Errimak, betaurreko moreekin

Onintza Lete Arrieta 2013ko urr. 24a, 02:03

Hiru urte daramate feminismoaz eta bertsolaritzaz hitzaldiak ematen Agirreazaldegik eta Alberdik (Onintza Lete Arrieta) Ez dago bertsotan jakin beharrik Bertso Eskola Feministan parte hartzeko». Askotan galdetzen diete horretaz Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariei. Haiek dira eskolen gidariak, eta datozen hilabeteetako egutegia lanez beteta dute. Getarian bizi da Alberdi, eta Zarautzen Agirreazaldegi, baina eskualdean ez dute saiorik hitzartuta oraingoz. Hala ere, proposamenak ongietorriak direla aitortu dute, barrez. «Gure interesa da batzea bai bertsolaritzatik gatozen eta gai honekiko interesa dugun jendea, bai feminismotik bertsolaritza adibide edo langai modura hartzen duen jendea», zehaztu du Agirreazaldegik. Bertsozaleak, gai-jartzaileak, kazetariak, antolatzaileak... gertura daitezke eskola hauetara. «Ikuspegi asko daude, eta bakoitzaren begiradatik, arlo desberdinak dira kolokan jartzen direnak, baieztatzen direnak...», uste du Agirreazaldegik. «Elkargunerako toki bat da, eman eta jaso egiten den gune bat», gehitu du Alberdik. «Gaia lantzeko dago, guk ez dugu erantzunik. Aldiro-aldiro orain arte sortu diren egoerak planteatu nahi ditugu. Batetik, guk gure begiradatik nola erantzun nahiko genieken, eta, bestetik, planteatu gure begiradatik zer egoera berri izan daitezkeen interesgarriak. Beharbada oraindik atera ez diren gaiak, egoerak... bertsolaritzan». «Emakumera batua» Alberdik eta Agirreazaldegik ikaragarri gustuko dute Argia-ko zuzendari Estitxu Eizagirre bertsolariak sortutako kotzeptu bat: Emakumera batua. «Guk umore normala deitzen dioguna, edo elkarrizketa normala, askotan daude gizontasun hegemonikoaren prismatik ezarrita. Umore publikoa, plazan egiten dena, eta telebistan ikusten dugun umorea, gizontasun hegemonikotik egindako umorea da. Historikoki hamar mila aldiz entzun dugun umorea da, eta ikasi egin dugu kode hori. Beraz, badakigu; ulertzen dugu, gustatu ala ez. Emakumeok, adibidez, gure ingurune pribatuan geure umorea badugu, baina ez dugu koderik, publiko orokor batekin partekatzeko bat-batean. Bertsotan publikoak eta zuk segituan harrapatuko duzuen kode bati eutsi beharra duzu», azaldu du Alberdik. Horri deitzen dio Eizagirrek emakumera batua. «Hark esaten du normala iruditzen zaigun hori gizonkera batuan eginda dagoela». Esan nahi dutena azaltzeko, «beti adibide bera» erabiltzen du Alberdik. Esanguratsua, inondik ere. Inauterietan bertso afari batean Hondarribian izan ziren Jon Maia eta biak. Denak mozorrotuta zeuden, eta maleta bat atera zieten, hainbat objekturekin. «Atera genuen bibradore bat, eta hari buruz hasi ginen abesten, eta zakilari buruz. Eta konturatzen zara zakilaren inguruko txisteak amaitezinak direla. Txisteak egiten dira txisteen gainean, eta badago oinarri bat oso garatua, denok konpartitzen duguna, denok ulertzen dugun hizkuntza bat. Eta halako batean, nik bota nuen egongo gara askatasunean, zakilaz adina txiste aluaz egiten ditugunean. Eta bat-batean isiltasuna. Eta Jonek jarraitu zuen alua ez dakit zer, eta jendea are isilago, deseroso, aulkien zaratak entzuten ziren». Saioa amaitu, eta Maiak eta biek gertatutakoaz hitz egin zuten. «Maiak hala esan zidan: joe, 25 urte daramat plazaz plaza, eta alua hitza gaur esan dut aurreneko aldiz. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Emakumeen sexualitatea ez da existitu bertsotan. Orduan, jendeak alua entzun, eta alua da tiroa kontzertuaren erdian. Jendeak ez du ulertzen kodea, beraz, ez daki oso ondo zer ari den bertsolaria, umorean ari den, aldarrikatzen ari den, ez daki txalo egin, ezker ukabila jaso…», azaldu du Alberdik. (O.L.A./Hitza) Agirreazaldegiren ustez, gizonezkoek eraiki dituzte beren kodeak denboraren poderioz, eta emakumeek ere bide bera egingo dute, oholtza gainean elkarrekin abesteko aukera gehiago izanez gero. «Gizonek euren artean askotan kantatu dute gai antzekoen inguruan, eta horregatik gai asko, kode asko, garatuz joan dira. Oholtzan emakumezko bakarra baldin badago, askoz ere zailagoa da zenbait gai garatzea eta zabaltzea. Lehengo batean Uxueri eta bioi jarri ziguten gaia gure haurrei bularra ematen diogunetik nola aldatu zen gure bularrekiko harremana. Saio batean kantatu genuen horri buruz, baina gai hori askotan agertuko balitz, eta bertsolari emakumeek abestuko balute horretaz, gaiak garapen bat izango luke». Emakumera batua garatzeko gakoak zein diren argi dituzte Agirreazaldegik eta Alberdik. «Bertsolaritza bertsolarien arteko harremanean ere eraikitzen da eta oinarritzen da, neurri handi batean. Emakumera batu hori garatzeko, ezinbestekoa da kantitatez ere emakumeen presentzia handitzea. Kantitateak bakarrik ekar dezake garapen bat», azaldu du Agirreazaldegik. Ildo beretik mintzatu da Alberdi: «Kode hori eraiki gabe dago, eta emakumera batua garatu dadin, emakumeok gure artean gehiago kantatu behar dugu, emakume entzule gehiago behar ditugu, betaurreko antisexistak jantzita dituzten bitartekariak behar ditugu; kazetariak, epaileak, kronistak… Hizkuntza bat dago sortzeko». Horregatik, oso positibotzat jo dute irailean Getariako Askizun egindako egitasmoa. Hain zuzen, bertso munduko emakumeen topaketa bat egin zuten han, eta uste dute handik «oso indartuta» atera zirela parte-hartzaileak. Hamabost urteko gazteetatik hasi, eta 65 urtera arteko 46 emakume elkartu ziren bertan. «Emakume bertsolariak asko elkartu gara, eta nik uste dut hori gauza handia izan dela», esan du ziur Agirreazaldegik. «Hasi hezkuntza arautuan eta bertso eskoletara arte, 18 urtera arte, berdintasunez gaude kopuruetan. Hortik aurrera, ordea, sekulako saltoa dago, eta urte askotan emakumeak bakarka egon dira gizonezko edo mutil talde batean. Hor, ezinbestean, desberdina emakume hura sentitzen zen talde horren barruan. Honek egin du, neurri handi batean, emakumeok behintzat kolektibo baten barruko bigarren kolektibo batean ere sentiarazi». Alberdik borobildu du: «Gu-aren kontzientzia». Gaian sakonduz jarraitu du Agirreazaldegik. Bere esanetan, ibilbidean egon dira momentu batzuk bertsolaritzako ahulgune sentitzen zirenak. «Desberdinak ginelako nolabait, guri ez zegokigun esparru batean integratu nahiko bagenu bezala». Bazirudien naturaltasunez egiten zitzaiela leku emakumezko bertsolariei edo gai-jartzaileei edo antolatzaileei, «baina hor azpian zegoen galdera zen ea zenbateraino egiten zitzaien tokia beren munduei». Bertsolari baten egunerokoa ez baita oholtza gainekoa bakarrik. «Guk gure bidea egin behar dugula uste dut. Eta, hain zuzen, hau ari gara egiten dena gizonezko hegemonikoen prismatik epaitzen dugulako. Beraz, gu ez goaz inoren kontra, gurea eraikitzera baizik. Ez dugu boterea eskatuko, hartu egingo dugu behar duguna, eta ahal moduan, aurrera egingo dugu», esan du Alberdik. Ezer ez da neutroa Ikastaroetan aipatzen duten beste kontzeptu garrantzitsu bat da neutraltasunarena. «Lehenengo oinarria izan daiteke neutraltasunaren gezurra biluztea. Konturatzea dena dela eraikia. Eraikiak garela gu pertsonak bezala; gure sexuaren araberako genero eraikuntza bat eduki dugula guztiok, eta guk sortutako gauza guztiek ere bai. Hau da, hizkuntzak, umoreak, historiak, politikak…. Dena da eraikia. Generoa eraiki denez, deseraiki daiteke, eta berriz eraiki», azaldu du Alberdik. Ariketen, jolasen eta teorien bitartez, saiatzen dira hori ikusarazten. «Bertsolaritzan abesteko posturak ez dira neutroak, ezta lekuak, orduak, gaiak, umorea… ere. Eta beraz, dena da posibilitate. Izan ere, hori deseraikitzen duzunean, hurrengo pausoa da nolako bertsogintza nahi genukeen galdetzea. Ziur aski bakoitzak bere eredua nahi luke, baina bertsogintzan gabiltzan guztion arteko bertsogintza bat sortuko dugu», iritzi dio Alberdik. «Are gehiago, bertsogintzak, edo bertsolaritzak, edo bertsozale esparruak, pluralak, sortu daitezke», gehitu du Agirreazaldegik. Gorputza ere izaten dute hizpide Alberdik eta Agirreazaldegik. Hain zuzen, lehenengoari eskatua diote UEUrako gaia lantzea Gorputzak euskal kulturan eta euskal literaturan ikastarorako.  «Eskatu zidaten egiteko irakurketa bat gure esperientziatik, bertsotan gorputzak zuen garrantziaz, edo gorputzetik abiatuta. Teoria feministak gorputza beti ardatzean jartzen du: gorputza ez da bilduki bat bakarrik, gorputza gudu-zelai bat da, eta gorputzaren bitartez eraikitzen da subordinazioa. Muturreko adibideak dira gerretan gertatutako bortxaketa sistematikoak, edo soldaduei ilea larru-arras moztea. Horretaz gain, gorputza gure emozioak ere badira. Gure eraikuntza emakume edo gizon bezala biologiatik hasten da; hau da, biologia bat identifikatzen denean hasten da beste guztia eraikitzen», azaldu du Alberdik. «Gorputzaren gaiak oso presente daude bertsolaritzan, betidanik aldarrikatu da oso biluztasun eta presentzia handiz dagoela bertsolaria gorputzari dagokionez», dio Agirreazaldegik. Alberdik jarraitu du: «Beti esaten da gorputzaren gelditasun horrek ematen diola indarra testuari, eta abar, baina bertsolaritzari buruz egin diren teorizazio guztietan gorputza ez da aipatzen. Aipatzen da ariketa intelektual soila balitz bezala. Buru hiztunak bagina bezala, eta gure gorputzak eta emozioek inolako eraginik ez balute bezala. Orduan, begiratu behar da zer gertatzen den gorputzekin: nola daude bertsolarien gorputzak buruak pentsatzen ari diren bitartean? Berdin daude gizonezkoenak eta emakumezkoenak? Emakumezkoek zer gorputz estrategia erabili dituzte bertsolaritzan integratzeko? Gizonezkoek zer gorputz estrategia erabiltzen dituzte gizontasun hegemonikoan txertatzeko beren burua? Feminismotik ekarritako gogoeta bat da, bertsotara nik uste pare-parean datorrena». Emozioak ere izan dituzte hizpide. «Genioa, ingenioa, asko aipatzen dituzte Xabier Amurizak eta Andoni Egañak bertsolariaz eta bertsolaritzaz hitz egitean. Maisuak dira biak. Eta, noski, hori ere bada bertsolaritza. Baina oso gutxi aipatzen dituzte emozioak. Eta haien ekarpenak xehe-xehe egin diren bezala, eta hori transmititu den bezala, nik uste dut oraindik falta dela adibidez Maialen Lujanbioren ekarpena zein izan den, hori xehetzea, hori transmititzea, eta ereduak zabaltzea», azaldu du Alberdik. Orojakilea izateaz Bertsolaria orojakilearen roletik askatu behar dela uste dute biek. «Bertsolari batek gauza askotaz baldin badaki, hobe. Baina gauza guztiez ezin da jakin. Dena inork ez daki. Eta kontua da zeri deitzen diogun oro, zer den orojakilea izatea. Bertsolariak denetarik jakin behar du. Ados. Eta zer da zuretzat denetarik jakitea? Realeko alineazioa jakitea, bada denetarik jakitea, Legebiltzarrean onartuko den hurrengo legea zein den jakitea bada denetarik jakitea, baina umeari Dalsy ematen zaiola, hori ez da denetarik jakitea», esan du Alberdik. «Plurala jartzen badiozu, bertsolariak egongo dira, publikoak egongo dira, egongo dira saio batzuk orokorragoak, bertsolaritzaz joko bezala disfrutatzeko, eta beste batzuk egongo dira zehatzagoak, bertso saio feministak bezala. Niri bertsolaritza genero moduan asko gustatzen zait, oso zalea naiz, baina bertso saio feminista batek ere asetzen dizkit beste alderdi batzuk». Argi dute sagardotegiko bertsolaritzak jarraituko duela, parrandetakoak, oholtzakoak… Baina bestelako guneak sortzea positiboa da haientzat. «Emakumeentzako saioekin ikusi dugu, esparru orokorrean partekatu ezingo genituzkeen gauza asko konpartitzeko aukera ematen du. Pluralak ireki egiten ditu ateak, eta bakoitzak gustuko dituen arloak arakatzeko bidea ematen digu», zehaztu du Agirreazaldegik. (O.L.A./Hitza) Txapelketa Nagusia Abian da Bertsolari Txapelketa Nagusia, lau urtez behin jokatzen dena. Agirreazaldegi ari da bertan parte hartzen; Alberdik, berriz, ikusle moduan jarraituko du orain. Txapelketari buruz aritzeak «luze» joko lukeela aipatu dute biek, baina hala ere zabaldu nahi izan dituzte ideia gutxi batzuk. Esaterako, Alberdik nabarmendu duenez, «lehenengo aldiz» txapelketara begira gai-jartzaileekin eta epaileekin lan zehatza egin da gai honen inguruan. «Hitzaldi bana eman genien epaile taldeari eta gai-jartzaile taldeari bertsozale elkarteak hala eskatuta, pixka bat gai hauetan begirada zabaltzen hasteko. Gaur egungo txapelduna emakumea izateak, aurretik zetorren mugimendu honek guztiak, elkartea bera hasi zela barrutik lanketa bat egiten gai hauen inguruan… denak izan du eragina. Mugimendua hor dago. Hasi da», iritzi dio. Hala ere, bi bertsolari hauen ustez txapelketa ez da aldaketatarako gunerik egokiena. «Txapelketak bere inertziak eta ezaugarri oso konkretuak ditu. Datuak hor daude. Esaterako, epaileak 16 dira, oker ez banago, eta 3 dira emakumezkoak. Gaiak emateko modua asko aldatu da, baina nik uste askoz gehiago eboluziona daitekela. Baina beldur handia ematen du txapelketan esperimentuak egiten hasteak. Bai elkarteari, bai bertsolariei eurei. Txapelketak berez ematen du beldurra, eta behar dituzu helduleku batzuk. Uste dut pixkanaka joango direla gauzak aldatzen», azaldu du Alberdik. Agirreazaldegirentzat, interesgarria da beste puntu bat ere: «Argia-n Estitxu Eizagirrek txapelketari jarraipena egingo dio, betaurreko moreak jantzita. Lehenengo aldia izango da, eta bidearen beste puntutxo bat izango da». Horrez gain, «aurten inoiz baino emakume gehiago» daude txapelketan, eta Agirreazaldegirentzat «interesgarria» izango da hori. Berak Txapelketan duen helburuaz galdetuta, argi du: «Azken lau urteetan nire barruan mamitu dena nik behintzat sumatzea nahi nuke». Xumeagoa da Alberdik Txapelketari eskatzen diona. «Bertsozale bezala gozatzea, eta lagunak sufritzen ikustea da nire asmoa, kar-kar». Lujanbioren hitzaldia giltzarri Orain urte batzuk, bidea elkarrekin nola hasi zuten gogoratu du Agirreazaldegik. Elkar ezagutu, eta pixkanaka bertsogintzari eta bertsolaritzari buruz hizketan hasi ahala, feminismoaren inguruko gaiak agertzen hasi ziren. «Aldi berean, Maialen Lujanbiok hitzaldi bat eman zuen. Guretzat berebiziko garrantzia izan zuen. Izan ere, hainbat emakumerengan halako pentsamendu lanbrotu bat zena forma hartzen hasi zen orduan. Forma eman zion ordura arte sentitzen genuenari. Berak egin zuen bertsolaritzan feminismotik abiatutako lehen irakurketa». 2005. urtea zen. «Hortik hasi ginen elikatzen. Eta honen inguruko lehendabiziko hitzaldietako bat Zarauzko gaztetxean eman genuen, gero Arrasaten beste bat Lujanbiok eta hirurok...», gogoratu dute. Alberdik ere hartu du hitza. «Oso naturala izan zen, barruak aspalditik horrelako zerbait eskatu izan baligu bezala. Liburu feministak irakurtzen hasi, eta gero lagun artean ditugun Bilgune Feministako kideekin hitz egiten hasi, haien materiala hartu, gogoetak, iritziak.... Gure burua janzten hasi, eta praktikan jarri eta kontraesanetan erori, eta hortik atera, eta dena aldi berean izan da. Guk bitartean kantatzen jarraitzen genuelako plazetan, esperientziak pilatzen». Feminismotik baino, feminismoetatik edaten saiatzen dira. «Gure txikian, eta gure mugekin, gai hauei eskaintzeko ez ditugulako zortzi ordu; geure lanetan gabiltza, alaba bana dugu biok… baina saiatzen gara mugimendu feministek, hemengoek eta kanpokoek, diotena jakiten. Interesatzen zaigu, eta eskuetara iristen zaiguna saiatzen gara elkarrekin banatzen, horretaz hitz egiten». Ibilbidea oraindik eraikitzen ari direla jarraitu du Agirreazaldegik. «Azken urteetan hitzaldi dezente eman dugu, eta aldiro agertzen da zerbait berria, ematen digute irakurketa edo esperientzia berri baten erreferentzia. Hortaz, koskak garatzen doaz». Orain hiru urte hasi ziren hitzaldiak ematen. Izenburutzat Bertsolaritza, begirada feminista bat hartuta jardun dute orain arte. Hortik, ikastaro luzeago bat antolatzea eskatu zioten Ondarrutik. Zortzi orduko tailer bat prestatu zuten, eta konturatu ziren gaiak ordu gehiago eskatzen zituela. «Gu gustura ari ginen, eta ikusi genuen gustura sortuko genukeela halako tailer bat, bertsolaritzaren inguruko begirada feminista bat garatzen hasteko. Eta horri deitu genion Bertso Eskola Feminista», azaldu du Alberdik. Alderdi teorikoa osatzeko teoria feminista eta hainbat bertsolariren esperientziak erabiltzen dituzte. Parte-hartzaile guztien esperientziak jaso eta horietatik ikasten ere saiatzen dira. «Gorputza eta burua, esperientzia eta teoria batera doaz, batu, eta hortik abiatzen gara», azaldu du Alberdik. Beraz, batetik teoria dago, eta bestetik ariketak daude. Jolas modura planteatu dituzte, eta balio dute «bai barne diagnostikoak egiteko, norberaren begirada testatzeko, gizartea non dagoen testatzeko, bertsolaritzari buruz dugun begirada testatzeko. Denek ez dute ikuspegi bera, batzuentzat dena eginda dago. Beste batzuek uste dute emakume bertsolarientzat dena oso gogorra izango dela». Jolasen bidez, batzuen pertzepzioa, bertsolarien bizipenak.... aztertu nahi dituzte, horretaz hitz egin, eta «hortik teoria bat eta bide berriak ikusi». Agirreazaldegiren ustez «ez da oso ahots publikoa izaten horrelako ikastaroetan parte hartzen dutenena». Hain zuzen, horregatik bereziki interesatzen zaie haien iritzia eta ikuspuntua. Jabetze Eskolen bitartez ari dira saioak ematen, eta gustura dira. «Oso esperientzia aberasgarria ari da izaten bertsolaritzaren mundutik beharrean, feminismotik egitea ibilbide hau denok elkarrekin, elkar aberastuz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide