Cabo Verde izeneko espetxe bat

Onintza Lete Arrieta 2013ko urr. 17a, 02:14

(Juanjo Olaizolak utzitako argazkia) Agian eskainiko dudan azken elkarrizketa izango da hau. Ahaztu bat naiz». Igande arratsaldeko 19:00ak dira Euskal Herrian. 16:00ak, berriz, Cabo Verden. Hantxe da Antton Olaizola zestoarra (Landeta, Azpeitia, 1960). Lurrean eserita, telefonoa belarri parean jarrita, eta bere istorioa gordin kontatzeko prest. «Zer eguraldi hor?», galdetu du. «Zorionez, oraindik eguzkia», erantzuna. Eta berak: «Zorionez? Hartuko nuke euria. Hemen ez du inoiz egiten». 24 urte darama Afrikako herrialdeko San Vicente irlan bizitzen. Gogoz kontra, deportatua baita. «Espainiako armadaren hegazkin batean sartu ninduten beste hainbat kiderekin batera, eta uharte honetan utzi», azaldu du. Bi urte zeraman Aljerian, iheslari gisara. ETAko kidea zen, eta 1980an alde egin zuen Zestoatik. Iparraldean errefuxiatu zen aurrena, eta gero handik ihesi joan zen Aljeriara. Kartzela «konbentzionalik» ez du ezagutu inoiz, baina espetxean sentitzen da. Izan ere, deportazioa hormarik gabeko kartzela da harentzat. Bakardadea nagusi den espetxea. «Aske naiz, baina kakotx artean». «Ahaztua, baztertua, abandonatua sentitu izan naiz testuinguru politikoan, buruzagi batzuen aldetik». Hitz gordinak ditu Olaizolak zentzu horretan. «Uste dut etsaiak gure buruzagiei sekulako gola sartu diela deportazioarekin. Izan ere, etsaiak oso argi du zein den deportazioaren helburua. Gure jendea izan da, ordea, hori ez ulertzen aurrenekoa». Denak zaku berean sartu dituztela uste du, baina errealitatea beste bat dela. «Askorentzat iheslariak gara, baina guk ez genuen hautatu hona etortzea. Indarrez ekarri gintuzten». Urruntasuna bakardadearen sinonimoa da zestoarrarentzat, eta argi du deportazioak esan nahi duena. «Tortura latzenetako bat da bakardadea. Zilbor-hestea moztea bezalakoa da zure ingurunetik urrunaraztea, zure ingurunea ezereztea. Heldulekuak kenduta, bakarrik gelditzen zara. Horrek desoreka eragiten du zure baitan, eta ez bazara gai horri aurre egiteko, erotu egiten zara. Gertatu izan da Cabo Verden». Olaizolak berak ere ondo daki zer den depresioaren sareetan egotea. Ez alferrik, zazpi urte darama psikologia ikasten. «Neure buruarentzat da. Izan ere, ez da erraza abandonatua sentitzea. Gizakiok dugun beldur handienetakoa da. Nik gainditua dut sentimendu hori, baina egun borroka nire oreka mantentzea da. Hori dut eguneroko borroka». «HITZA-k publikatuko du erreportajea, jendeak irakurriko du, baina gero hau guztia pasatu egingo da. Nik deportatuta jarraituko dut. Hori da ezer ez izatea. Familiaren eta lagunen baten babesaz aparte, ezer ez naiz. Etsaiak hori sentitzea, tira, baina geure jendeak hori sentitzea, hori ikaragarria da». Denengandik ahaztua sentitzen da, baina aurrera egiteko asmo sendoak ditu, era berean, zestoarrak. «Behin honez gero, iraungo dut». Telefono bidezko elkarrizketan gai bera darabil ahoan etengabe. Inpotentzia handia sentitzen baitu. Jendeak ez du ulertzen deportatuen egoera, bere ustez. «Hainbat aldiz saiatu gara gure egoera azaltzen; azkena, Miarritzeko agerraldian. Baina nire lagunek ulertzen ez banaute, zer egin behar dut?». Hitz eta sentimendu gogorrak dira. Dena dela, dena ez du zuri edo beltz ikusten. Matizak topatu eta kontatu ditu. «Historian zehar lehentasun batzuk egon dira. Jendeak beharbada hobeto mamitu ditu beste egoera batzuk; presoena, kasu. Ni ere garai batean lehentasunei kasu egitearen aldekoa nintzen, zalantzarik gabe. Egun aldatu egin da nire pentsaera, eta nahiko nuke jendeak ere egoera guztietan jartzea arreta». 1980an Zestoatik atera zenetik etxea gero eta urrunago izan du. Berak aukeratuta aurrena, behartuta, azkenik. Ibilbideak aldaera gehiago izango duen, ikusteko dago oraindik (Hitza) 1989, patuaren urtea 1986an iritsi zen Olaizola Aljeriara. Constantina herria izan zuen bizilekua bi urte eta lau hilabetez, herrialdearen ekialdean. «Bizitza normala neraman han. Neure lana nuen, bertako agintariek emandako erraztasunei esker. Neure bizia nuen». Garai berean, ETA eta Espainiako Gobernua negoziatzen aritu ziren handik kilometro batzuetara, Aljer hiriburuan. Olaizolak ez zuen negoziaketen berri izan zuzenean. Negoziazioaren porrotaren ondorioa erraietan pairatu zuen, ordea. «Egun batean kanporatu egin gintuzten, kito». 1989. urtea zen. «Gure lotura guztiak apurtzea izan zen deportazioaren helburua. Orain 24 urte zoratu ahal zinen bakarrik, deirik gabe, berri gutxirekin, egunkariak oso noizbehinka jasoz. Ez geneukan besterik. Etxekoek aukera bazuten, diru kopuru latz bat jarrita deitu ahal zizuten». Familia sortua zuen Olaizolak, neska lagun bat eta alaba txiki bat. Baina deportazioak biak kendu zizkion. «Saiatu ginen elkarrekin bizitzen Cabo Verden, baina ez genuen modurik aurkitu. Ez nuen ezer, Estatuak emandako bizitokian ez zegoen tokirik bikote batentzat ere, eta erabaki egin behar izan genuen», kontatu du. Harremanari distantzian eustea ere ez zen posible izan. «Sosik ez nuen telefonoz deitzeko ere». Alabarekin ere harremana galdu egin zuen. «Orain arte ez dut lortu alabarekin hurbiltasuna. Galdu nuen. Eta berak bere aita galdu zuen». 27 urte ditu gaur egun. «Aljeria eta Cabo Verde oso desberdinak dira. Aljeria mentalki urrunagoa zitzaidan, baina Euskal Herritik hurbilago geunden, eta hori orain 24 urte garrantzitsua zen oso». Garai hartan ez zen sakeleko telefonorik nahiz Internetik. «Pentsa, alabak gutun bat idatzi, eta lau urte geroago jaso nuen». Hori izan da Olaizolarentzat deportazioaren «atalik gogorrena». Familia fisikoki urrun du gehienetan, baina bisitak ere izaten ditu. Irudian, iloba batekin. (Argazkia: Juanjo Olaizolak utzita) Hainbat deportazio mota Denbora honetan guztian, integratzerik ez du lortu Olaizolak Cabo Verdeko gizartean. «Denbora gehiago daramat Cabo Verden Zestoan baino. Hemengo nazionalitatea dut. Eta, hala ere, ez naiz sentitu hemengoa», azaldu du zestoarrak. «Inork ez zaitu ulertzen. Eguzkia dago Cabo Verden, itsasoa, paradisua da askorentzat, baina zure barruan hutsune latza duzu, eta zeuk bakarrik eraman behar duzu». Gorputzez Afrikan egon arren, burua Urola aldean edo, gutxienez, Euskal Herrian izaten du normalean. «04:00etan jaikitzen naiz, eta argindarra baldin badaukagu, Interneten sartzea izaten da egiten dudan lehen gauza. Euskal Herriko kontuak irakurtzen ditut, eta, momentu horietan, Cabo Verdetik alde egitea lortzen dut». Hala ere, barruari bake gutxi ekartzen dio aurrerapen horrek. «Komunikazio aldetik erraztasunak daude gaur egun, aita ikus dezaket Skype bidez, baina ez naiz etxetik gertuago sentitzen, hala ere». Deportazioaren gogorra herrialdearen arabera pixka bat alda daitekeela uste du, bestetik. «Venezuelan inoiz ez naiz egon, baina badakit lotura handiagoa duela Euskal Herriarekin Cabo Verdek baino. Han Euskal Etxeak daude, esaterako. Mexikon ere batzuek Euskal Herriaz ardura badutela uste dut. Ni, berriz, Afrikan nago. Hemen ez dago sustraiei buruz hitz egiteko aukerarik». Espetxe zigorra nahiago Deportazioa ala espetxe zigorra, zer nahiago? Galdera horri erantzutea «latza» deritzo. Hala ere, nabarmena da horretan sarri pentsatu eta hausnartu duela Olaizolak. «Preso ohien bisitak izan ditut hemen, eta kontatu dizkidate esperientziak. Ez dakit haien tokian jartzeko gai izan naizen, baina dakidana da Euskal Herrian egunerokoa dela haien aldeko borroka. Beste espetxe mota honetan, berriz...». Olaizolak bildu duen informazioaren eta esperientziaren arabera, argi du: «Espetxean zure ingurunearekin lotura mantendu egiten duzu». Eta, horregatik, aukera izan balu, espetxe zigorra hautatuko zuela uste du. «1980an alde egin nuen etxetik. Harrapatu izan banindute, onerako edo txarrerako, pasa beharrekoak pasata egongo nintzateke. Baina herriko hurbiltasuna ez nukeen galduko. Epaitu eta, Parot doktrina aplikatu ezean, ziurrenez Izarraitz mendiaren magalean egongo nintzateke orain. Ni ez naiz inor, deportatuak ez gara inor, eta okerrena da gure herriak ez duela ulertu hori, eta ez duela ulertuko». San Vicente irlan bizi da, eta portuan egiten du lan. Irudian, lanera bidean. (Argazkia: Juanjo Olaizolak utzita) ETAk armak behin betiko utzi izanari buruz galdetuta, bestelako jarrera du zestoarrak. «Txalogarria da erabakia. Ez da erraza hainbeste urtetan ibilbide bat izan ondoren, aldatzea. Izugarrizko inplikazioa eskatzen du», azaldu du. Espainiako Gobernuaren jarrera ere izan du hizpide, batik bat Herrira mugimenduaren kontrako atxiloketen harira. «Etsaia jokoz kanpo dago, buelta ezin emanda orain arte egin duen ibilbide luzeari. Beti ezagutu duten egoeran jarraitzea nahi lukete. Guk onartu dugu garai berri bat dela hau, haiek ez. Lan hori egin behar dute». Deportatuak Euskal Herrira itzul daitezen zer pauso, eta nork eman behar dituen, ez dakiela dio Olaizolak. Maletak egitekotan, ordea, ez lituzte bereak bakarrik egingo. Lotura indartsu bat baitu Cabo Verden: bere semeak. Akuilu handienak, semeak Hiru seme ditu Cabo Verden: adoptatuak bi, eta biologikoa hirugarrena. Bikote harremana apurtuta duen arren, seme zaharrena berarekin bizi da egun, eta besteak egunero ikusten ditu. Haientzat ditu hitz goxoenak Olaizolak: «Semeek ezin didate lagundu, baina haiengatik egiten dut aurrera batik bat», aitortu du. Euskal Herrira itzuli nahiko luke, hori du amets. «Nahiko nuke berriz ere Urola aldean izan, euskaldunen artean ibili, sustraietara itzuli, baina ezin dut neure buruarengan bakarrik pentsatu», zehaztu du. Izan ere, seme batek elbarritasun handia du, eta ez du harengandik aldendu nahi. «Euskal Herrira eraman nahi dut. Hemen ez du inolako aukerarik; han arreta hobea jasoko lukeela uste dut. Egun batean hilko banintz, bera Euskal Herrian egotea nahiko nuke». Hamabost urte ditu, eta txikitatik dago elbarri. «Ezin zuen hitz egin, ezta mugitu ere. Euskal Herrian trata zezaten lortu nuen. Urtebetez egon zen han, eta hobetu zen. Baina hala ere atzerapena handia da», azaldu du. Semeentzat Espainiako pasaportea ere lortu zuen, eta «pozik» da horregatik. «Bihar edo etzi Euskal Herrira itzultzeko aukera banu, elbarri dagoen semea nirekin eraman beharra izango nuke. Ez dut utziko inoiz. Hil arte bere ondoan egongo naiz». Bitartean, egunak aurrera doaz, zaporerik gabe. Lana egiten du, eta bizi da, baina argi du: «Ez dut inolako anbiziorik hemen». Gaur egun portuan egiten du lan, hori du eguneroko jatekoa lortzeko lanbidea. Gainerakoan, «isolatu nahia» du. «Ez daukat inguru bat elkar ulertzeko, giza harremanetarako. Jendea oso desberdina da hemen, eta 24 urtean ez dut lortu integratzerik. Orain ez da aldatuko hori», dio telefonoaren bestaldetik. Telefonoa estaldurarik gabe gelditu da, eta hortxe amaitu da bi orduko elkarrizketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide