Ikusle asko izan dira aurtengo kanporaketetan, eta giro onean abestu dute bertsolariek (Uztarria)
Iritsi da final handiaren eguna. Gaur, 22:00etatik aurrera beroa izango da giroa Azpeitiko Gaztetxean, VII. Erniarraitz Sariketako azken geltokian. Urtarrilaren 24an hasi zenetik, Azpeitian, Azkoitian eta Errezilen kanporaketa bana jokatu dute hemezortzi bertsolari gaztek. Gaur horietatik puntu gehien dutenak aterako dira Gaztetxeko oholtzara.
Saioa Alkaiza antsoaindarrak irabazi zuen Azpeitiko kanporaketa, Amaia Iturriotz zumarragarra izan zen Errezilgo saioan onena eta Nerea Ibarzabal markinarra izan zen nagusi Azkoitiko saioan. Hiru horiez gain puntu gehien lortu dituzten hiru bertsolariek osatuko dute seikoa: Iosu Oiarzabal Xenpelar azpeitiarrak, Eneritz Artetxe azkoitiarrak eta Nekane Zinkunegi errezildarrak. Gaiak jartzen Gurutze Oiarzabal ariko da.
Erniarratz Bertsozale Elkarteko kide Jokin Uranga pozik da sariketak orain arte eman duenarekin: «Maila polita egon da, oso parekatua izan da puntuazio aldetik eta horrelakoetan loteria kontua da aurrera egitea». Hori dela eta, «maila oso ona duten zenbait kanpoan gelditzearen penaz» gelditu dela onartu du.
Finalean «bertsotan oso ondo egiten duten Erniarraitzeko hiru kide izango dira, eta kanpotik datozenek ere oso maila ona» dutela dio Urangak. Giroa bermatuta dago; «Gaztetxea bete-bete eginda egongo da, eta uste dut festa handia izango dela gaurkoa», iragarri du azpeitiarrak.
Gaiak, orain artean bezala, «bertsolariek gertutik bizi dituzten gauzen ingurukoak» izango dira. «Guretzat ez du logika handirik 25 urteko gazteei Aiton-amonak zarete moduko gaiak jartzeak, azken finean beraiek abestu behar baitute, euren barrenetik», dio Urangak. Horregatik, «euren eguneroko problematikara hurbiltzen diren gaiak jartzen, edo, gutxienez, gertutik sentitzen dituzten gaien ingurukoak proposatzen» saiatzen direla azaldu du.
Egonkortutako sariketa
Bi urtez behin egiteko asmoz, 2002an egin zen Erniarraitzen lehen sariketa. Orduan bailara mailako bertsolari gazteei zuzendua zegoen, baina, eremu horretan halako beherakada sumatu zuten bat-batean aritzen ziren bertsolari kopuruan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetara zabaltzea erabaki zuten orduan.
Zuberoako eta Nafarroa Beheko bertsolaririk oraindik ekarri ezin izan duten arren, gainontzeko herrialdeetako bertsolariek parte hartzen dute gaur egun. «Erniarraitz txapelketak oihartzuna du gazte mailan, eta gustura gaude alde horretatik», azaldu du Urangak.
Aurten, bestalde, inoiz baino ikusle gehiago izan da kanporaketetan. Sariketaren beraren sonaz gain, Txapelketa Nagusiaren osteko «aparrak» ere horretan zerikusia duela uste du bertsolariak: «Boom horrek hiru-lau hilabetean irauten du.Aparra jaitsi eta likidoa gelditzen denean, lehengora itzuliko gara ziurrenik».
Nahikari Gabilondok, Jokin Urangak, Iñaki Apalategik, Aitor Urbietak, Alaia Martinek eta Odei Barrosok badakite zenbateraino berotzen duen txapel honek; gaur buru berri bat jantziko du sariketako txapelak.