Azpeitiko hainbat kultur eragilek hartuko dute parte proiektuan.
Otsailaren 7tik 9rako asteburuan Zuberoako kulturaren haizeek Azpeitia goxatuko dute, izan ere Sanagustin Kulturgunea eta Zuberoako Hebentik Kultur Elkartea, «ipar-hego mugak iraultzea» helburu duen zubia eraikitzen hasi dira:
Hebentik...hona izeneko proiektua. Kulturguneak eta Hebentik Kultur Elkarteko sortzaile eta kide den Mixel Etchekopar musikagile eta artista zuberotarrak duela hilabete batzuk hasitako harreman informaletik, elkarrizketatik, sortu da proiektu hau. Helburua, Zuberoako «kultur errealitatea, sormen prozesuen dinamika, partekatzeko modua edota euskararen erabilera ikusi eta entzutea» da. Elkarlana sustatu eta «Euskal Herriaren beste txoko batean kultur jarduna nola bizi duten ulertzeko aukerak sortzea».
Gutxi izan, baina asko eman
15.000 lagunek osatzen dute Zuberoako populazioa, hori adinakoa da ia-ia Azpeitikoa. Hebentik Kultur Elkartea da herrialdean saretuen eta antolatuen duten taldea. «Gure aldean errealitate gordina dute han, are gehiago euskaraz sortzen dutenek; bitarteko xumeagoak dituzte eta lana neketsuagoa da», adierazi du Sanagustin Kulturguneko koordinatzaile Aitor Bengoetxeak. Hala ere, ekoizpen anitza eta zabala dute, kultur mugimendua izan bada, eta hori erakutsi asmoz datoz Azpeitira.
Asteburu batean bildu nahi da Zuberoako kulturaren isla. Hala, hiru eguneko egitaraua Peio Cachenaut-en Xora filmak zabalduko du. «Oso film berezia da, Hebentik-ek egindako filma da, oso baliabide gutxirekin eta ahalegin ikaragarriarekin egina», azaltzen du Bengoetxeak. Zuberera hutsean egindako filma iaz Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten eta, haren ostean, Azpeitikoa izango da hego Euskal Herrira ekarriko den lehen aldia.
Otsailaren 8an, larunbatean, Zuberoako eta Azpeitiko jendearekin Kantujira egingo dute. Gauean kontzertuak izango dira, Sendaezinak bertako taldearekin eta Joxe Replay baionarrekin.
Otsailaren 9an, Ilunpe Pelotazale Elkartekoek iparraldeko pilota jokamoldeak erakutsiko dizkiete, 10:00etatik aurrera, Frontoi Txikira gerturatzen diren haurrei nahiz helduei. Ondoren, herriko dantza taldeekin eta Hebentikeko lagunekin, Zuberoako dantzak ikasi eta dantzatu ahal izango dira mutxikoak oinezko dantza motan zentratuta. «Herriak plaza hartzea nahiko genuke, oso dantza errazak dira, denek egiteko modukoak», nabarmendu dute antolatzaileek. Gainera, Dantza Suelto Eskolak martxotik aurrera abian jarriko duen proiektu berri baten pizgarri izango da. Eguerdian, berriz, Hebentik Kultur Elkartearen eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren topaketa izango da. Taldeko argazkia aterako dute eta ondoren bazkaria izango da nahi duten ororentzat.
Pilota, dantza, musika, hitza
Pilota, dantza, musika eta bertsoa bateratzen dituen ikuskizuna da Pilotarhitza, egitarauaren azken hitzordua eta haren ardatz izango dena. Tradizioa eta garaikidetasuna, iragana eta oraina batzen dituen ikuskizuna da.
Mizel Theret euskal dantzari koreografoa, Mixel Iturria zestapunta jokalari ohia, Mixel Etxekopar musikaria, Jean-Christian Irigoyen eskusoinu jotzailea, Pierre Thibaud perkusio jotzailea, Pierre Visseler soinu efektuen egilea eta hainbat bertsolari dira ikuskizun hau gorpuzten dutenak.
Zubiaren lehen harriak
Azpeitiko Kultur Mahaiko hainbat taldek (Ta3 Zine Kluba, Julian Barrenetxea Abesbatza, Dantza Suelto Eskola, Ikasberri Ikastola-Kultura, Itsasi Dantza taldea, Azpeitiko Argazki Elkartea) eta beste zenbait eragilek (Kantujira, Sendaezinak, Ilunpe Pilotazale Elkartea, Azpeitiko Udala eta Sanagustin) hartuko dute parte ekimenean, Hebentik-en eskaintza are gehiago aberasten.
Bi kultur mugimenduen arteko lehen topaketa hau, «zubiaren lehen harria» izatea nahi luketela adierazi dute sustatzaileek.