Grumal SL-ko langileak etorkizunaz "kezkatuta eta urduri" daude

Nerea Uranga 2013ko aza. 5a, 14:09

Grumaleko langileak Azpeitiko Laboral Kutxa eta Lagun Aroren egoitzaren aurrean elkarretaratu dira gaur (Nerea Uranga) Fagor Etxetresnak-en esku dagoenez, Azpeitiko Grumal SLko langileak mobilizatzen hasi dira, euren egoeraren iluna gizarteratzeko, eta etorkizunari buruz duten informazio falta salatzeko. Gaur egun Grumaleko Azpeitiko lantegian 95 langile ari dira lanean, eta Grumaleko beste 53 langile, Edesaren bidez, Fagorreko beste hainbat kooperatibatan birkokatuta daude, aldi baterako kooperatibista gisa. Azken hauei kontratua abenduaren 31n bukatuko zaie. Gaur eguerdian Azpeitian Laboral Kutxak eta Lagun Arok duten egoitzaren aurrean egin dute protesta. «Aurreneko elkarretaratzea da, Fagor Etxetresnak-en esku dagoen enpresa bat Azpeitian badela gizarteratzeko, eta oso gaizki pasatzen ari garela erakusteko egin dugu. Horrez gain, informazio falta salatu nahi dugu; Grumaleko zuzendaritzatik, Fagor Etxetresnak-eko zuzendaritzaren aldetik, eta MCCtik daukagun informazio falta». Azpeitiko lantegiaren eta langileen etorkizunaz ez dakitela ezer kritikatu dute. «148 langile eta familia daude Grumalen, egoera langileok kezkaz eta urduritasun handiarekin bizi dugu, zalantza asko ditugulako eta egindako galderen erantzunik ez digutelako ematen». Joan den astean, Fagor Etxetresnak-eko bitartekariarekin bildu ziren Grumaleko langileen ordezkari sindikalak, eta bideragarritasun plana egiten ari zirela esan zien. «Plana hamar-hamabost egunera erakutsiko zigutela esan ziguten, eta bertan 45-46 langilerentzako tokia egongo dela aurreikusten dutela. Horrek erakusten du gutxienez Grumaleko ehun langile proiektutik kanpo geldituko liratekeela». Planaren sinesgarritasuna Planak «sinesgarritasuna» izango duen zalantzak dituzte ELA eta LABeko sindikatuetako ordezkariek. «Grumal Fagorren esku dagoenetik 6-7 bideragarritasun plan aurkeztu dizkigute, eta plan bakoitzeko langileak ahalegina egin dute; soldata jaitsierak, lanordu gehiago eta lanorduak doan egin dituzte. Kooperatibistak adinako ahalegina  egin dute, hala izan gabe. Baina orain arteko planek ez dute emaitzarik izan. Aipatu berri diguten plan honekin ere ez dugu esperantza handirik, zoritxarrez». Bideragarritasun plana lehenbailehen iristea nahi dute Grumaleko langileek. «Esaten ari dira konkurtso legea laster iritsiko dela Fagor Etxetresnak-era. Ezin dugu denbora pasatzen utzi». 2005etik Fagorren esku Grumalen sukaldeko altzariak ekoizten dituzte, eta produkzioaren %80-85 Frantzian merkaturatzen dute. Grumalen 148 langile daude egun; 95 Azpeitiko lantegian ari dira, eta beste 53 birkokatuta Fagorreko beste enpresa batzuetan, aldi baterako bazkide bezala; kontratua abenduaren 31n bukatuko zaie. 2005etik Grumal Fagor Elektrotresnak kooperatibaren esku dago. Grumal enpresa taldea Fagorrek Masco Corporation Ameriketako Estatu Batuetako konpainiari erosi zion 18 milioi euroren trukean. Salerosketa hitzarmenean jasotakoaren arabera, Grumaleko lan taldea 255 lan postutan egonkortuko zuen Fagorrek, eta 8,6 milioi euroko inbertsioa egingo zuen bost urtean. Eta epe horren buruan Grumal kooperatiba egiteko asmoa zuen Fagorrek, langileak kooperatibista eginez. Garai hartan 260 langilek egiten zuten lan Grumalen, eta 18.000 metroko ekoizpen azalera zuen. Gaur Grumaleko langileen ordezkari sindikalek azaldu dutenez, 2008an egin ziren Grumal enpresa kooperatibizatzeko akordioak. «Ordutik Grumaleko langileek egin duten ahalegina Fagorreko langile kooperatibisten adinakoa izan da. Langileek esfortzua egin dute, kooperatibistak izan gabe, uste zutelako etorkizunean eta denbora batera kooperatibistak izango zirela. Grumaleko langileek Fagorrekin konpromisoak hartu dituzte». Baina Grumaleko langileak Fagorrendandik «bigarren edo hirugarren mailako langile» bezala tratatzen ari direla salatu dute. «Arrasatetik Grumali irtenbidea emateko argibiderik eta irtenbiderik ez da ematen». Grumal kooperatibizitzearen inguruan azken langileen asanblada uztailean egin zuten. Orduan, langileetatik %92k Grumal kooperatibizatzearen alde bozkatu zuten. «Baina Fagor lehertu egin da, eta kooperatibizatzeko prozesua geldiarazi egin dute». Urolarako beste kolpe bat Grumalen gaur egungo egoerak Urola bailarako, eta, batik bat, Azpeitiko egungo egoera «gogortu» egiten duela nabarmendu dute. «Arrasaten egoera oso gordina dela ulertzen dugu, baina Urolara edota Azpeitira begira Grumal bezalako enpresa baten etorkizuna jomugan egoteak egoera larria sortzen du. Batik bat, aurrekariak kontuan hartuta; Corrugados eta beste». Bihar Eusko Jaurlaritza, MCC, Fagor Etxetresnak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak, Debagoienako udalak, Basauriko Udala eta Azpeitiko Udala bilduko dira Gasteizen. Fagor Etxetresnak kooperatibaren erori izanak ekarriko duena aztertzeko bilduko dira. Azpeitiko Udalak joan den astean oharra kaleratu zuen Grumalen etorkizunaz «oso kezkatuta» agertuz.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide