Manu Urbieta (Hitza)
Manu Urbieta zarauztarra futbolari profesionala izan zen bere garaian. «Pilotalekuan ikasi nuen futbolean jokatzen», kontatzen du beti. Futbola, pilota eta pilotalekua. Itxuraz eta lehen kolpean, bateraezinak. Baina Urbietaren eta beste askoren kasuan argi geratu den bezala, elkarren osagarri dira.
Kirol asko egin behar direla hastapenetan defendatzen du Urbietak, eta hori lagungarria dela gerora kirol bat aukeratzen bada. Eskola kirolean sinesten du, «haurrentzako kirol eskaintzak zabala izan behar duelako, eta eskola kirola da zabala». Horrelako pentsamoldea izanik, ez da harritzekoa iaz Zarautzen sortu zen Eskola Kirolaren Aldeko Plataformako kide izatea.
Hor jarraitzen du ahalik eta gehien lagunduz, eta oraintxe, Plataforma ekimen berri bat ari da lantzen. «Aplikazio batzuk dira, mugikorretarako eta. Eskola kiroleko monitoreentzat eta hezitzaileentzat izango da». Formazioan laguntzeko tresna da. «Eskola kirolaren gabezia handiena horixe da, hezitzaileen formazioa, eta konturatu gara ez duela eraginik paperean eta egitea formazioa». Aldatu egin dira garaiak. «Gaur egun, denek menderatzen dituzte oraingo mugikorrak, sare sozialak eta horrelakoak, eta pentsatu dugu aplikazioa sortzea».
Jolas mordoa bilduko dituzte aplikazioetan, haurrekin egiten dituzten entrenamenduetan hezitzaileek erabil ditzaten. «150 dira denera, 50eko multzotan banatuta. Saskibaloia, eskubaloia eta futbola lantzen direnez Zarautzen eskola kirolean, bakoitzeko 50 jolas prestatu ditugu». Bideoa edo irudia, jolas bakoitzaren deskribapena eta ikonografia izango dira aplikazioaren oinarri. «Erredaktatzen udan jardun dugu, eta orain, grabazioak egiten hastear gaude», esan du Urbietak.
Jolas batek izan ditzakeen aldaerak ere izango ditu ikusgai hezitzaileak edota monitoreak. «Gorputz Hezkuntza ikasi duten hiru lagun ari dira lanean, lanik gabe daudenak egun, eta ni koordinatzaile nabil. Haietako bakoitzak kirol baten ardura dauka. Sortzen den material guztia beren esku geratuko da, eta gero, herriz herri zabaltzeko aukera hor dago ere». Jolasak benjaminetan eta alebinetan lantzeko izango dira, eta beste ezaugarri hau ere nabarmendu du: «Eskola kiroleko saioetan egoten diren baliabideak hartu dira kontuan; hau da: material gutxi, baloi gutxi, txino gutxi batzuk, petoen eskasia, eta nola ez, eskolako patioa».
Aplikazioarena ez da Plataforma lantzen ari den ekimen bakarra. «Hitzaldiak ere izango dira, eta, esaterako, errendimenduko kirolean eta eskola kirolean dabilen prestatzaile fisiko bat etorriko da, bi arloen berri ematera». Gurasoak eta beraietako batzuen jarrerak ere gogoan dituzte. «Dekalogo bat jarri nahi dugu eskola kirolean jarduten ari diren lekuetan. Bi guraso eztabaidan hastea ohikoa izaten da, eta behintzat, parez pare izango dute jarrera zuzenaren dekalogoa, irakur dezaten».
«Zubiak eraiki behar dira»
Eskola kirolaren hiru hankak hauek dira: ikastetxeak, udala eta klubak. Hirurak dira eragile, bakoitzak du bere ardura eta lana. Urbietaren ustez, «ezinbestekoa da hiruren arteko zubiak eraikitzea». Baina zaila dela dio: «Udalaren kasuan, ez du kirolaren aldeko benetako apustua egiten, eta gainera, zinegotziak aldatuz joaten dira hauteskundeak dauden bakoitzean. Jarraitutasuna behar da, eta horrela ezin da. Klubetan, berriz, zuzendaritza indartsuak falta dira, erabaki sendoak hartuko dituztenak».
Zaila izan arren, bere bideari eusten dio Urbietak, oso garbi duelako bide hori dela zuzenena, bai kirola berarentzat, eta bai kirola egiten duen haurrarentzat ere. «Eskola kirolean sinesten dut, kirol aniztasunean... Kirolari eta entrenatzaile askorekin egon naiz urte hauetan guztietan, eta 13-14 urterekin kirol bat aukeratu behar duena (eta ez lehenagotik) freskoago dago, gogo gehiagorekin kirol horretan buru-belarri murgiltzeko». Beste arrazoi bat ere eman du bere bidearen alde. Hau sakonagoa da: «Haur guztiek dute eskubidea kirolaz gozatzeko eta heziketa integrala jasotzeko. Heziketa osasuntsua, afektiboak... Kirola horrela ulertzen dut nik. 9 urterekin ume batek dohain batzuk dituela eta horiengatik besteak baztertzea ez dut ondo ikusten. Hanka-sartze handia da umetatik kirol bakar bat egitea».
Hiru eragileetatik bi aipatu ditu lehenago, eta hirugarrena falta da: ikastetxeak. Gehiago egin dezaketela uste du eskola kirolaren alde. «Sinesten dute arazo larri bat dagoenean. Haurren abatek arazo psikologiko larriak dituenean, adibidez, orduan akordatzen dira kirolarekin, eta kirolean murgiltzeko gomendioa egiten diote. Komeni zaio haur horri kirola egitea eta orduan bideratzen da eskola kirolera. Eskola kirola bigarren mailan dago hezkuntza munduan».
Barrura begirako kritika ere egin du, kirolean dabiltzanak aipatuz. «Gauzak hobetzen ari badira ere, oraindik egundokoak ikusten dira hainbat zelaitan edota kiroldegitan: epaile gazte bati epelak botatzen jendea; bi jokalari aurkari elkarrekin ia borrokan... Kirolean gabiltzanon ardura da kirolaren aurpegi ilun hori argitzea. Heziketa kontua da azkenean. Entrenatzaileei eta gurasoei falta zaie. Aldatuz doa gauzak poliki-poliki, baina asko dago egiteko». Gurasoen jarrera hartu du hizpide ere. «Gurasoak eskola kirolaren garrantziaz jabetzen hasten dira errendimendukoan beren seme-alabek arazo bat izan dutenean; taldetik eta kirol horretatik kanpo geratu direnean, esate baterako».