[caption id="attachment_110031" align="aligncenter" width="300"]

Film laburreko irudi batean Nagore Aranburu eta Ainere Tolosa.[/caption]
Zarautzen erosi zuen film laburra estreinatu berri dute Donostiako Zinemaldian, eta astean zehar ikusteko aukera izango da. Proiektuan parte hartu dutenen artean Nagore Aranburu azpeitiarraz gainera, Getariako bizilagun Ainere Tolosa dago.
Ostiralean estreinatu zuten Zinemaldian, eta aste honetan zehar hainbat alditan pantailaratuko dute Aitor Arregik zuzendutako
Zarautzen erosi zuen film laburra. Ainere Tolosa (Zizurkil, 1979) da ekoizpenean lan egin duen aktoreetako bat.
Kimuak-en katalogoan dago filma, eta egunotan Zinemaldian dago ikusgai estreinakoz.
Bai, hala da. Duela astebete ikusi genuen geuk lehen aldiz, eta oraindik gauza batzuk aldatu behar zizkioten. Labetik atera berria da. Kimuak katalogorako aukeratu dute, eta oso pozik nago. Gainera, film labur batean parte hartu dudan lehen aldia izan da honakoa. Aurretik ere atera zitzaizkidan proiektuak, baina lanagatik ezezkoa eman behar izan nien. Kasu honetan, animatu egin naiz, eta begira zeinen zorte ona izan dudan. Lan txukuna egin dute; 16 minutuko film bat da, eta ongi kontatuta dagorioa.
Zarautzen erosi zuen da film laburraren izenburua. Xelebrea egin al zitzaizun bertan parte hartzeko proposamena jaso zenuenean?
Bai. Irakurri nuenean pentsatu nuen benetan gertatutako zerbait izango zela, Zarautzen gertatu ote zen... Nonbait, istorioa egiazkoa da. Ez da, noski, Zarautzen gertatutakoa, baina izan zitekeen.
Izenburua izenburu, ez da Zarautzen gertatu eta, filmatu ere, ez duzue Zarautzen filmatu.
Tolosan filmatu genuen. Zuzendariak berak esan zigun beste herri batean gertatutako pasadizoa zela, baina nahiago dut ez argitu, agian norbait identifikatuta sentituko delako. Zarautz izan da, beste herri bat jartzearren. Kasualitatez, edo. Herriz aldatzeko aitzakiarekin, edo.
Kasualitatea ala ez, eskualdeko aktore batzuk batu ditu film laburrak. Zer moduzko esperientzia izan da Esti Curiel, Xabier San Sebastian eta Nagore Aranbururekin lan egitea?
Oso ondo moldatu gara. San Sebastian ez dut topatu, nire pertsonaiak ez zuelako berearekin bat egin errodatzerakoan. Nagorerenarekin, aldiz, bai. Hura dendaria da, eta ni bere dendara sartu eta alkandora probatzen duena. Niretzako esperientzia oso ona izan da. Aurretik Nagorerekin lana egina nuen, bai
Wazemank-en, bai
Noaoa-n, eta, alde horretatik, lasai antzera nengoen.
Alkandora probatzera dendara sartuko dena zara filmean, baina zer paper jokatuko duzu?
Mirenek (Nagore Aranburuk) arropa denda bat dauka, eta nik alkandora pare bat probatuko ditut bertan. Dendariari irudituko zaio alkandora horietako bat lapurtu egin diodala. Erabat tematuko da, eta kaletik ikusten nauenean ez nau bakean utziko. Dendariaren izaera eta bizitzen ari den egoera nahastu egingo dira, eta azkenean zalantzan jarriko du nire pertsonaiak benetan lapurreta egin ote dion ala ez. Nire papera, besterik gabe, alkandorak probatzera dendara sartzen den emakumearena da. Jaione du izena, eta udaletxeko bulego batean lan egiten duen langile arrunt bat da. Filmean ez da azalpen gehiegirik ematen nire paperaren inguruan, protagonista nagusia Nagorerena delako.
Noiz errodatu zenuten?
Martxoan filmatu genuen. Tolosako Inauterietako igandean filmatu behar genuenez, hantxe eman genion hasiera errodatze prozesuari. Sekulako beldurrarekin geunden, jende pila bat zebilelako, baina, egia esan, zortea izan genuen. Hainbeste jende mozorrotuta zegoenez, asko ez zen jabetu film labur bat egiten ari ginenik. Ausart samarra izan zen, batik bat audioagatik, eta hasiera batean ahotsa bikoiztu beharko genuela uste genuen. Zorionez, ez zen hala izan. Inauterien ondoren, beste bi astez jarraitu zuen filmaketak Tolosan bertan. Ondoren, Mirenen etxeko irudiak Donostian hartu genituen.