Bi aktore hogei pertsonaiaren gorputzean sartuta. Asier Hormaza (Deusto, 1970) antzezpen erronka horretan murgilduta dabil joan den azarotik, Mikel Laskurain bidaide hartuta.
Figuranteak antzezlanarekin dabiltza lanean, eta igandean (martxoak 9) Azpeitiko Sanagustin kulturgunean taularatuko dute, 18:00etan hasita.
Goierriko herrixka batean aurrekontu handiko pelikula bat filmatuko dute, eta hara agertuko zarete figurante gisa aritzeko.
Mikel Laskurainek gorpuzten duen figurantea bertakoa da, eta kanpotik datorren figurantea nire pertsonaia izango da. Barakaldokoa da izatez, eta bertan agertuko da figurante lanetan aritzeko. Hortik aurrera, pentsa ezazu zer-nolako egoerak eta pasadizoak sortuko diren herrixka horretan, zinemaren inguruko gertakizun guztiekin eta bertan bizi diren pertsonaiekin. Hala, Mikelek eta biok hainbat pertsonaia antzezten ditugu.
Zinemako gaia beste zenbait gauzez aritzeko aitzakia izango al da?
Bai, aitzikia hutsa da. Egia esan, antzezlanean hainbat gai ageri dira: adiskidetasuna, betetzen diren ametsak eta betetzen ez direnak, eta horiek nola barneratzen ditugun... Oro har, gauza ugari azaleratuko ditugu. Bi protagonisten arteko erlazio horrek, gainera, makina bat tirabira eta gorabehera emango ditu.
Charlie (Asier Hormaza)eta Juan (Mikel Laskurain) dira bi figurante horiek. Aurretik dira adiskide, ala pelikulari esker ezagutuko dute elkar?
Figurante bezala lanean ari direla ezagutuko dute elkar. Hain justu ere, antzezlanaren hasieran biek elkar nola ezagutzen duten kontatzen dugu, eta hortik aurrera, nahiz eta biok bakarrik igo taula gainera, beste pertsonaia batzuk agertzen joango dira: besteak beste, pelikularen protagonista, ekoizpeneko jendea eta herritarrak. Guztira hogei pertsonaia inguru irudikatzen ditugu.
Alde horretatik, erronka zaila izan al da lan hau prestatzea?
Bai, hala izan da. Ez dago artifiziorik pertsonaien aldaketetan, eta elementu bakar batekin, dela ileorde batekin, dela txapel batekin, pertsonaia batetik bestera egiten dugu jauzi. Alde horretatik, guretzako ez dago atsedenik antzezlana bukatu arte.
Erregistro aldaketa zorrotza eta bizia duzue, orduan.
Zalantzarik gabe. Antzezlanak ordu eta 20 minutuko iraupena du, eta denbora tarte horretan batetik bestera gabiltza. Konturatzerako beste pertsonaia baten azalean gaude. Guretzat oso zorrotza da, eta lan gogorra eskatzen du, kontzentrazio eta intentsitate handikoa delako.
Hori kontuan izanda, aurrerantzean eskainiko dizkizuten paperak errazagoak egingo al zaizkizu?
Gainerakoekin konparatuz diferentea da honako hau; izan ere, egiteko modua, taularatzeko forma eta ikusleek beraiek ikusiko dutena ere ezberdina da. Nolabait esateko, ez da ohiko antzezlana. Edonola ere, istorioa oso lineala da, eta oso erraz jarraitzen da. Ez dago ulertzeko zailtasunik, komedia baita istorioaren ardatza.
Marie Jones-ek idatzitako Stones in His Pockets obraren egokitzapena da honakoa: Euskal Herrira ekarri duzue jatorrizko istorioa.
Lan honek, berez, Irlandako herri batean eginiko filmaketa lanek eragindako gorabeherak kontatzen ditu. Garbi Losadak eta Jabi Vitoria zuzendariek Euskal Herrira ekarri eta Euskal Herrian kokatu dute, hemengo kontuekin, gertuko pertsonaiekin, eta hemengo ezaugarriekin. Publikoak oso ongi ezagutzen dituen erreferentziak erabiltzen ditugu, erraz identifikatu ditzaten.
Figuranteak ezkutuan geratzen diren aktoreak izan ohi dira. Kredituetan ere ez dira haien izenak agertzen. Kasu honetan, figuranteak protagonista bihurtuko al dira?
Hala gertatuko da. Gainera, antzezlanean bertan ere esaten da figuranteak zinemaren oinarriak direla. Haiek gabe eszena guztiak hutsik geratuko liratekeela. Hori aipatzen da eta aldarrikatzen da; hau da, figuranteek pelikuletan egiten duten lana.
Zeu aktore izan aurretik ibilia al zara figurante gisa?
Sekula ez naiz figurante bezala zineman agertu. Zineman lan egin dudan guztietan paper bat antzeztu dut; dela txikia, dela handia, edo protagonista moduan. Egia esan, ez zait suertatu, baina beste ibilbide bat izan banu edo gauzak beste modu batera gertatu izan balira, ez nukeen inolako arazorik izango lan hori betetzeko.
Antzerkiaz gain, telebistako umore saioetan ere ari zara. Zer moduz zabiltza arlo horretan?
Euskadi Movie saioan ari gara ETB 2n, eta orain
Irriki Town-eko saio berri batzuk grabatu behar ditugu ETB 1erako. Umore klabean ari naiz telebistan. Zineman beti paper dramatikoak tokatu zaizkit, baina telebistan eta antzerkian, aldiz, komedia egin izan dut. Izan ere, horiek dira jendeak gustuen ikusten dituen gauzak. Ni dramaren defendatzaile sutsua naiz, baina uste dut emozio guztiak landu eta eskaini behar direla. Eta orain umorea egitea tokatzen da.