Zumaiako industrializazioaren 10 mugarriak

Baleike 2014ko mai. 28a, 06:00

Aurrena, geologia Kare buztintsuak, margokareak eta tuparriak dira nagusi Urola Beheko geologian, zementugintzarako eskaera handia zuten materialak, hain zuzen ere. Iraetara lanera etorritako ingelesak ohartu ziren Ibañarrietako harrobien kalitateaz, eta bertako lagun batzuk animatu zituzten probak egitera: harriak kare labeetan erre eta gero oletan ehotzera. Horrela, 1838. urtearen inguruan hasi zen zementugintza Zumaian, lehen gerra karlistaren garaian. Lehen fabrikak Hasieran labe eta ola zaharretan egiten zen zementua, lehendik zeuden azpiegiturak aprobetxatuta. Corta y Compañia izan zen Gipuzkoako lehena, 1846. urtean. Lehen fabrika modernoa, berriz, 1858an sortu zuen Eusebio Gurrutxagak: Nuestra Señora de los Dolores. Lantegi berria eraiki zuen, eta bertan bildu zituen zementua egiteko behar diren prozesu guztiak. Eredu hari jarraituz eraiki ziren beste bost fabrika XIX. mendearen azkenaldera. Cemento Zumaya Zementu naturala, kare hidraulikoa bezala ere ezaguna, hortik dator euskaraz erabiltzen zen hiraulika izena, XIX. mendearen bigarren erdian Urola Beheko produktu izarra zen. Zestoako eta Zumaiako udalerrietan kokatu zen zementugintza industria indartsu baten sorrera ahalbidetu zuen. Urola Beheko zementu naturalak prestigio handia lortu zuen, eta Cemento Zumaya deiturarekin ezagutzen zen merkatuan. Zementugintzaren premiak bultzatuta, Zumaiako portuan hobekuntzak egin ziren, eta horrek bizitza eman zion Zumaiari. Ekonomiaren motorra izan zen zementua. Zaku fabrika Eusebio Gurrutxagarekin batera, Zumaiaren industrializazio prozesuan beste izen aipagarri bat Agustin Arbillagarena izan zen. Arbillagak zaku fabrika bat eraiki zuen Ondartxon (1899-1921). Lehen zementua barriketan garraiatzen zen, baina ordutik aurrera Arbillagaren zakuak erabiliko ziren. Ontzigintzaren pizkundea Ontzigintza sektore ekonomiko garrantzitsua izan da Zumaian antzinatik. XVI. mendean loraldia ezagutu zuen, ontziola asko zeuden Urolaren itsasadarrean, baina XVII. mendearen azken laurdenean asko jaitsi zen produkzioa, ia erabat desagertzeraino. XX. mendearen atarian piztu zen berriro, batik bat zementugintzak eta industrializazioak sortu zituen premia berriak bultzatuta. Eraso eta Balenciaga Industrializaio garaiko lehen ontzigileen artean, oso garrantzitsua izan zen Eraso y Compañía. Zumaian 1925era arte egon zen, eta gero Pasaiara alde egin zuen. Baporeak egiten lehena izan zen. Hala ere, guztien artean garrantzitsuena Balenciaga izan da, ia ehun urteko ibilbidearen ondoren mundu mailako merkatu gogorrean arrakastaz lehiatzen segitzen baitu. Balenciaga da bizirik gelditzen den ontziola bakarra, baina 13 egon ziren XX. mendearen lehen erdian. Motorgintza Belatik propultsio mekanikora pasatzea aurrerakada nabarmena izan zen nabigazioan, eta horrek industria-jarduera berri bat ekarri zuen Zumaiara: XX. mendearen hasieran, lurrun-makinak eta barne konbustioko motorrak egiten hasi ziren. Horrek osatu zuen industria mekaniko garrantzitsu baten oinarria, eta haren gainean eraiki zen, neurri batean, herriaren garapen industriala eta ekonomikoa. Yeregitarrak aitzindari Barne-konbustioko motorra lurrun-makina baztertzen joan zen pixkanaka, eta garapen handiagoa izan zuen herriko industria jardueran. Yeregui y Compañía, Calixto Yeregiren gidaritzapean, aitzindaria izan zen motorrak ekoizten. 1907. urtean egin zuten eztanda-motorren lehen prototipoa. Yeregitarrekin batera, Carmelo Unanue, eta gerora Guascor eta Dresser-Rand izan dira aipagarrienak sektorean. Makina-erreminta: Otto Holke 1935ean sortu zuen Otto Holke alemaniarrak makina-erremintaren alorrean aitzindaria izan zen lehen enpresa. Lantegia Etxezarreta kalean zeukan, Talleres Askar enpresari erositako instalazioetan, eta fresatzeko makinak egiten zituzten. Enpresa hura langile kalifikatuak prestatzeko zentro garrantzitsu bat izan zen. 1994. urtean eten zuen bere jarduna. Lanbide Eskola 1952-1953 ikasturtean jarri zuten martxan Zumaiako Lanbide Eskola, zumaiarren ekimenez. Ordura arte, lanbide bat ikasteko modu bakarra lanean hastea zen 13 urterekin, ofizial baten ondoan. Eskolak 1983-1984 ikasturtera arte jarraitu zuen martxan Zumaian. Hogeitamar urteko jardueran, 13 eta 17 urte bitarteko 1.786 gazte pasa ziren bere ikasgelatatik eta tailerretatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide