[caption id="attachment_109304" align="aligncenter" width="300"]

Mikel Astarloza, Aitor Manterola eta Martxel Toledo solasaldian (Gorka Zabaleta/Baleike).[/caption]
ESAITeko (Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldea) sortzaileetako bat da Martxel Toledo; Euskalteleko txirrindulari ohia Mikel Astarloza. Euskal selekzioen gaiak dauzkan arantza nagusiak mahai gainean jarri dituzte aste honetan Zumaian Aitor Manterola kirol kazetariak zirikatuta, Hamaika arrazoi independentziarako zikloko lehen saioan.
Gaur egungo egoera
Gaur egun euskal selekzio ofizialak daude hainbat kiroletan: sokatiran, segan, surf kayakean, wushu-n… «Urrats batzuk egin dira, baina futbolean ez dago euskal selekzio ofizialik. Eta futbolean ez badago, badirudi ez dagoela ezer. Nik esango nuke kontzientziazio mailan asko aurreratu dugula, baina selekzioak lortzeko bidean ez hainbeste», esan du Toledok.
Oztopoa, politikoa
Independentzia lortu gabe ofizialtasuna posible ote den galdetuta, oztopo juridikorik ez dagoela azpimarratu du Toledok: «Posible, posible da. Baina, gaztelaniazko esaera erabilita, Elizarekin egin dugu topo, Espainiarekin eta Frantziarekin, alegia. Gure selekzioei ofizialtasuna ukatzeko bi arrazoi ematen ditu etsaiak. Lehena da ez garela estatu, beraz ez dugula eskubide hori. Hori faltsua da, 40tik gora selekzio baitaude munduan estaturik ez dutenak: Groenlandia, Feroe Irlak, Gibraltar, Gales… Bigarrena da liga propioak sortu beharko genituzkeela. Hori ere gezurra da. Andorrak Espainiako ligan jokatzen du eta selekzio propioa dauka. Berez, nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzeko baldintza bakarra bete behar da: nazioarteko federazioko kide izatea. Eta horretarako funtsezkoa da estatuak oztoporik ez jartzea, baimentzea». Espainiak federaziorik ez duen kirolen kasuan errazago zabaltzen du atea. «Horiek dira lehen aipatutako kirolen kasua. Baina, adibidez, futbolaren kasuan, ez du sekula onartuko. Beraz, oztopoa ez da juridikoa, politikoa baizik».
Lehentasuna al da?
Oztopoa politikoa den neurrian, ardura handiena politikariei egozten die Toledok. «Madrilera doazenean hemengo kontuak negoziatzera, selekzioen gaia ez dago zerrendan. Abenduan bai, Gabonetako futbol partida gerturatzen denean, orduan interes handia erakusten du PNVk, baina besterik ez». Ezker abertzalearentzat ere badu kritikarik: «Uste dut ezker abertzaleak ere ez diola eman kirolari daukan garrantzia, eta gehiago inplikatu beharko litzatekeela. Euskal selekzioa gure herria nazioartean ezagutzera emateko erakusleihorik onena da».
Kirolarien jarrera
2001eko Munduko Sokatira Txapelketan urrezko domina irabazi zuten Sakana taldeko neskek. Dominari uko egin zioten, Espainiako ikurrak inposatu zizkietelako. Mikel Astarlozak uste du kirolari profesionalaren egoera ez dela erraza: «Oihartzun handiena kirolari profesionalek daukate, baina horiek eskuak lotuta dauzkate askotan, taldeen menpe daude, beken menpe. Esan behar dut euskal futbolariek izan duten jarrera txalotzekoa dela. Batzuek Espainiako taldeetan jokatzen dute eta arazoak izan dituzte euskal selekzioaren alde agertzeagatik. Kirolariek bultzatu behar dute herriak bultzatzen duen heinean. Hori bai, kirolari ohi garenok urrats bat egin beharko genuke aurrera, eta federazioetan lanean hasi, handik eragiteko».