Gerra bizi izan zuten oriotarrentzat gertakaririk adierazgarrienetarikoa herriko zubiak lehertzea izan zen, errio gainekoa eta trenbidekoa bota baitzituzten. «Hori bizi izan zutenek beti gogoratuko dute gertaera», azaldu du Iñaki Iturain ikerlari oriotarrak.
1936ko gerra uztailaren 18an hasi zen Espainian. Militar matxinatuek porrot egin zuten Gipuzkoan eta Bizkaian, Errepublikaren aldeko indarrak nagusitu baitziren. Bi hilabetez Orio Errepublikaren aldekoen lurraldea izan zen.
Nafarroan, aldiz, Mola jeneralaren gidaritzapean erreketeak, karlistak eta falangistak nagusitu ziren: militar matxinatuak, alegia. «Aspalditik zebiltzan kolpe militar bat prestatzen; hilabeteak zeramatzaten entrenamendu militarra egiten, eta uztailaren 18an kolpea gertatu zenean, Nafarroan militar matxinatuak nagusitu ziren. Armada prest zuten, eta Nafarroatik Gipuzkoan sartzen hasi ziren, hegoaldetik. Beasain, Tolosa, Donostia... Gipuzkoako herriak hartu zituzten pixkanaka».
Oriora irailaren 20an iritsi ziren militar matxinatuak, baina hauek herrira heldu aurretik Zarautz aldera ihes egin zuten Errepublikaren aldeko indarrek. «Oria ibaia muga naturala izanik, errepublikarrek Oria ibaiaren gaineko zubia eta trenbideko zubia lehertu zituzten Francoren aldeko tropek aurrera egin ez zezaten», zehaztu du Iturainek.
Dena dela, gerrak ez zituen ezustean harrapatu oriotarrak. Herritarrek bazekiten militar matxinatuak gertu zirela, eta horregatik astebete lehenago herritarrez betetako zortzi bapore atera ziren Oriotik Donibane Lohitzunera. «Zenbaitek aste batzuk pasa zituen bertan giroa lasaitu zen arte. Beste batzuk urteak egin zituzten, eta izan ziren betiko geratu zirenak ere». Oriotar askok, ordea, herrian geratu behar izan zuten. Iturainek azaldu duenez, leherketa «ikaragarria» izan zela gogoan dute gertakari hura bizi izan zutenek. «Zubiak dinamitatu aurretik oriotarren artean abisua pasa zuten Errepublikaren aldeko indarrek, eta oriotar gehienak herritik atera ziren. Asko Aginaga aldera joan ziren, eta beste batzuk Goiko Kaleko goiko etxeetan edo hondartza aldean ezkutatu ziren. Egun berean lehertu zituzten bi zubiak, eta adinekoek gogoan dute herriko etxe guztietako beirak apurtu zituela leherketak».
Zubiak lehertuta militar matxinatuen martxa eragotzi nahi izan bazuten ere, ala izeneko ontzietan pasa zuten ibaia. «Eguerdian hartu zuten Orio, eta arratsaldeko bostetarako Zarautzen ziren».
Aldaketak egunerokoan
Militar matxinatuek Orio hartu zutenean, Epifanio Etxeberria izeneko falangista jarri zuten Orion agintzen, Komandante militar izendapenarekin. «Ordurako herritarrek ezagutzen zuten Etxeberria, Oriora fruta saltzera etortzen zelako». Hark egin zuen irailaren 24an lehenengo udal frankista izendatzeko deialdia; erregimenaren aldeko hainbat herritar agertu ziren, eta Etxeberriak izendatu zuen udal berria». Handik aurrera 17- 18-19 urteko gazte askok gerrara joan behar izan zuten, Francoren alde borroka egitera. Iñaki Iturainek azaldu du: «Ez zen norberaren erabaki ideologikoa izan. Nire iritziz, gerra kanpotik datorren tsunami bat da. Zurrunbilo handi bat sortzen du, eta batzuk alde batean eta besteak beste aldean jartzen ditu. Gerra hori arrotza zen oriotarrentzat, baina zurrunbiloak bere barruan hartu eta eraman egin zituen herritarrak».
Gerra bukatu zenean herritarrak gertatutakoa ahazten saiatu ziren. «Bi bandoetan banatuta zegoen gizartea, izugarrikeriak gertatu ziren bi aldeetan, eta elkarbizitza ahalbidetzeko gertatua ahazten saiatu ziren». Ituraini oriotar batek kontatu zion bere aita zenaren koadrilan 13 lagun zirela. «Gerran alde batean zazpi lagunek borrokatu zuten eta bestean seik, elkarren aurkako gerra izan zen. Denak bizirik itzuli ziren, eta gero elkarte berean koadrilan ibiltzen ziren, tabua omen zen beraientzat gerra; gerra ez zuten gehiago aipatu ere egin». Hori gertatu zen oro har herrian.
Iturainen esanetan, aldaketa gehienak instituzionalak izan ziren: «Kaleen izenak aldatu ziren eta udalean garbiketa ideologikoa egin zuten; langile guztiei lanpostua kendu eta banan-banan berriro eskatu behar izan zuten lanpostua». Elizak ere indar handia hartu zuen. Errepublikaren garaian gizartea laikotzen ari zen, «baina botere berriarekin elizaren eragina handitu egin zen eta kalera atera zen, gainera».
Zigorrak herritarrei
Zigorrak ere jasan zituzten herritarrek. Iturainen iritziz, mota horretako zigorrek herritarrak «isilaraztea» lortu zuten, baina ez zuen ekarri erregimenaren aldeko ideologia aldaketarik. «Garai hartan herritar gehienak apolitikoak ziren, politika kontuak urruti geratzen zitzaizkien gehienei; gaur egun bezala, orduan ere herritarrek beren txokotxoan ahalik eta ondoen bizi nahi zuten».
Dena dela, herritarren artean baziren politikarako interesa zutenak ere, eta horietako zenbaitek zigorrak jasan zituzten abertzaleak izateagatik. Orion hiru emakumeri ilea motz-motz moztu zieten, beherakoa eragiten duen errizino olioa eman zieten, eta aurretik txistulariak zituztela herriko kaleetan barrena ibili zituzten bizkarrean separatistas vascas jarrita. «Abertzaleak izateagatik emakume horiek makurrarazteko modua zen hori. Orion frankistek egin zuten hori, baina, dirudienez, Errepublikaren aldekoek ere zigor bera ezarri zieten emakumeei beste herri batzuetan».
Oro har, abertzaletasunarekin zerikusia zuten ikur guztiak galarazita egon ziren Franco hil zen arte. «Orioko udaletxean zegoen ikurrina ertzillatarren etxean gordeta egon zen berrogei urtez, eta etxean bik bakarrik zekiten hori bertan zegoela. Emakume batek udaletxetik hartu eta poltsa batean ezkutatuta eraman zuen bertara». Euskararen erabilera ere guztiz galarazi zuten, eta erregimenak bere aldeko maisu-maestrak jarri zituen eskoletan. «Adinekoek gogoan dute Señorita Sabina. Errepresioa atsegin zuen emakume nafarra zen, eta haurrei vasca separatista edo rojo separatista esaten omen zien».
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide