Gure Esku Dagoko zortzi talde daude Urola Kosta eskualdean (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea egingo da ekainaren 8an, Durango eta Iruñea artean. 123 kilometro. Ibilbidea osatzeko 50.000 pertsona behar dira, 400 pertsona kilometroko. Baina, «kopurua bikoiztu» egingo delakoan daude eskualdeko herrietan lanean ari diren Gure Esku Dago taldeetako kideak: «Gure herrietan jarritako helburuak betetzen ari gara, eta orain erronka handiagoa jarri dugu». Joan den astebururako Urola Kostako eskualdean 2.000 lagunek baino gehiagok zuten izena emanda. Azpeitian, esaterako, 800 lagunek zuten metroa erosita, eta mila baietz erronkari heldu diote orain. Zarauztarrek ere, erronka horixe jarri dute; 550 zituzten lortuta pasa den astean.
Giza katean lau kilometro izango ditu
Urola Kostak Zumarraga-Urretxun hasi eta Ezkio-Itsaso artean. 43. kilometrotik 47. kilometrora artean egongo dira: zarauztarrak 43. kilometroan, Urretxun; azkoitiarrak 45.ean; azpeitiarrak 45. eta 46. kilometroetan, Zumarraga eta Ezkio-Itsaso artean; zestoarrak 46. ean; eta, 47.ean, Ezkio-Itsason, zumaiarrak, getariarrak eta aizarnazabaldarrak. Oriotarrek oraindik ez dakite zein kilometro tokatuko zaien beraiei.
Giza katea 12:00etatik 12:30ak artean da. Baina, Gure Esku Dago mugimendutik adierazi denez, parte hartu behar dutenek lehenagotik egon behar dute giza katearen tokian, 10:30ak ingururako. Giza katea bukatzen denean, egunpasa egiteko aukera eskainiz bost gunetan festa giroko ekitaldiak egongo dira.
Herrietan taldeak sortzen
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago mugimendua iazko ekainean aurkeztu zuten, Irungo Ficoban. Ordutik, herrietan Gure Esku Dago taldeak sortzen joan dira: Urola Kostan zortzi herritan daude taldeak lanean.
Azpeitian sortu zen aurrenekoa: «Irunen aurkeztu ondoren, iazko ekainaren bukaeran Angel Oiarbide Azpeitira etorri zen hitzaldia ematera, mugimenduaren berri emanez». Orduan, gaur egun taldekide diren batzuk harremanetan jarri ziren, eta Azpeitiko taldea sortu zuten. «Hasieran bost kide ginen, eta poliki-poliki taldea handitu egin da, gaur egun 20-22 lagun gaude», esan du taldekide den Josu Alberok. Talde dinamika «biziarekin» joan den irailetik ari dira, hainbat ekintza antolatuz. Besteak beste, hitzaldi zikloa eta Soreasun Eskuz Esku ekitaldia egin dituzte. «Soreasu bete egin zen. Guretzako ez zen erronka makala 550 pertsona biltzea. Kostatuko zitzaigula pentsatzen genuen, baina bete egin zen, eta pozik gelditu ginen».
Azpeitiko taldearen atzetik etorri zen
Zarauzkoa, urria bukaera aldera. Taldean iraunkorki lanean hamar lagun inguru biltzen dira. Zarautzen ere erabakitze eskubidearen aldeko ekintza ikusgarri eta jendetsu bat egin zuten: otsailaren 8an, 650 pertsonek ikurrina erraldoi bat osatu zuten Munoa plazan. Horrez gain, martxoaren 16an 200 pertsona inguruko bizikleta martxa egin zuten.
Beste herrietan ondoren joan dira taldeak sortzen:
Zumaian abenduan 10-12 lagun hasi ziren biltzen. Lehen ekitaldia otsailean egin zuten Zumaiako talde eta eragiletako kideekin argazki erraldoia aterata. Ordutik, hilero egin dute Gure Esku Dago mugimendua ezagutarazteko ekitaldiren bat: martxoan, pantaila jarri zuten Erribera kalean bideoa-eta ikusteko; apirilean,
Gazta Zati Bat dokumentala eman zuten Alondegian; santelmoetan, giza katea eta kantu jira egin zituzten. Orain, berriz, Zumaiako etxe guztietara giza katean parte hartzeko gonbidapena bidaliko dute.
Azkoitian ere urtarrilean hasi ziren mugimendua herriratzeko lanean. «Azkoitiko taldea sortzen iazko azaroan hasi ginen, baina benetako martxa urtarrilean hartu genuen». Talde finkoa bost lagunekoa da, baina inguruan laguntzeko prest dauden beste batzuk ere badituzte. Era askotako ekintzak egin dituzte Azkoitian ere: esaterako, joan den asteburuan kultur kalejira egin zuten.
Azkoitiaren eta Zumaiaren atzetik sortu zuten
Getarian Gure Esku Dago taldea, urtarrilean. Talde finkoa jendetsua dute, 25 lagun ingurukoa. Martxoan aurkeztu zuten, eta ordutik esku lanak, kantu jira eta hainbat ekintza egin dituzte giza katea eta dinamika ezagutarazteko.
Orain hiru hilabete hasi ziren
Zestoan biltzen; gutxi batzuk hasieran, baina denboraren poderioz taldea handitzen joan da. Aurrena, etxez etxe eta kalean Gure Esku Dago dinamikaren berri eman zuten, eta ondoren «erroetara» jo zuten: Zestoara Jon Maia gonbidatuz eta
Gazta Zati Bat dokumentala emanez. Ekitaldi nagusia, ordea, larunbaterako antolatu dute: Gure Esku Dago Eguna. «Ehunka lagun elkartzea aurreikusten dugu egun horretan», esan dute Zestoako taldekideek. Herriko jendearekin bideo bat ere filmatu dute, eta etzi, erabakitzeko eskubidearen inguruko festa egunean, ezagutaraziko dute. 18:00etan hasiko dira plazatik giza katea sortzen. Gero, bukatzeko, mosaiko bat osatuko dute plazan. Bertan, herriko tabernariek eta elkarte gastronomikoek emanda mokadutxo bat egiteko aukera izango da. Bukatzeko, berriz, erromeria izango da.
Aizarnazabalen Gure Esku Dago taldea ostiralean aurkeztu zuten. Hauek ere, larunbaterako festa eguna dute antolatuta.Arratsaldean izango dira ekitaldiak, 17:00etan hasita. Haurrentzako jolasak eta txokolate jana, triki poteoa, Uztarrin herri afaria eta kontzertuak antolatu dituzte Gure Esku Dago Egunerako.
Orion, azkenik, taldea maiatzaren 30ean aurkeztuko dute. Baina, dagoeneko giza katerako metroak saltzen hasita daude. «Dozena erdiko talde bat gara, gehienak emakumeak. Taldea aurkeztu aurretik ere, mahaia jartzen hasita gaude Orion egiten ari diren ekitaldietan. Gu lanean ari gara, eta metro mordoxka lortzea espero dugu», azaldu du Orioko Rosi Lazkanok.
Giza katea, hasiera besterik ez
Herrietako taldeetako ordezkari denak bat datoz: Gure Esku Dago mugimendutik antolatutako ekintzek «harrera oso ona» eduki dute herritarrengandik. «Gainera, hau ez da ekainaren 8an bukatuko, giza katearen data hori hasierakoa da, orduan hasiko da benetako helburua gauzatzeko ibilbidea», esan dute eskualdeko Gure Esku Dagokoek.
Giza katea Gure Esku Dago mugimenduaren «giharra ikusteko eta neurtzeko» izango dela diote. «Hemen ez dago ezer idatzita, orri zuria dago».
Giza katea pasatu ondoren, ekainaren 21ean lehenengo batzar eratzailea egingo da batzar orokorra erabakitzeko. «Batzar horretan 5.000 pertsona biltzeko asmoa dago. Euskal Herrian Gure Esku Dagoren 142 talde daude, herri bakoitzetik 50 bat lagun joatea nahikoa izango da», dio Alberok. Gero, batzorde eratzaileak ildo estrategikoa eta proposamen nagusiak egingo ditu. Ondoren, herrietan eztabaidatuko da. Helburua da erabakitzeko eskubidea, eta giza katea, hasiera.