Jone Urkizu, mendi lasterkaria: "Zenbat eta korrika gehiago egin, are hobeto ezagutzen duzu zeure burua"

Olatz Prat 2014ko uzt. 2a, 05:06

Jone Urkizu mendi lasterkaria (Olatz Prat/Hitza). Mendi lasterketetan dabil azken urteotan Jone Urkizu (Azpeitia, 1979). Ekainaren 14an Gorbea, Anboto eta Aizkorri lotzen dituen Hiru Handiak lasterketan hirugarren postuan helmugaratu zen, eta EhunMiliak dira orain bere helburua. Noiztik eta nondik datorkizu mendian korrikan ibiltzeko zaletasuna? Mendian betidanik ibili naiz, egia esan, beti gustatu izan zait. Baina korrika duela zortzi urte inguru hasi nintzen. Mendi lasterketak probatzen hasi nintzen, eta gustatu egin zitzaidanez, horretan nabil orain. Mendiko lasterketak egiten dituzu gehienbat. Errepidekoak ere bai? Egin izan ditut asfaltoko lasterketak ere, baina oso gogorra egin izan zait. Oso erritmo desberdina eskatzen du, eta artikulazioetarako eta hanketarako gogorra da errepidea; egokiagoa da, niretzat, mendia. Nola entrenatzen duzu? Denboraldiaren edo garaiaren arabera desberdin entrenatzen dut. Neguan errepidean saio gehiago egiten ditut eta gero, eguraldi onak hasten direnean, mendian ordu gehiago egiten hasten naiz. Egunero samar pare bat ordu egiten ditut, korrika ez bada bizikletan. Entrenamendu sendoagoak asteburuetan egiten ditut batez ere. Inguruko mendietan ibiltzen al zara, eta ba al duzu ohitura probak izango diren lekuak ikustera joateko? Normalean hemen inguruko mendietan ibiltzen naiz. Baina, batzuetan gertatzen da hainbeste orduz leku berean ibiltzeaz aspertu egiten dela bat, eta orduan beste leku batzuetara joaten naiz. Zer behar du mendiko lasterkari batek? Lasterketa motaren arabera, ezaugarri batzuk edo beste batzuk eduki behar dituzu. Lasterketa motzetan, indar eta bizkortasun gehiago behar duzu eta luzeetan, berriz, erresistentzia eta burua iraupen luze horietarako prestatuta edukitzea. Izan ere, hainbeste orduz lasterkan ari zarenean, ahultasun fisikoa etortzein zaizu lasterketako momenturen batean: hasieran, erdian ala amaieran, baina etortzen da. Eta mentalki prestatuta egotea gakoa izaten da ahultasun fisiko horri buelta emateko. Hori nola lantzen da? Korrika eginez, azken finean, horrelako zenbat eta lasterketa gehiago egin, zeure burua ezagutzen joaten zara eta une horiek gainditzen ikasten joaten zara. Azken hilabeteetan emaitza oso onak lortu dituzu. Apuko Xtreme irabazi maiatza hasieran, Leitzako erronkan bosgarren eta Hiru Handietan hirugarren. Bai, Leitzakoan ez nintzen oso gustura gelditu, hasieratik nabaritu nuen ez zela nire egunik onena, eta bukatzea izan zen nire helburua. Gero Hiru Handietan ikusi nuen Leitzakoa une jakin bateko zerbait izan zela, eta sentsazio hobeak izan nituen. Zerk eragiten dizu gehien lasterka egiterakoan? Eguraldiari dagokionez, euria ez dut gustuko, baina, beroa ere ez da ona. Hamar ordutik gorako lasterketetan bero egiten duenean likido asko edan behar duzu, eta gero urdailarekin arazoak izan ditzakezu. Aukeran, eguraldi freskoa dut gustukoen, eta xirimiri puntuak ere ez dit molestatzen. Hainbeste orduz mendian korrika, zertan pentsatzen duzu? Lasterketan kontzentratuta joaten naiz, ez naiz bestelako gauza sakonetan pentsatzen joaten. Egia esan, azkar joaten dira orduak korrika ari zarenean. Entrenamenduetan gehiago da egunerokotasunetik deskonektatzea, baina, lasterketetan, horretara egoten naiz. Krisia nabaritu al da lasterketa kopuruan edo haien antolaketan? Ez, kopuruan ugaritzen ari dira behintzat. Eta antolakuntza aldetik, pentsatzen dut gero eta zailagoa izango dela halakoak antolatzea edo laguntzaileak topatzea, baina borondatezko lan pila egiten du jendeak, eta momentuz ez dugu nabaritu. Babeslerik baduzu? Ez, ez daukat. Egia esan, ez naiz inoiz bila ibili eta ez dit inork eskaini ere. Baina, egia esan, ez litzateke gaizki etorriko, oinetakoetan soilik diru asko behar baitugu. Baina, tira, hauxe gustatzen zaigu eta konpentsatzen du. Zein dira zure asmoak orain? Uztailean EhunMiliak proba korrituko dut; horixe nuen, gainera, denboraldiko helburu nagusia, eta ea nola joaten den. Aurten, gainera, lesiorik eta molestia berezirik ez dut izan, eta gustura nabil korrika, eta pentsatzen dut animatuko naizela datorren denboraldian gehiago egitera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide