Imanol Garmendia (ezkerrean) eta Ander Zabala Oriora iritsi berritan. Joxemari Olasagasti
Orioko herriak harrera beroa egin zien herenegun arratsaldean 23 urtez azpiko pisu arineko lemazain gabeko lauko munduko txapeldunei, Ander Zabalari eta Imanol Garmendiari. Arraunlariei egindako ongietorrian izan ziren Orioko Udaleko agintariak Beñat Solaberrieta alkatea buru, Orioko Arraunketa Elkarteko presidente Ibon Huegun, 1979an munduko txapeldun izan ziren arraunlari oriotarrak —Dionisio Redondo, Javier Puertas, Andoni Elizalde eta Pello Olasagasti—, eta 1990ean Munduko Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen Ibon Urbieta.
Imanol Garmendia munduko txapeldunak Sasoian.info webguneari emandako elkarrizketan adierazi duenez, «ezustekoa» izan da Munduko Txapelketan urrea horren erraz irabaztea: «Gure estropadak normalean oso estuak izaten dira, segundo baten buruan hiruzpalau ontzi helmugaratzen baitira. Bigarren, hirugarren eta laugarren postuak halaxe erabaki ziren, gainera. Guk, ordea, hiru segundoko aldearekin irabazi genuen, eta horren errenta handiarekin irabaztea ez da batere ohikoa».
Espainiako selekzioarekin, 23 urtez azpiko mailan, pisu arineko lemazain gabeko laukoaren kide dira Garmendia eta Zabala: «Urtebete daramagu laurok batera prestatzen, eta denbora tarte luzea ez da. Beraz, aurrerantzean elkarrekin entrenatzen jarraitzen badugu, edo selekzioak jarraipena ematen badigu, zerbait lortu dezakegula iruditzen zait, dela datozen Olinpiar Jokoetan dela hurrengokoetan».
Absoluturako jauzia
Datorren urtean absolutu mailarako jauzia egingo dute, eta orain horretarako prestatuko direla adierazi du Sasoian.info-n Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak: «Lehenik eta behin absolutuen ontzian sartu beharko dugu. Nahiko osatuta dago, eta zaila izango da, baina horretan saiatuko gara».
Momentuz aulki mugikorrean dabil, eta horretan segitzeko asmoa du Garmendiak, hala ere aurrerago Orioko traineruan aritzeko aukera ez du baztertuta: «Niri dagokidanez, asko gustatuko litzaidake Orioko traineruan arraun egitea. Betidanik jarraitu ditut estropadak, Kontxako Bandera eta Orioko trainerua hor goian, eta nahiko nuke biharko egunean elastiko horiarekin arraun egitea. Momentuz, ordea, aulki mugikorrean nabil buru-belarri».