Eguneroko ohiturek argitara ateratzen dituzte gizarte baten balioak eta joerak. «Erabiltzen al duzu diru-zorrorik?» Emakumeen gehiengoak baiezkoa erantzungo du eta gizonezkoek, berriz, ezetz. Belaunaldiz belaunaldi bizirik dirauen ohitura bat dela pentsatuko dute askok, garrantziarik ez duela, alegia. Baina oraindik diruak sexu ezkutua baduela argi adierazten du ohitura horrek. Hortik abiatuta gaur arratsaldean bertan
Diruaren Sexu Ezkutua erakusketa irekiko du Haurralde Fundazioak Zumaiako Alondegian.
Haurralde Fundazioak diru-zorroa emakumearen eta diruaren arteko elkarreraginaren sinbolotzat hartu du, «konturatu gabe emakumeari diru txikiaren ardura eman zaiolako historian zehar. Egun emakumezkook billeteak erabiltzen ditugu, baina txanponak gordetzeko zorrotxoak izaten jarraitzen dugu», azaldu du Haurraldeko zuzendari Patricia Poncek. Gizonezkoek, berriz, billete-zorroak erabili izan dituzte; «diru handiagoa eta gorrantzitsuagoaren ardura izan dute. Aurreko mendeetan, diruaren zirkulazioa orain bezain ohikoa ez zenean, txekeak eta zor-agiriak erabiltzen ziren, eta horiek ere gizonezkoen eskuetan zeuden».
Emakumea eta dirua
2013an Emakume Garapen Sortzaileak egitasmoa abiatu zuten Haurralde Fundazioak, Malen Etxeak eta Hitzez Baserritarren Elkarteak elkarlanean, eta urrian Emakume Garapen Sortzaileen I. Biltzarra antolatu zuten Zumaian. «Munduko hainbat herrialdetatik etorritako emakume garapen sortzaileen esperientziak ezagututa konturatu ginen emakumeok geure dirua irabazteak ez duela bermatzen emakumeon autonomia; hau da, geure dirua irabazi arren, emakumeok ez dugu beti izaten diru horrekin zer egin erabakitzeko eskubidea», adierazi dute.
Garaiak aldatu badira ere, emakumeek diruarekin erlazionatzeko «zailtasunak» dituztela «agerikoa da» Haurralderen iritziz; eta diruak emakumeen harremanetan eragin zuzena duela ere ikusi dute. «Ama garenok jakin badakigu oso zaila dela arlo profesionala, seme-alaben beharrekin eta bikote harremanekin uztartzea. Zenbaitetan emakumeak kezkatuta izaten gara lanari denbora gehiegi eskaintzen diogulako. Dena dela, ezin dugu arlo hori alde batera utzi, horrek ahalbitzen baitigu familia aurrera ateratzeko behar duguna».
Diruaren eta emakumeen arteko erlazioa sinbolikoki adierazi nahi izan du Haurralde Fundazioak, eta Clara Coria idazle argentinarrak gaiaren inguruan idatzi zuen
El Sexo Oculto del Dinero liburuaren izenburua ardatz hartuta,
Diruaren Sexu Ezkutua diru-zorroen erakusketa irekiko dute gaur iluntzean Alondegian. «Diru-zorroak emakumeen eta diruaren erlazioa adierazteko sinboloa dira, eta 50 emakumek diru-zorroek beraientzat esan nahi dutena azaldu dute», adierazi du Poncek.
Baserriak emakume izena
Patricia Ponceren iritziz, oraindik ere gizarteak barneratuta du dirua eta hori irabazteko egin beharreko lana «gizonen esparrua» direla eta muga hori gainditzea kostatu egiten dela. «Askotan emakumeok zailtasunak ditugu geuk etxean nahiz etxetik kanpo egiten dugun lanari merkatuaren araberako balioa jartzeko». Ildo horretatik, Haurralde Fundazioak
Larre Motzean dokumentala aurkeztuko du gaur 19:30etik aurrera Alondegian. Euskal Herriko garapenean lagundu duten emakume ezezagunen istorioak jaso dituzte bertan. Dokumentalaren bidez baserrietako bizimodua ezagutaraziko dute emakumeen ikuspegitik. «Egunsentitik iluntzera arte ametsek denbora gutxi dute amestuak izateko. Bizitza erditzea, uzta, bizitza eta heriotzen artean igarotzen da. Ez dugu ahaztu behar emakumeak baserrian zaintza lanak egiteaz gain, eskulana ere izan dela; beste hainbat jardueren artean animaliekin lan egin du eta baratzan aritu da, baina baserriaren titulartasuna gizonak izan du». Baserriko amonaren, amaren eta alabaren bizipenak eta iritziak jasoko dituzte dokumentalean.
Larre Motzean izenburua jarri diote dokumentalari, bertan parte hartzen duen emakume batek baserrian «larre motzean» bizi zirela azaltzen duelako. «Baserrian emakumeak gutxirekin bizi zirela adierazten du. Oso adibide adierazgarria iruditu zitzaigun, eta izenburu bezala erabiltzea erabaki genuen», zehaztu du Poncek.