Duintasuna, zahartzaro duin baten alde

Nerea Uranga 2014ko uzt. 10a, 05:51

Duintasuna plataformako Arrosa Borda azpeitiarra eta Mari Kruz Etxeberria zarauztarra (Nerea Uranga/Hitza). Bizitza duin bat izateko eskubidea da Duintasuna Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen plataformaren aldarri nagusia. Horretarako, «jubilatuta egon arren erretirorik hartu gabe» lanean ari dira Mari Kruz Etxeberria zarauztarra eta Arrosa Borda azpeitiarra, plataformaren barruan. «Adineko guztiok nahi dugu zahartzaro duin bat, eta horren bila goaz. Hori lortzea da gure helburua, eta esperantza ematea», azaldu dute. Adineko pertsonen eskubideak defendatzea dute xede, mobilizatuz. Duintasuna plataformak, Gipuzkoan ez ezik, Hego Euskal Herriko lurralde guztietan funtzionatzen du. LAB sindikatutik sortu zen, baina gaur egun plataforma zabala da. «Asko LAB sindikatuko jubilatuak gara, baina gero eta jende gehiago dator plataformara beste eragile batzuetatik: ESK sindikatutik, STEE-EILAS-etik, baserritarrak...». Gero, lurraldearen barruan eskualdeka ari dira lanean: «Urola Kostan funtzionatzen dugu, eta Azpeitian, Zumaian, Zarautzen eta Orion daude taldeak osatuta». Hilero biltzen dira lurraldeko batzarra egiteko. «Orduan, hilero zer gai landu dugun, horren gaineko aldarrikapena egiten dugu», diote. Herriz herri egiten dituzte mobilizazioak, «ahotsa toki guztietara iristeko». Mobilizazioez gainera, hitzaldiak eta formazio saioak ere egiten dituzte gai desberdinak landuz. Esaterako, Zestoan pentsioen murrizketen inguruan eman zuten hitzaldi bat, eta geriatriari buruzko beste bat ere bai Zarautzen. Baina, aisialdirako tartea ere hartzen dute: «Giro ederra daukagu plataforman». Hala ere, lurraldeka egoera desberdina da Duintasunakoen arabera: «Gipuzkoan sozialki askoz hobeto gaude. Erakundeen aldetik ere kolaborazio dezente daukagu, eta elkarlanean aritzen gara, gure iritzia emanez. Esaterako, iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Adinekoen Aldeko Manifestua atera zuen, eta guk gure ikuspegia eman genuen». «Gu geurea aldarrikatuz» Erretiroa hartuta egon arren, aktibo segitzen dute Etxeberriak eta Bordak. «Erosoagoa da aisialdian gelditu eta kito. Baina, Duintasunan gabiltzan askok elkartasunez egiten dugu, ez premia daukagulako. Kolektiboko partaide gara, eta horregatik ari gara. Dena den, beste eremu batzuetan bezalaxe errelebo askorik ez daukagu, gurean ere jendea oso apal dagoelako. Baina, geu ez bagara mugitzen, jendea ez da jabetzen gure egoeraz, guk ere geure problematika zehatzak ditugula». «Gure oinarrizko eskubideak zeintzuk diren garbi dauzkagu azalduta, eta horiek defendatzeko antolatu gara. Guk diogu gure eskubideen alde geuk egin behar dugula», esan dute. Hala ere, beste eragile batzuekin lanean jarduteko prestutasuna dute, denen indarra batzea beharrezkoa dela uste dutelako. «Guk ez dugu bakarrik egitea helburu; gure horretan jardunez, besteekin ere batu nahi dugu. Zenbait herritan tokiko eragileekin ere batzen ari gara», esan dute. Esaterako, Zarautzen Adinekoen Mahaian parte hartzen dute Duintasunako ordezkariek. «Adinekoen Mahaian gauzak nahiko hasiberri daude oraindik, baina ari gara hor ere herri mailan gauzak lortu nahian», azaldu du Etxeberriak. Murrizketen eragin gordina Krisia dela eta egindako hainbat murrizketek bete-betean jo dituzte jubilatuak eta pentsiodunak. Esaterako, botiken berrordainketaren inguruan hainbat mobilizazio egin dute Duintasunakoek: «Herri guztietan horren kontra sinadurak biltzen jardun genuen, eta 48.000 sinadura lortu genituen». Arrakasta izan zutela diote, «egonezina ikusi da, jendea botiken berrordainketaren aurka dagoela garbi dago». Baina, botiketan bakarrik ez, pentsioak ere «aspalditik izoztuta» dituztela nabarmendu dute Bordak eta Etxeberriak. «Horrek esan nahi du erosteko ahalmena gero eta txikiagoa daukagula, eta hor daukagun higatzea ikaragarria da», diote. Horrez gain, osasun arloan izandako murrizketek ere zuzenean eragiten diete pentsiodunei eta jubilatuei. «Botikenaz gainera, Osakidetzan pertsonal eta bitartekoen aldetik egundoko murrizketak ezartzen ari dira». Osasun arloan duten aldarrikapen bat geriatria zerbitzua sortzearena da. «Haurrentzako pediatria zerbitzua dagoen bezala, guk geriatriako zerbitzua edukitzea da eskatzen duguna». Mendekotasun legean ere kontuak ez dira hoberako. Zaharren egoitzetako langileekin formazio saio bat egin dute Duintasunakoek, eta haien egoera «tamalgarria» dela uste dute. «Gu zaindu behar gaituztenak egoera onean egotea behar dugu, hala geu ondo zainduak izango garelako. Ordea, kontua ez doa bide horretatik, murrizketa handiak dituztelako». Zaintza ona Adinekoek baldintza onetan zainduta egon behar dutela aldarrikatzen du Duintasunak. Gai hori lantzen hasita daude, alor horretan lanean ari diren langileekin-eta hitz eginez. Horrez gain, aurten plataforman batzorde bat ere osatu dute gaia lantzeko eta aztertzeko. Horrekin lotuta, adinekoek jasaten duten tratu txarren gainean ere aritu dira Duintasunan. «Tratu txarrak ez dira gizon-emakumeen artean bakarrik ematen. Eusko Jaurlaritzak adineko pertsonen gainean ematen den tratu txarrei aurre hartzeko dokumentu bat egin zuen 2011n. Aurten, berriz, Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak esan du adinekoek jasandako tratu txarren gaineko 3.000 salaketa egon direla, eta tratu txarren kasuak 13.000 ere izan daitezkeela. Datuak ematen dira, eta hor daude. Baina, horiek nola atzeman eta nola aurre hartu jakiteko, azterketa bat eginda dago». Gaia lantzen ari dira plataforman, eta horri aurre egiten hasteko asmoak badituzte: adinekoen kontrako tratu txarren inguruko protokolo bat egiteko eskatuz eta tratu txarren bat dagoenetan salatzera kalera irteten hasiz. Aurrerako lan ildoak Beraz, egiteko asko dagoelako lanean segitzeko asmoa dute Duintasuna plataformako kideek. Orain, uda sasoian ez dira bilduko, baina irailetik aurrera berriro martxan hasiko dira, euren aldarria kaleratuz. Irailetik aurrera honako oinarriak kontuan hartuta hasiko  dira lanean: pentsioak eta autonomia ekonomikoa bizi baldintza duina bermatzeko; osasunez bizi eta duintasunez hiltzeko eskubidea; eta, bizi kalitatea, autonomiaz bizitzeko eta zahartzaro ona izateko. Bateren batek Duintasuna plataforman jardun nahiko balu, honako telefono zenbakira deitu dezakeela azaldu dute: 943-014416 (Mari Kruz Etxeberria).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide