Amaia Dorronsoro: "Iturbide kaleko semaforoa plaza ixten denean soilik izango da martxan"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko abu. 7a, 07:20

Larunbatean plaza ibilgailuentzat ixten dutenean, martxan jarriko dute Iturbide kaleko semaforo berria. Auzokoek bakarrik igaro ahalko dute bertatik. Neurriak zalantzak sortu ditu oriotarren artean, eta horiek argitu nahi ditu Amaia Dorronsoro (Orio, 1967) Obra eta Zerbitzu zinegotziak. Iturbide kaleko semaforoak nola funtzionatuko du? Asteburutik aurrera Iturbide kaleko semaforoa plaza ixten denean izango da martxan; Goiko Kalean bizi ez den herritarra semaforora iristen denean, sistemak ibilgailuaren matrikula irakurriko du, argi gorria piztuko da, eta horrek esan nahi du ezingo dela aurrera jarraitu. Goiko Kaleko bizilagunen kasuan, berriz, semaforoa txandakako laranja kolorean jarriko da, eta ibilgailuak Iturbide kaletik barrena igo ahal izango du Goiko Kalera. Astean zehar ere laranjaz izango da semaforoa, eta herritar guztiek pasa ahal izango dute bertatik. Semaforoa ez da inoiz berde kolorean jarriko. Larrialdi kasuetan Goiko Kalera pasatzerik izango al dute herritarrek? Bai. Dena dela, larrialdi kasua esaten dugunean, larrialdi kasuez ari gara. Herritarren batek Goiko Kalean bizi diren familiakoak edo lagunak baditu eta zerbait larria gertatu delako ibilgailuarekin bertara pasa behar badu, horretarako aukera izango du. Sistemak ibilgailuaren matrikula erregistratuko duenez, Udaltzaingoaren bulegotik pasa beharko du ondoren gertatutakoa azaltzeko. Oriotarren artean izango dira, hainbat arazogatik, Goiko Kalera familiakoei erosketa eramatera edo mugikortasun arazoak dituzten pertsonak jasotzera joan behar izaten dutenak. Kasu horietan San Martingo bidetik barrena sartu beharko dute Goiko Kalera. Goiko Kaleko bizilagunak kexatu al dira udalean, plaza ixten denean bertan izaten den zirkulazioa handiagoagatik? Bai. Zenbait taldeka etorri dira udaletxera gaiaz hitz egitera, eta beste zenbait, bakarka. Plaza ixten hasi ginenean hasieran ez zegoen arazorik, baina denbora pasa ahala gero eta jende gehiago hasi zen herritik ateratzeko Dikeko aldapa erabiltzen. Neurketak egin genituen kameren bidez, bizilagunen kexak horrela diren jakiteko, eta arrazoia zutela konturatu ginen, plaza ixten denean minutuko ibilgailu mordoa pasatzen baita Goiko Kalean barrena. Konturatu ginen oinezkoei lehentasuna emateko eta bizilagunen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu behar genituela. Izan ere, ez da ahaztu behar Iturbide kalea eta Kale Nagusia oinezkoei lehentasuna emateko egokituta daudela, eta arrisku egoerak ere gertatu dira. Horren aurrean, hainbat neurri txiki hartu ditugu: abiadura moteltzeko seinaleak eta bereizleak jarri ditugu, esaterako. Hurrengo urratsa, semaforoaz gain Iturbide kalean errepidea eta oinezkoen gunea bereizteko baranda jartzea izango da. Iturbide kalean jarriko duzuen semaforoa ez da herritar guztien gustukoa, ordea. Zer iritzi duzue horretaz? Neurri berriak hartzen direnean zaila izaten da denen gustukoak izatea. Zenbaitek ondo ikusten ez badu ere, gehiengoa Iturbide kalean semaforoa jartzearekin ados dagoela uste dugu. Neurria ez dugu hartu bat-batean. Bi urteko lanketa bat izan da. Konturatu ginen orain arte hartu ditugun neurriak ez direla errespetatu; izan ere, Iturbide kalearen hasieran bizilagunak bakarrik pasa daitezkela dioen seinale bat dago, baina jendeak ez du errespetatzen, eta Goiko Kaletik ibilgailuen zirkulazioa hazten joan da, gainera. Semaforoa iruditu zaizue, beraz, irtenbidea. Bildu eta EAJ adostasun batera iritsi gara, eta semaforoa jartzea iruditu zaigu egokiena. Udaleko bulego teknikoak egindako txostenak ere, egoerari irtenbidea eman behar zitzaiola zehazten zuen. Hainbat alternatiba aztertu ditugu; Dikeko aldapako zirkulazioaren norabidea aldatzea ere aztertu genuen, baina hori egiteko zailtasun teknikoak daude, eta aldapa egokitzeko kostu ekonomiko handia duen obra egin beharko litzateke. Horretaz gain, Dikeko aldapako zirkulazioaren norabidea aldatuz gero, Estropalari eta Pelotari kaleetara iristeko bidea motzagoa izango litzateke, eta uste dugu astegunetan zirkulazioa handitzeko arriskua egongo litzatekeela. Bizilagunen pasaera kontrolatzeko pibote hidraulikoaren aurkera aztertu al duzue? Jende asko bizi da Goiko Kalean, eta larrialdi kasuetan pasaera ahalbidetuko duen sistema jartzea ezinbestekoa dela uste dugu, horregatik aukeratu dugu hesirik gabeko semaforoarena. Pibote hidraulikoak jarriz gero, anbulantziek, suhiltzaileek eta herritarrek Goiko Kalera sarbidea izateko giltza beharko lukete. Neurriari buruzko zalantzak dituzten herritarrek zer egin dezakete? Zalantzak izanez gero, herritarrek Udaltzaingora hots egin dezakete. Bestela, udaletxera deitu 943-830346 telefono zenbakira eta nigatik galdetu dezakete. Oriotarrei azaldu nahi diegu, kasu bereziak daudenean inolako arazorik gabe aztertuko ditugula. Semaforoaren jarraipena egingo al duzue datozen hilabeteetan? Lau hilabete barru balorazioa egingo dugu. Aldaketen aurrean normalean iritzi desberdinak izaten dira, baina pixkanaka ohiturak aldatzen joaten dira, eta hasieran eztabaida sortu zuena, normaltasunaren parte bihurtzen da. Plaza asteburuetan ibilgailuentzat itxi genuenean, esaterako, zenbaiti neurria ez zitzaien gustatu, baina gaur egun herritarrak, oro har, pozik daudela uste dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide