Nekane Jurado: "Arriskuetan soilik pentsa dezagun nahi du merkatuak"

Olatz Prat 2014ko api. 2a, 05:40

Nekane Jurado (Imanol Otegi) Ekonomista marxista eta psikologoa da Nekane Jurado (Pont de Suert, Lleida, Katalunia, 1958). 1988tik ezker abertzalearen Sozioekonomia Arlo Nazioalean aritu da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailean egiten du lan duela hogeita bost urte baino gehiagotik. Artikulu eta lan ugari idatzi ditu. Independencia. De reivindicación histórica a necesidad económica (Txalaparta, 2010) da idatzi duen azken liburua. Azpeitiko Elkar-ekin mugimenduak gonbidatuta, desobedientzia ekonomikoa eta harreman ekonomiko berrien inguruan ariko da gaur, asteazkena, Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera. Kapitalismoari intsumisioa,  diozu. Ba al da gaur egun sistema alternatibo egingarririk? Bai, guk dioguna da kapitalismoaren eredua bizitza suntsitzen ari dela, maila guztietan, amalurraren lehengaiak eta lehengai orokorrak ez ezik, baita gure seme-alaben belaunaldietako bizitza ere. Itxaropen guztiak agortzen ditu, eskaintzen duen guztia gero eta esklabotza handiagoa duen merkatu batean sartzea baita. Zer egin hori saihesteko? Benetan ditugun oinarrizko beharrak zeintzuk diren pentsatu behar dugu, eta ikusi ea behar horiek eredu kolektibista batekin ase ditzakegun. Galdera bat dago airean: zergatik ari da gero eta jende gehiago bere buruaz beste egiten langabezian egoteagatik? Ideologikoki enplegatu izatea merkatuak zu erabiltzea da, Marxek zioen bezala, hortik dator gainbalioa. Gogaitzen ari gara merkatuak ez gaituelako erabiltzen. Iturgina zarenean eta iturgin bezala kontratatzen ez zaituztenean, zure identitatea galtzen duzu, iturgina zinela uste baitzenuen. Baina, sakonean, merkatuak jartzen dizkigun etiketak baino gehiago gara eta, enpresariak erabili ez arren, sormenezko kapitala eta giza kapitala badugula ohartu behar dugu. Gero ikusi behar dugu nola jarri kapital hori kolektibitatearen esku eta nola aseko dituen hark gure benetako beharrak. Nola jar daiteke praktikan desobedientzia ekonomikoa? Desobedientzia adimen handiz egin beharreko gauza da. Ekonomia oso ondo ulertzea eskatzen du, ekonomiaren azpian elkarrekin erlazionatuta dauden lau eredu dituela ulertu behar da: lan merkatua, finantza sistemaren merkatua, sektore publikoaren merkatua eta sektore pribatuarena. Sistema ekonomikoa lau horien batura da, eta batura horrek munstro suntsikaitz bihurtzen du kapitalismoa. Hortaz? Eredu horien funtzionamendua eta loturak ondo ulertzen ditugun neurrian, haien katebegi ahulena zein den ezagutuko dugu, eta intsumisioa katebegi horri aurre egitetik etorriko da. Lan merkatuaren katebegi ahulena da, esaterako, merkatu hori ez dela ezer langilerik ez badu. Eta langabezian dauden horiek edo lanean hasi nahi duten gazteek muzin egin dioezaiokete kapitalismoari, euren giza kapitala kolektibitateari eskainiz. Finantza sistemari intsumisioa nola egin? Txanponaren erabilera birpentsatuz, esaterako. Eurorik gabe, txanpon sozial bat eduki dezakegu, gure denboraren araberako balioa duena, denborak berdin balio baitu denontzat, eta benetan guretzako egokienak diren jarduera horiek egin genitzake, eta ez, merkatuak berak ezarritako prezioan, merkatua erosten ari den jarduerak. Asko bagara eta tinkoak bagara, azpiegitura horiek kolokan jar daitezke, zinez. Zer arrisku dakartza intsumisioak? Zer arrisku dakartza amiantoarekin lan egiteak? Esan nahi dut, arriskuak, askotan ezezagunak dira denbora bat pasa arte. Arriskuak hor daude, gure bizitza bera arrisku bat den heinean. Baina horixe nahi du merkatuak, gu arriskuetaz pentsatzen egotea. Nire ustez, momentu honetan arrisku handiena sistemaren aurrean ezer egin gabe jarraitzea da. Arriskua dago egitean eta arriskua dago ez egitean, baina gure bekatu handiena, gaur-gaurkoz, ezer egiten ez saiatzea da. Agian erratuko gara, baina gure atzetik datozenek gure akatsetatik ikasiko dute, eta saiatuko dira gauzak hobeto egiten. Harreman ekonomiko berriez ariko zara gaurko hitzaldian. Zeintzuk dira harreman horiek? Komunitateko harremanak dira. Pentsa herri txiki batean osatu duten hamar familiako komunitatean. Hamar familia horiek, guztizko burujabetza dutelarik, diztuzten beharrez hitz egingo dute. Oinarrian, kalitatezko elikadura, etxebizitza eta taldearen babesa liratezke. Pentsatu beharko dute nola antolatu ditzaketen baliabideak eta giza kapitala euren beharrei aurre egiteko eta, beti ere, merkatuak behin eta berriz ezin duzu egin dioen gauza horiek eginez. Iraultza, beraz, zirkuluak txikitzetik etorriko litzateke? Hori da. Bizitzaren zirkuluak oso txikiak dira hasieran; gero horiek handitzen joaten gara interes desberdinengatik. Baina, edozein modutan, gure zirkuluak geuk kudeatu behar ditugu; saiatu behar gara bizitza gara dadin eta ez dadin suntsitu gu geu bizi garen tokian, nire bizitza ez baita Txinan garatzen, hemen baizik. Horregatik, bakoitzaren sormen kapitala handitzen doan heinean eta hori inguruarekin partekatzen dugun heinean, inguruan topatuko ditugu behar ditugun gauzak eta inguruak gugan topatuko ditu behar dituenak. Sare bat sortzea, hortaz. Kolektibitate sare sendo bat eratzen joatea, bai. Globalki pentsatu, tokian aritu, hori da gure filosofia. Tokian tokiko kolektibitateek barne lotura sendoak egiten badituzte, jakinda zein sare mota egiten hari diren eta zein hari motarekin, denbora batera gai izango gara gune horiek denak elkarri lotu eta benetako sare bat edukitzeko. Merezi du ekonomia bizitzaren zerbitzurako tresnatzat hartzea, bizitza unitate txikiz osatua dela ohartuz, eta hori sostengatzera eginez. Krisi ekonomikoa ikusi al daiteke berriro hasteko aukera bezala? Noski, krisiak balio aldaketa eta hausnarketa sakon baterako aukera ekarri du; eta era berean, neoliberalismoaren eta globalizazioaren balio eta psikologiak itsututa zeuden jende askok euren buruari galdera bat egitea ekarri du: zer ari zitzaizkidan saltzen? Zer nolako bizimodua ari dira eraikitzen niretzat eta nire seme-alabentzat? Zer da hau? Hausnarketa sakon bat egin behar da, eta ohartu behar dugu ezin dugula geure buruaz beste egin merkatuak erabiltzen ez gaituelako. Kolektibitateak behar du gure giza kapitala eta pentsatu behar dugu nola elkar gaitezkeen eta nola bete ditzakegun eremu industrialak eta lurra. Lehen herri-lurrak zeuden, eta horietan uzten zuen jendeak egiten zuena eta bertatik hartzen zuten behar zutena. Orain, komuna horiek era anitzetakoak izan daitezke, Ikastola edo osasun zentro alternatibo bat izan daitezke. Komunitatearen esku utzi nahi dugun hori guztia izan daiteke balekoa. Arriskuak ditu, baina  erratuta ere aterako dugu zerbait garrantzitsua: jabetze ideologikoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide