IRITZIA: Nostalgia

Urola Kostako Hitza 2014ko eka. 12a, 05:14

IRITZIA. BOSTEKOA. Jesus Mari Olaizola Txiliku Joan den asteburuan ikastolara joatea egokitu zait; joan eta etorriko eginkizun bat egitea besterik ez, baina nahikoa aspaldiko kontuak burura ekartzeko. Jendea erruz zebilen eskailera, jolasleku eta zoko-bazterretan. Batzuk jolaslekuan ari ziren mahaiak atontzen; beste batzuk pertza handiekin hasiak ziren bazkaria prestatzen eta janari usaina sumatzen zen, ogi-koxkor bat ontzi handi haietan sartu eta hamaiketakoa egiten hasteko adina. Mila eta laurehun bazkaritik gora banatu omen ziren ikastola-bazkarian egun horretan, eta norbaitek astindu beharko zituen pertzak jendeak zer jan izan zezan. Jende asko beheko jolaslekuetako harmailetan zegoen, eserita edo zutik, hainbat argazki-kamerak eta bideoak eskuetan, behean serio-demonio beren emanaldia egiten ari ziren ikasleei begira. Nik une batez ikusi nituenak ume-moko batzuk ziren, garai bateko Lazaroven dantzariak baino arreta handiagoarekin abesten eta dantzatzen. –Isilago hitz egin ezazue –egin ziguten abisu, niri eta nirekin ari zenari–, dena entzuten da eta. Ez nuen denbora askorik izan ondo ikusteko zer zen ume haiek guztiak halako ahaleginekin egiten ari zirena, baina alde egin baino lehenago korridore, gela eta eskaileretatik zetozen trogloditak, japoniarrak, beltzak eta beste hainbat gizaki exotiko ikusteko aukera izan nuen. Iñurritzatik urruntzen nindoan heinean, denboran ere atzera joaten hasi nintzen eta berrogei urte aurreragoko Pilartxo-eneako garajea etorri zitzaidan oroimenera. Han ezagutu nituen Zarauzko ikastolako nire ikasle zaharrenak. Mundu zabalera abiatzeko unean zeuden zortzigarren mailako txorikume haiek ez omen zuten marrazketa teknikoaren berri handirik, eta Andu zuzendariak pentsatu zuen hori ere ikastea ez litzaiekeela gaizki etorriko. Beraz, astean behin, ordubetez, goiko pisutik jaisten nintzen beheko garajera plastikozko konpas, eskuaira, kartaboi eta erregelekin eta han aritzen nintzen ikasle haiei erakutsi nahiz zer ziren errotulazioa, akotazioa eta ez dakit beste zer. Ez dakit haietako norbaiti baliagarria izan zaion nik orduan erakutsitakoa, eta inork erabili ote duen, gela hartatik kanpo, marrazketa-luma edo errotulatzekoa. Baina nik oraindik gogoan ditut. Gogoan dut nola sartzen nintzen listua irentsiz ordurako ni baino handiagoak ziren bi dozena mutikote eta dozena bat neska-puska haiengana, pentsatuz ea nola moldatuko nintzen haiei lana eragiten, nola adierazi guk izan ez genuen heziketa izatea nahi genuela: euskaraz eta libre izateko baliagarri izango zitzaien heziketa. Asko ikasi nuen nire lehenengo ikasleekin: euskara (haien aurrean lotsagarri ez geratu nahiak ikaragarri azkar alfabetatzen laguntzen du), neska-mutilen arteko harreman orekatuagoa (neskek futbolean zein ondo egiten zuten harritu ninduen), irakaslearen eta ikaslearen arteko hurbiltasun/agintea markatzen… Pentsatzen dut gauza guztiak ez zirela eztia bezain leun joango. Behin, gelara sartu eta denak eser zitezen saiatzen ari nintzela, hamahiru urterekin ere ni baino handiagoa zen ikasle bat etorri zitzaidan eta «pum, estás muerto» esan zidan, «bale, baina eseri hadi behingoz!», eta eseri egin zen. Nerabe haiek aurten berrogeita hamahiru urte egingo dituzte, eta oraindik ere irribarre batekin gogoratzen ditut Pilartxo-eneako garaje zahar hartan ikusten ditudanean. Badakit aurreko bost aste horietan gauza asko gertatu direla, eta agian hondartzara kanpotik ekarritako harea arrotzez, edo igandean hainbat euskaldun elkartzera (behingoz!) bultza gaituen Gure esku dago! plataformak antolatutako ekitaldia aipatu beharko nituela, baina egia esatea nahi baduzue, nostalgiak menderatu nau, eta nostalgiari atea ireki behar zaio noizbehinka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide