Aurkeztu dute Azpeitiko Baratze Parkea

Urola Kostako Hitza 2014ko ira. 24a, 13:09

[caption id="attachment_110203" align="aligncenter" width="300"]IMG_8582 Kutxabankeko eta Kutxa Ekoguneko ordezkariak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea Baratze Parkearen aurkezpenean (Miriam Tamayo/Hitza)[/caption] Baratze hauek Olatz eta Ikasberri artean daude kokatuta, eta nekazaritza ekologikoan oinarritutakoak dira. Lur sailak bi neurritakoak dira: 40 metro koadrokoak dira Izarraizpe gunekoak eta 85 metro koadrokoak Otzaka gunekoak. Guztira 116 lur sail daude, eta horietatik 85 banatu ditu udalak: 30 erretiratuei eman dizkio eta 26 langabetuei; gainontzeko 29ak herritarrentzat izan dira. Lur sailez gain, baratze honetan lanabesen biltegi gisa erabili ahal izateko etxetxoa ere egongo da. Baratzeak erabiltzeko baimenak urtebeteko epea izango du, eta gehienez beste lau urtetarako luza daiteke. Barazkiak modu ekologikoan ekoiztuko dira, eta horren inguruko ikastaroak ere antolatuko dituztela azaldu dute Ekogunekoek. Kutxa Ekogunea elkarteak «elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen aldeko apustua egiten du», eta Gipuzkoan Baratze Parkea Sarea osatzeko asmoa du probintziako 16 udalerritan. Sare honen bitartez, Kutxa Ekoguneak informazioa eta aholkularitza eskainiko ditu, lur sailen erabiltzaileei zalantzak erantzuteko. Azpeitia egitasmo honetara batu den bederatzigarren herria izan da. Proiektu honen kostua 80.00 eurokoa izan da, eta Kutxabankek bideratu ditu. Gune publiko irekia Beste 3 lur sail talde «berezientzat» gorde dituzte, eta oraindik libre dauden 28ak eskuratzeko izena eman daiteke Azpeitiko udaletxeko Hirigintza Sailean. Egitasmo hau aurrera eraman dutenen arabera, baratzeak banatzerako orduan, erretiratuei eta langabetuei lehentasuna eman zaie. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez, hiru helburu nagusirekin jarri da martxan proiektua. Batetik, herritarren eskaerei erantzuna emateko dela esan du: «Erretiratuek baratzea entretenimendu gisa erabil dezakete, hauen aisialdirako balio duena». Bestetik, «hezkuntza faktorea» azpimarratu du. Izan ere, baratzean dauden produktuak ekologikoak dira, eta hauen balioa sustatzea oso garrantzitsua dela dio: «Lehen sektoreak garrantzia handia dauka gure bailaran, eta ekimen honekin herritarrei bertako produktuak jasangarriak direla erakutsi diezaiokegu». Baratze parkea gune publiko irekia dela esan du Etxeberriak. Proiektu honek erraztuko du herritarrek lagunak egitea,  eta elkarlana ere bultzatuko du. «Baratzeak aurrera eraman ahal izateko erabiltzaileek Ekogunearen laguntza izago dute, baina hala ere, herritarrak beraiek izango dira kudeatzaileak». Mikel Insausti Kutxa Ekoguneko zuzendariak ere hartu du hitza: «Ez da erraza izan proiektu hau aurrera ateratzea, baina azkenean lortu dugu». Intsaustik gaineratu du baratze ekologikoa sustatzeaz gain, ohitura eta elikadura osasuntsuak bultzatzea dutela helburu: «Topaguneak sortzea nahi dugu, baratzen erabiltzaileek elkarren ondoan lana egiteko aukera izan dezaten», azpimarratu du. Guztiei zuzendutako proiektua dela eta Azpeitiko kasuan irizpide sozial garrantzitsua duela iritzi diote Kutxa Ekoguneko arduradunek.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide