ez dakigu Medusari buruz gehiago, bere istorioa Perseoren ikuspuntutik kontatu zelako,gizonezko baten begiradatik, beste behin ere. Beraz, bada garaia Medusa arrisku bat bezala ikustetik emearen suminaren erreinu sekretuaren zaintzaile bezala ikustekoa. Medusari begiratzen dion emakumea ez delako harri bihurtuko, bere begietan norbere minaren islada ikusiko duelako, eta sentimendu hau ikusi eta onartuz, jaiotzaz garen emakumeak bihurtu gaitezkelako; gure barne-indarra eta barne-boterea berreskuratuz. «Zure aurpegia biratu nuen. Nire aurpegia zen. Nigan dagoen sumin jelatua begiratu behar dut. Oh, leku ezkutua, gordea,birrindua! Hau da Medusari zor diodan oparia».