Paulo Aldalur, Aiako Idi Proba Elkartekoa: "Herria hilda egoten da, eta jendea erakarri nahi dugu hona"

Onintza Lete Arrieta 2014ko urt. 23a, 08:10

Paulo Aldalur Aiako Idi Proba Elkartekoa. (Onintza Lete Arrieta) Urtea indartsu hasi du Aiako Idi Proba Elkarteak: bi idi proba, Euskal Herriko Sokatira Txapelketa eta Iparraldeko jokoak antolatu dituzte hilabete bakarrean. Gauzak antolatzea gustuko elkarteko kide Paulo Aldalurrek, «batekin eta bestearekin hitz egitea», eta «herrian giroa sortzea». Plaza eta tabernak betetzen direnean «poz handia» hartzen du. Orain 15 urte inguru sortu zuten elkartea, eta hasieratik dago Aldalur (Aia, 1957). Zazpi lagun ziren hasiera hartan, bi gelditzen dira orain: Aldalur eta Joxe Luis Sarasola. Hala ere, moldatzen dira. «Udalekoen laguntza handia dugu». Idi proba elkartea zarete, baina ez zarete mugatzen horiek antolatzera. Izen hori jarri genion, garai batean batez ere idi probetan ibiltzen ginelako. Baina zaldi probak, giza probak, harri jasotzaileak, segalariak, sokatira... kirolak nahasten aritzen gara, denetarik ikusteko herrian. Denetarik, baina idi probekin edo herri kirolekin lotuta beti. Hala zehaztua al duzue elkartean? Pixkanaka joan ginen idi probetatik gauza gehiago antolatzen. Naturala izan zen. Herrira jendea erakarri nahi dugu nola-hala, eta horregatik egiten dugu. Bestela herria hilda egoten da, eta mugiarazteko egiten dugu. Lortzen dugu, eta egitasmo batzuek pizten dute telebistaren interesa ere. Azken urteetan zerk izan du arrakasta gehien? Ziur esateko ez dakit. Bi dema proba jokatu ditugu jada 2014an. Urtarrilaren 1ean lehena; 120 lagun inguru etorri ziren. Hilaren 11n egin genuen beste bat, eta 400 lagun etorri ziren ordukoan. Ezin duzu jakin zerk izango duen arrakasta eta zerk ez. Euskal Herriko Sokatira Txapelketa egin zenuten urtarrilaren 12an. Orduan ere elkartu zen jende pixka bat. Giro ederra izan zen, ETB ere etorri zen... oso ondo egon zen. Eta San Anton jaien harira antolatutakoa izan da azkena. Iparraldeko jokoak atera dituzue plazara. Hala da. Herriko baserritarrak alaitzeko antolatzen dugu zerbait sanantonetan, herria girotzeko. Aurten Iparraldeko jokoak egin ditugu. Lehen ere noiz edo noiz antolatu izan ditugu, eta berriz animatu ginen zerbait desberdina eskaintzearren. Iparraldean oso ohikoak dira sakuak bizkarrean hartu eta korrika aritzea; lokotx biltzen aritzea; lastoa botatzen; gurdi handi bati bueltak ematea...  Beste batzuetan herriko gazteekin ergometroan, lokotx biltzen eta halakoak egiten ditugu, eta oraingoan hau tokatu da. Beste herriren bat hartzen al duzue eredu bezala gauzak antolatzerakoan? Ez dut uste Aiak adina gauza antolatzen duen beste herri txiki asko dagoenik, ezta herri handiak ere. Gustatzen zaiguna egiten dugu, alde horretatik ez dugu begiratzen beste herrietara. Zein izango da hurrengo ekitaldia? Martxoan Euskadiko Kintopeko Txapelketa egingo dugu. Aurten atera diren idien txapelketa izango da, alegia. Jendeak grina izaten du idi gazteak ikusteko; onak ote diren, txarrak ote diren... Halako saioak daudenean, badira bi aldiz afaltzen duten ikusleak. Idi demekin lotutako ohitura al da hori? Batzuek hala egiten dute, bai. Askok, ordea, lanetik atera eta afaltzeko astirik ez, eta saioa amaitutakoan afaltzen dute, gauerdi aldean. Ohitura bat da, eta toki askotan egiten dena, gainera. Hemen bai, eta Errezil aldean ere tokatu izan zait neuri ikustea hori. Idi proba aurretik modakuren bat jan, eta gero beste zerbait afaldu: oilaskoa, txuleta, baratxuri zopa edo beste zerbait. Giroa sortzen da, eta horregatik ere egiten da. Lehendik zer ohitura mantendu dira, eta zein aldatu idi proben eta herri kirolen munduan? Lehen idiak baserrian hezita etortzen ziren. Gurdiarekin ibiltzen ziren egun osoan lanean baserrian, baina hori amaitu zen; traktoreek egiten dute lana orain. Entrenamenduetan ibiltzen dituzte orain, harriarekin, gurpilekin... Badira saiatzen direnak, baina uste dut lehen hobeto prestatuta egoten zirela idiak. Baina jarraitzen dute, eta afizio handia dago, apustu asko egiten da, eta sariketak ere asko egoten dira. Gipuzkoan Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian... egiten dira, hortik kanpora ez dakit askorik badagoen, baina Bizkaia aldean mugimendu handia dago; bi astetik behin egiten dituzte txapelketak han. Garai hauetan, dirurik mugitzen al du? Mugitzen du, bai. Hilaren 11n hemen egin genuen txapelketan ere asko jokatu zen. Zenbat? Kopururik ez dakit, hori beraiei galdetu behar litzaieke, baina asko. Mugimendua ikusi egiten da, eta zenbat eta jende gehiago, orduan eta diru gehiago. 400 ikusle egonda... Ikusmin handia sortu zen proba hartan. Bitxikeria bezala, datu bat: idiak bezperan pisatu zituzten eta gau osoa ukuilu batean gordeta eduki zituzten, eta kanpoan alde banatako pertsona bana egon ziren zaintzen, inork tranparik egin ez zezan. Ukuiluko giltza niri eman zidaten gordetzeko. Kontu horiek gutxitan gertatzen dira, baina halako lehia sortzen denean... Idi probak alde batera utzita, antolatzen dituzuen saio asko doakoak izaten dira. Nola moldatzen zarete parte hartzaileei ordaintzeko? Publizitatea jartzen dute enpresa eta saltoki batzuek, eta horrekin diru pixka bat lortzen dugu. Eta Aiako Udalak ere asko laguntzen digu; beti prest egoten dira laguntzeko, bai ekonomikoki, bai antolakuntzan. [Igor Iturain] alkatearekin ere oso harreman ona dugu. Hain zuzen, aurreko igandean berak ere hartu zuen parte ingudearekin. Hala da, bai. Eta taloak egiten ere herriko andra batzuk aritu ziren. Batzokikoek jarri zuten postua, sanantonetan baserri giro hori jartzeko. Halako elkarlanak egiten ditugu herrian. Asentzioetan eta halakoetan ere bai. Maiatzean izaten dira asentzioak. Zer asmo duzue aurten? Askorik ezin dezaket aurreratu oraindik, baina azokako arratsaldean harri jasotzaile batzuei markak jarriko dizkiegu. Bi marka izango dira, eta jaialdi polita antolatuko dugu egun horretarako. Joxe Ramon [Iruretagoiena] Izeta II.ak hartuko du parte, esaterako. Abuztuan, herriko jaietan, giza probak egin nahi ditugu. Eta irailean berriz egin ohi ditugu kintopekoak. Gero, urte amaiera aldean ere gauza gehiago egoten da. Bi lagun bakarrik zarete. Horrenbeste gauza antolatzeko zer moduz? Jarraitzeko gogoekin? Bai. Batzuetan amorrazioak izaten ditugu, baina beti laguntzeko prest edukitzen dugu jendea, eta oso ondo antolatzen gara. Beraz, aurrera jarraitzeko asmoa dugu. Zer moduz daude osasunez herri kirolak, kirolari eta zale kopuruei dagokionez? Kirolariak badaude, eta afizioa ere bai. Diru gutxiago dago, ordea, krisia hor dago, eta lehen bezala apustu handiak egitea zailagoa da. Apustuez hitz egitean, gizonez hitz egin behar al da? Emakumeak ikusi izan ditut dirua jokatzen, baina gehien-gehienak gizonezkoak izaten dira, bai. Gauza asko antolatzen duzue urtean zehar, eta krisia aipatu duzu. Zer aurrekontu izaten du elkarteak? Urtean-urtean aldatu egiten da, baina iaz 20.000 euro gastatu genituen gutxi gorabehera. Nahikoa gustura gelditu ginen. Diru poltsa bat dugunean, ahal bada pixka bat gorde egiten dugu, edozer gauza gertatzen dela ere aurre egin ahal izateko. Iaz, esaterako, diru galera handia izan genuen idi proba batean, jende gutxi etorri zelako eta sarrera gutxi saldu genuelako. Ekitaldi asko doan eskaintzen ditugu, baina beste batzuetan sarrera jartzea beharrezkoa da, gauzak antolatzen jarraitu ahal izateko. Zeuk zer lotura duzu herri kirolekin eta idi probekin? Halakoetan ibilia zara, ala afizioa da? Zalea baino ez naiz. Beti gustatu izan zaizkit idi probak, harri jasotzaileak eta halakoak. Oraindik herrira ekartzea lortu ez duzuen kirolaririk ba al dago? Ez zait bururatzen, ez dut uste. Bateren bat ekartzea pentsatzen badut, saiatzen naiz ekartzen, eta normalean lortzen dut. Zein da herrian antolatu duzuen ikuskizun handiena? Iazko abuztuan giza proba finala jokatu zen hemen, eta 800 lagun etorri ziren. Orain 10 urte inguru desafio proba bat jokatu, eta orduan 1.000 lagun etorri ziren herrira. Diru asko jokatu zen orduko hartan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide