Gutuna: "Bakoitzari berea: bete legea!"

Urola Kostako Hitza 2014ko ira. 3a, 10:41

Urtero legez, nominaren xehetasunak azalduz, gutuna bidaltzen digute etxera. Horrela, akatsik ikusiz gero, erreklamazioa egin dezakegu eta dagokiguna itzultzen digute. “Poltsa betetzeko nolako trikimailuak erabiltzen dituzten” pentsatzen dugu. “Gainera, interesak ez dizkigute ordaintzen” kexatzen gara. Demagun, une batez, onartu bai baina, eguna joan eguna etorri ez dizutela aitortutakoa itzultzen (“aurtengo diru partida amaitu omen da”) eta, gainera, soldata jaisten dizutela, esanez “ez kexatu, badira zu baino okerrago direnak eta”. Gutxienez, haserretu, haserretuko zinateke, eta zer gehiago? Nori eskatuko zenioke laguntza? Bada, horixe da, hain zuzen, euskal preso politikoek eta haien senide eta lagunok bizi duguna. Legez, Euskal Herrian egotea dagokie eta, beren legea betetzen ez dutenez, bete dezaten eskatu diete presoek frantses eta espainiar estatuei. Ordainetan, preso eta senideen bizi baldintzak gogortu dituzte. Horren froga dugu Ekaitz Sirvent zarauztar presoaren egoera. Ekaitz 2009an atxilotu zuten eta, legez, etxetik hurbil dagoen  konplimenduko kartzela batean egon beharko luke. Alabaina, konplimenduko kartzela bezala, Okzitaniako Tarascon udalerrikoa izendatu zioten; etxetik 1.520 kilometrora. Hori gutxi ez eta Tarasconerako bidea luzea izan nonbait, geldialditxo bat egin zuten Marseillako kartzelan. Egun batzuetarako zioten, baina hilabeteak luzatzen ari da geldialdia, inolako irtenbiderik eman gabe. “Tarasconera bidali zuten, Euskal Herritik urruti, baina Marseillan daukate preso, Euskal Herritik urruti ere, arrisku handiko kartzela batean. Ezin dugu ulertu, gogorra da” diote senideek eta lagunek. Horren aurrean, Ekaitzek eta harekin dauden bi euskal preso politikoek plantoak egin dituzte, eta zigor ziegan daude: egun osoz bakartuak, bakarrik funtzionarioekin hitz eginez, aktibitaterik gabe, noizbehinkako arnasbidetzat patio ziztrin bat dutela. Antzeko egoeratan eraginkorra izan denez, gutunak bidaltzen ari gatzaizkie kartzelako zuzendariari eta Frantziako espetxe arduradunari. Beraz, egunotan, adibidez irailaren 6an, goizez, Zarauzko Musika Plazan jarriko ditugun mahaietan eskaera gutuna sinatzeko aukera izango duzu. Gure esku dagoena egin dezagun. Arrate Makazaga Urrutia

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide