Zirimolaren indar bikoitza

Aritz Mutiozabal 2013ko abe. 5a, 11:37

Koldo Soret eta Ursula Strong.(Argazkia: Galder Izagirre) Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteak Matadeiko hormak burrunbatuko ditu gaur gauean, 22:30ean hasita, estreinako diskoa aurkezteko kontzertuan. Duela bi urte sortu zitzaien gogoa Koldo Soreti eta Ursula Strongi, Kalifornian egindako egonaldian.Etxera itzultzerakoan, ordea, Fermin Muguruzak Ursulari deitu zion Zuloak taldean parte-hartzeko. Hala ere, proiektu batak ez zuen bestea zapuztu, eta kasik modu paraleloan Niña Coyote eta Chico Tornado bezala entseiatzen hasi ziren, nahiz eta bikotearen emaitzak oraintsu ikusi duen argia. «Abestiak prestatzen eta diskoa egiten aritu gara, Zuloak taldearekin jotzen aritu garen bitartean», azaldu du Soretek. Koiotea eta tornadoa. Bikotekideek hartu dituzten izenak ikusita, basamortuko musikarekin harremandu daiteke berehala. «Doinu pisutsuak jorratzen ditugu, Kyuss bezalako stoner taldeen ildotik. Hainbat iturritatik edaten dugun arren, diskoak badu kutsu hori. Dena dela, ukitu ezberdinak dituzte abestiek, batzuk rockeroagoak baitira; batzuk letra dute eta besteak instrumentalak dira. Baina, oro har, desertuaren ikuspegi horretatik doa», dio Soretek. Birekin nahikoa Hori guztia bikote formatuan. Strongek bateria astintzen du, eta Soretek gitarra. «Nire gitarrari oktabagailu bat sartzen diot, baxuaren efektua egin dezan. Beraz, baxu-jotzailearen faltarik ez dugu sumatzen horrela, eta bateria-gitarra bakarrik izan arren, sekulako potentzia du gure musikak». Argi zuten hasieratik ez zutela talde bat osatu nahi, oso gustura zeudela bikote moduan. «Probatzen bezala hasi ginen, eta itxura ona zuela ikusirik, aurrera jarraitzea erabaki genuen. Egia esan, zuzenekoetan ere oso ongi funtzionatzen du formatuak». Alde horretatik, eszenatokia ez zaiela handi geratzen aitortu du  Tornado mutikoak. «Jendeak esan digunaren arabera, ez dute hutsunerik ikusten agertokian, nahiz eta bi pertsona bakarrik igotzen garen. Ongi betetzen omen dugu agertokia». Orain arte zortzi emanaldi inguru eskaini dituzte, eta guztiak «ikaragarriak» izan dira bi kideentzat. «Sekulako egurra ematen dugu, eta entzuleak txundituta geratzen dira». Estreinako diskoa Higain estudioan grabatu dute, Haritz Harreguy teknikariaren laguntzarekin, eta guztira 13 abesti jaso dituzte. Abestiak era txandakatuan zerrendatu dituzte; hau da, lehenengoa instrumentala bada, hurrengoa abestua da, eta horrela hurrenez hurren. «Abestiak hasiera batean instrumentalak ziren, baina denborarekin, heltzen joan ziren heinean, batzuek letra eskatzen zutela konturatu ginen», adierazi du Soretek. Hainbat kolaborazio Niña Coyote eta Chico Tornado bi lagun badira ere, hainbat adiskideren kolaborazioa izan dute diskoa osatzeko garaian. Soretek baxua jo du Zuloak taldean eta, gitarra, berriz, Fermin Muguruzaren Kontrakantxan. Biekin aritu da biran. Horren harira, Zuloak-eko neskek ahotsak sartu dituzte bi abestitan, eta Muguruzak Txaman abestiaren letra egin die. Horrez gain, Zauriririk ez Harkaitz Canok idatzi die, eta Garaitezin Ioritz Apaolazak; eta Zigor DZak, bere aldetik, scratch-ak egin ditu  Ulehertu azken kantan. Bestalde, Iggy Pop & The Stooges-en Gimme Danger abestiaren bertsio bat ere sartu dute. Crowfunding-a edo finantzaketa kolektiboa baliatu du­te diskoa osatu ahal izateko. «Hasieratik laguntza handia jaso dugu, eta proiektua ezagutzera emateko modu bat izan da. Crowfunding-a diskoa atera baino lau hilabete lehenago egin genuen, eta  jende ugariren babesa jaso genuen, haien ekarpen ekonomikoari esker. Hasiera-hasieratik gugan sinetsi dute, inoiz zuzenean ikusi gabe.Alde horretatik, biziki eskertuta gaude».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide