Mare More, kolorez kolore

Urola Kostako Hitza 2014ko eka. 17a, 05:08

Musika, lagunak eta elkarlana batuz, festa giroan aritu ziren  gazte eta heldu Sanjuandegiko lur azpiko pasadizoa kolore morez eta arrosaz margotzen ostegun arratsaldean. Margoketa Iraurgi Ikastetxearen eta Harremonak sexu heziketako eta hezkidetzako aholkularitza taldearen arteko elkarlana izan da. Leire Aranburu Iraurgi Ikastetxeko orientatzaileak kontatu du mamia: «Egitasmo hau, abenduan gertatu zen sexu eraso saiakera baten ondorioz sortu zen. Horren harira, ikasleekin lanketa bat egin zen, gai hau aztertzea beharrezkoa zela pentsatu genuelako». Azpeitiko gune beltzak bilatuz, Sanjuadegiko lur azpiko pasadizoa nagusiena zela konturatu eta zerbait egin behar zutela pentsatu zuten. Gertaera haren ondorioz, ikastetxean bi talde sortu dira Harremonak-en laguntzaz: Batxilergoko 2. mailako neska-mutil batzuek osatutakoa, eta DBH3koek osatutakoa. Mare More izena duen neska taldea da azken hau. Margoketa talde honen ideia izan da: «Jende gehiena bertatik pasatzen da, eta tokiari alaitasuna emateko margotzea bururatu zitzaigun», adierazi dute Mare Moreko neskek. Bi taldeek hartu dute parte margoketan, baita  Sanjuandegiko auzo elkarteko zenbait kidek ere. Gazteek kontatu dutenez, gauetan saiatzen dira auzo berean bizi diren neskak elkarrekin itzultzen etxera, baina batzuetan, gainerako lagunak lehenago edo beranduago etxeratzen dira. Eta horrelakoetan beldurra handiagotzen da, eta nahiago dute Sanjuandegiko azpiko pasadizoa erabili beharrean errepidea zeharkatu. Horrek dakarren arriskuarekin. Harremonak taldearen lana Mare More taldeak, lur azpiko pasadizotik pasatzera animatu nahi du jendea beraien lana ikusteko eta gune horri beldurrik ez izateko. Azpeitian udaleko Parekidetasun Sailetik hezkidetza egitasmo bat dago martxan. Arremanitz elkarteak sortuta, ikastetxeetan Harremonak programa dute, eta bertan hezkidetza eta sexu heziketa gaiak lantzen dituzte ikasleekin. Haizea Egiguren izan da Mare More neskekin gaia landu duena. Mireia Agirre, berriz, Iraurgi Ikastetxeko Batxilergoko 2. mailako ikasleen hezitzailea izan da. «Ikastetxeak zenbait saio antolatu zituen eta bertan ezagutu genituen ikasleak. Jarrera baikorra eta parte-hartzailea izan dute beti. Azken finean, guztia beraiek egin dute, gu beraien ondoan egon gara», esan du Egigurenek. «Hainbat gairekiko sentikortasun handia du taldeak», azpimarratu du Agirrek. Horregatik, datorren ikasturtean talde horiek jarraitzea nahiko lukete bai hezitzaileek, bai ikasleek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide