Hernio mendian burdinezko uztai ezagunak falta dira aurreko asteaz geroztik

Ane Olaizola 2014ko ira. 17a, 05:52

ERNIO TONTORRA JENDEZ BETETAHernio mendia bezala, tradizioz eta sinbolismoz betetakoak izan dira hango gailurrera iritsi baino lehen zeuden burdinezko uztaiak eta karratuak, ustez mina kentzeko eta osasuna hobetzeko zuten ahalmenarengatik. Aurreko asteburutik, ordea, falta dira Juan Bautista baselizaren ondoko aro ezagunak, eta horrek mina eragin du hango bizilagunen eta mendizaleen artean. Ohiturari jarraituz, erromeria egunak dituzte iraileko igandeetan, eta Gloria Eskudero Hernioko bizilaguna zintak eta oroigarriak saltzen aritzen da astero. Aurreko ostegunean ikusi zituzten azkenengo aldiz burdinezko uztaiak, eta larunbatean dagoeneko falta ziren. «Lehenengo aldia da uztaiak falta direna; 80 urte inguruko bizilagunek diotenez, 250-300 urte ingurutan egon dira han». Eskuderoren arabera, hainbat oroigarri eta gurutze ere falta dira mendian. Gertaerak azalpenik ez duela esan du Eskuderok, eta aroak kentzeak «ez hanka ez buru» ez duela iritzi dio. Tradizio handiko uztaiak zirenez, jendearengan «mina eta pena» eragin duela esan du Hernioko bizilagunak. «Mendizale askok faltan botatzen dituzte, eta izugarrizko sentimenduarekin hartu dute berria. Iritzi guztietako pertsonak daude, baina, zergatik kendu dituzte? Errespetu kontua da, eta kendu dituenak horretaz hausnartu eta azalpenak eman beharko lituzke, ezkutuan egitea gauza zatarra delako». Hain zuzen, orain uztai berriak jartzea ez dela gauza bera izango irizten dio Eskuderok, «uztaiak jarri zituztenenganako errespetuagatik». Errezilgo Udala ere gertaeraren jakitun da asteburuaz geroztik, baina oraindik ez dute gaia jorratu. Lapurreta Zelatungo bordan Burdinezko uztaiak, gurutzeak, eta plakak ez egoteaz gain, Zelatungo Agirretxe bordan lapurreta egin zuten aurreko igandean, hango jabeek UROLA KOSTAKO HITZA-ri argitu diotenez. Horien arabera, igande gauean gertatu zen lapurreta, eta jatetxeko «janaria, edariak eta hainbat material» lapurtu zizkieten. Gertaeraren unean ez zen inor bordaren barruan, eta jabeek salaketa jarrita dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide