Gurasoentzat kalamuari buruzko hitzaldi bat emango du gaur Agipad-ek

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko mar. 13a, 04:09

«Gurasoen eta nerabeen arteko komunikazioa behar-beharrezkoa da konfiantza areagotu eta arazoak prebenitzeko». Horregatik, Zarauzko Udaleko Prebentzio Zerbitzuak seme-alaba nerabeak dituzten gurasoentzat hitzaldi sorta bat antolatu du. Hain zuzen, gaueko irteerei eta kalamuari buruzko saioak prestatu ditu, euskaraz zein gaztelaniaz. Euskarazko lehen saioa pasa den ostegunean izan zen. Amaia Barcenilla Agipad elkarteko psikologoak eman zuen, eta bertaratu zirenei azaldu zien nerabeak gauez ateratzen direnean zerk kezkatzen dituen gurasoak, eta zertaz arduratu beharko luketen horiek. Gaur, berriz, kalamuaren inguruan jardungo du gaztelaniaz. Zehazki, substantziari buruzko informazio zabala emango die gurasoei, baita kalamua kontsumitzeak dituen arriskuez ohartarazi ere. «Aurreko saioan nerabeen aisialdiaz jardun genuen, eta drogen kontsumoak zein tarte duen aisialdi horretan», azaldu du psikologoak: «Horrekin lotuta, kalamuaren inguruan jardungo dut gaur». Zehazki, hainbat datu emango du hitzaldiaren hasieran. Horretarako Deustoko Unibertsitateak egindako galdeketa batean jasotako emaitzak azalduko dizkie Barcenillak gurasoei: «Inkesta horren bidez ikusi dugu 12-19 urte bitarteko gazteen %35,3ak probatu duela noizbait droga hori, eta gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago erretzen dutela kalamua. Kontsumoaren maiztasuna ere esanguratsua da: azken hilabetean kalamua %19k kontsumitu dutela ondorioztatu dute galdeketa horren bidez». Horri lotuta, substantziaren beraren inguruko datuak emango ditu, eta hori kontsumitzeak nerabeengan izan ditzaken arriskuez jardungo du. «Gurasoek izango dute informazioa, baina agian ez osoa. Batzuk uste dute asko dakitela, baina agian seme-alabek informazio gehiago izan dezakete gaiaren inguruan. Beste batzuk, berriz, ez dakite zer esan», esan du Barcenillak. Hala, bere ustez informazio hori lagungarria izango da gurasoentzat. «Ideiak desmitifikatzen» Psikologoaren arabera, kalamua kontsumitzearen ondorioak eta arriskuak aipatzea ere «oso garrantzitsua» da. Droga hori kontsumitzeak adingabeetan «are arrisku handiagoa» duela azaldu du, haien gorputza eta burmuina «ez daudelako garatuta». «Horrek nerabeen memorian, arretan...eragiten du. Eta kontuan izan behar da adin horretan behar-beharrezkoak dituztela gaitasun horiek». Kontsumoaren eta substantziaren inguruan sortu diren hainbat ideia «desmitifikatzen» ere saiatuko da gaurko saioan: «Kalamua oso idealizatuta dagoen droga bat da. Gizartean hainbat mito daude horren inguruan. Beti esaten dute naturala dela, eta horrek ezin duela hainbesteko kalterik eragin. Halako ideiak desmitifikatzen saiatzeko ere baliatuko dugu gaurko saioa». Gurasoek halako ideiak seme-alabei transmititzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu du Barcenillak. Izan ere, hainbat arazo prebenitezko gurasoek seme-alabekin hitz egitea «garrantzitsua» da Agipadeko psikologoarentzat. «Ez da mugatu behar drogak ez kontsumitzeko esatera; hori argudiatu egin behar dute gurasoek, zergatik ez duten kontsumitu behar azaldu. Horretarako ahalik eta informazio objektiboena ematea beharrezkoa da, sinesgarritasuna izate aldera». Hitzaldia Etxezabalan izango da, 18:00etatik 20:00etara. SAIOAK: Bi saioak Etxezabalan izango dira, 18:00etan, gaztelaniaz. Agipad elkarteko Pakita Mateos psikologoak emango ditu. - Martxoaren 20a, osteguna. Gaueko irteerei buruzko hitzaldia. - Martxoaren 27a, osteguna. Kalamuaren inguruko hitzaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide