Aita Miguel Larburu komikiari begira (Izaskun Urbieta/Hitza)
Aita Miguel Larburu zumaiarra 40 urtez bizi izan da Aljerian, aita zuri moduan. Baina orain aurkeztu duen komikia, 1996an gertatutako pasadizo zehatz batean oinarrituta dago. Larburu Aljerian zen 1996an, eta gertutik bizi izan zituen egun haiek. Urte hartan giroa oso nahastuta zegoen Aljerian. Islamistek herrialde hartan egindako sarraskiak mundu osoko komunikabideetan jasotzen ziren. Thibirineko abadian gertatutakoak, baina, isla berezia izan zuen. 1938tik Atlas mendietan kokatuta zegoen abadia hartan sartu ziren islamistak, eta bertan zeuden fraideak bahitu eta hil zituzten: zazpi, denera. Bakarra atera zen bizirik.
Gertaera hori oinarri harturik, 2010ean Xavier Beauvois frantziarrak zuzendutako
Des hommes eta des dieux (gaztelaniaz
De dioses y de hombres) filma estreinatu zen. Canneseko epaimahaiaren sari nagusia irabazi zuen urte hartan. Geroago, izen bereko komikia aurkeztu zuten Dominique Bar, Gaétan Evrard eta Géraldine Gilles belgikarrek. Hain zuzen, komiki honen aurkezpena egin zuen astelehenean Larburuk Zumaian.
Bahiketak eta hilketak
Atlas mendietan kokatzen da Thibirineko abadia. Inguruko biztanleek kooperatibetan egiten zuten lan, eta monasterioko fraideek ere herritarrekin bat egiten zuten ekintza horietan, askoren harridurarako. Herritarrengana hurbiltzen hasi ziren sozialki, lanbidez, ideologikoki. Islamismoak eta kristautasunak elkar ulertzeko bidean.
Baina, bat-batean, 1995eko Gabon Gauean, bisita bat jaso zuten monasterioan. GIAkoak zirela esan zuten (Talde Armatu Islamiarra), eta hiru baldintza onartzea eskatu zuten: Anaia Lucas beraiekin eramatea, mendian zeuden zaurituak berak sendatzea, eta dirua ematea. Christian izeneko fraideak esan zien Anaia Lucas gaixorik zegoela eta ezin zuela handik irten, eta zaurituak ekartzeko monasteriora eta bertan sendatuko zituztela. Dirurik ez zutela ere esan zien. Ez zen ezer gertatu gau hartan. Martxoaren 22an talde batek berriro bisitatu zuen Thibirineko abadia. GIA zela esan izan da, baina ez da gauza ziurra. Kontuak kontu, zazpi fraideak bahitu egin zituzten. «Bi hilabetez egon ziren bahituta, eta maiatzean jakin genuen hil egin zituztela. Nork akabatu zituen? Gaur arte, ez da jakin», esan zuen Larburuk komikiaren aurkezpenean.
Gorpuak ez ziren sekula azaldu, buruak bakarrik. «Ospitale militarrera ekarri zituzten buruak, zazpi kaxatan. Lurrez beterik zeuden, gehiago pisatzeko. Han zegoen argentinar batek esan zuen kaxak irekitzeko. Orduan ikusi zuten soilik buruak zeudela. Inork ez zuen autopsiarik egin».
Urte eta erdian 19 lekaide eta lekaime hil zituzten, lau aita zuri tartean. «Gertaera hori salatzeko manifestaldi garrantzitsu bat egin genuen Aljerian bertan. 3.000 pertsona inguru bildu ginen», gogoratu zuen Larburuk. «19 pertsona horietatik, bi emakumezkoak ziren, eta mutil gazte bat ere bazen», gaineratu zuen.
Espainian, Leongo katedralean egin zuten hiletetako bat, «Estherrena». Larburuk hala azaldu zuen: «Bere aita aldarera igo eta bi gauza esan zituen: barkatuta daude nire alaba hil dutenak, ez dugu gorrotorik. Eta esan aljeriarrei nire alaba zoriontsu egin dutela». Larburuk ideia bera adierazita amaitu zuen hitzaldia: «Ni neu ere zoriontsu bizi izan naiz han».
Euskaraz eta gaztelaniaz
Komikia jatorriz frantsesez idatzita dago, baina Aita Miguel Larburuk ahalbidetu du euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak argitaratzea. «Belgikan nengoela, komiki honek euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak izan behar lituzkeela bururatu zitzaidan. Hala, fundazio batzuen laguntza bilatu nuen itzulpena eta argitalpena egiteko», kontatu zuen zumaiarrak.
1.300 ale kaleratu dituzte bi hizkuntzetan. Euskaraz 400, eta gaztelaniaz 900. Euskarazko itzulpena Arantzazu Azpillaga azpeitiarrak egin du, eta salgai dago jada. Elkar dendetan eros daiteke, eta hitzaldiak ematen dituen tokietan ere salgai jartzen ditu Larburuk. «Nire helburua ez da dirua ateratzea, baina jasotako guztia Thibirineko monasteriora joango da, hango kooperatiban laguntzera». Izan ere, Aljeriako zonalde horretan, gizonek nahiz emakumeek elkarlanean egiten dute aurrera, kooperatibetan antolatuta. «Gauza asko egiten dituzte, baratzea zaindu, eztia egin, josi… Pobrezian bizi dira, eta nola edo hala ateratzen dute bizimodua», gaineratu zuen.