Sukia, Orion kirol portu inguruan (Aiora Larrañaga/Hitza)
Haurra zenean ikastolan hasi zen bertsotan Xabier Sukia(Orio, 1976), eta gaur egun afizioa ogibide bihurtu du, bertso kontuak jorratzen baititu Euskadi Irratian. Bi jarduerak uztartzerainoko bidea izan du hizpide oriotarrak UROLA KOSTAKO HITZA-rekin.
Oholtza gainetik mikrofono aurrera igaro zara. Eroso sentitzen al zara?
Oso eroso sentitzen naiz esatari lanean. Uste dut bertsolari izateak hitz egiteko erraztasuna garatzen laguntzen didala. Niri ahozko komunikazioa beti atsegin izan zait, eta bertsolaritzak hori lantzen lagundu dit. 26 urte nituen arte ez nintzen jabetu gaitasun horretatik bizi ninteekenik, eta berandu bazen ere komunikazioa ikasi nuen. Ordutik Euskadi Irratian nabil. Asko gustatzen zait egiten dudan lana. Nik kazetaritzat baino gehiago esataritzat dut nire burua, ahozko komunikazioa baitu ardatz.
Bat-batekotasuna ezinbestekoa al da esataria izateko?
Irratia berez hitza da, eta badaude erregistro batzuk non bat-batekotasuna oso garrantzitsua den; kirolak dira horren adibide garbia. Futbol partida zuzenean eman behar duen esatariak ikusten duena kontatu behar du. Nire kasuan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bueltan egun osoko saioa ematen badugu, bat-batekotasuna ere garrantzitsua da. Nik afizioa ofizio dudanez, asko languntzen dit. Hala ere, aitortu behar dut egunerokoan irratian ematen dugun asko irakurria izaten dela. Gidoiak dira irratsaioen bizkarrezurra, eta esatariok zenbaitetan hortik atera eta hitzekin jolasean ibiltzen bagara ere, paperari oso lotuak lan egiten dugu.
Bertsotan, beraz, bat-batekotasunak garrantzi handiagoa al du?
Bertso saioetan gaia jarri, eta bertsolariak bertsoa botatzen badu ere, kontuan hartu behar da horra iristeko urte askotako lanketa izaten dela atzetik. Bertso eskolan bertsotan ikasten duenetik oinarria hartzen du bertsolariak, buruan emaitza onak ematen dizkion egiturak izaten ditu, eta bertso saioetan konturatu gabe erabiltzen ditu. Nik uste dut bertsolarien meritua momentuan gai jartzaileak ematen duen gaia fin jorratu eta entzulearengana iristean dagoela. Zerotik ez da ezer hasten. Esatariok papera izaten dugu, lagun eta bertsolariak urte askotan egindako lanketa.
Orain jarduten al duzu bertsotan?
Bai, baina gutxi. Udan bi edo hiru saio egin nituen. Aurreko Gipuzkoako Txapelketan ere parte hartu nuen, baina ez genuen aurrera egin. Bestela, Orion Korrikaren baitan Orioko Bertso Txapelketa antolatzen dugu, eta hor ere parte hartzen dut. Familiarekin eta lanarekin nahiko lanpetuta nabil, eta bertsolaritza baztertu egin dut, neurri batean. Hala ere, sumatzen dut bertsolaritzaren arra barruan dudala, eta datorren urtearekin batera lagun artean bertsotan gozatzeko gogoa badut.
Xabier Sukia eta Ibai Esoain, 'Galtzagorriei to, Inaxito!' antzezlana entseatzen, artxiboko irudian (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Komunikazio ikasketak abiatu zenituenean pentsatu al zenuen komunikazioa bertsolaritzarekin uztartzerik?
Ez. Argi dut komunikazio ikasketetara iristen lagundu zidala bertsolaritzak, jabetu bainintzen komunikazio arloa nire ogibidea izan zitekeela. Ni unibertsitatera joatea sorpresa handia izan zen. Lanbide Heziketa ikasi nuen, eta hori bukatu ondoren hainbat lan egin nuen. Enpresa batean lanpostu finkoa nuen, 25 urterekin unibertsitatera joatea erabaki nuenean. Nire bizitzan mugarria izan da unibertsitatea. Beti izan nuen buruan eta orain nire emaztea dena ezagutu nuenean hark animatu ninduen. Lana utzi nuen, eta Giza Zientziak eta Komunikazio ikasketak eginez bide berriari ekin nion. Aldaketa horri esker afizioa eta ogibidea uztartzea lortu dut.
Afizioa lanbide bihurtzeak lanean jarraitzeko grina ematen al du?
Bai, noski. Euskadi Irratian udan bekadun moduan hasi nintzen, eta oriotarra izanik zuzenean Manu Maritxalarrekin traineru estropadak jorratzen jarri ninduten. Oso esperientzia ona izan zen, eta asko ikasi nuen, bekaduna izan arren nahi nuen guztia hitz egiteko aukera eman baitzidan. Uda bakarra izan zen, baina oraindik ere Orion jende askok uste du arraun kontuak jorratzen ditudala irratian. Urte horretan bertan beste irratsaio batzuetan nenbilela 30 urtean bertso programa egin zuen Nikolas Aldai erretiratu egin zen. Ni une egokian toki egokian nengoen, eta niri eman zidaten bertso irratsaioa. Zorte handia izan nuen, eta zorioneko pertsona naizela uste du, gaitasun handia duen jende asko baitago lanik gabe.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa prentsari gordetako eremutik jarraitzen ari zara. Zer moduz ?
Orain arte txapelketan parte hartu eta kazetari bezala lantzea zer den probatu dut. Nahiko deserosoa da, norbere saioa grabatu eta editatu behar izaten baitu. Nik ez dut sekula nire bertsorik bota irratsaioan. Nik Euskal Herriko Txapelketaren berri ematen dudanean aniztasuna azaltzea gustatzen zait,meritu handia baita horra iristea. Horregatik, irratsaioan bertsolari bakoitzaren zerbait botatzen saiatzen naiz, eta onenari ematen diot protagonismoa. Aurten txapelketa kanpotik jarraitzen ari naiz, eta asko ari naiz gozatzen. Saio denetara joango naiz, eta burua zentratuago dut.
Baduzu beste proiektu bat bertsolaritza eta antzerkia uztatzen dituena, ezta?
Duela zazpi urte Gorka Tolosa bertsolari hernaniarra Ibai Esoain eta biongana etorri zen buruan ideia bat zuela eta hori antzerki bihurtu nahi zuela esanez. Proiektuaren helburua bertsolaritza haurren artean zabaltzea zen, eta, ideia gustatuta, abentura horretan murgildu ginen. Gidoia eta eszenografia guztia egin genuen, eta oso harrera ona izan zuen.
Inaxitoren ametsak zen lehen antzezlana, ondoren
1, 2, 3 Inaxito! egin genuen eta orain
Galtzagorriei to Inaxito antzezlanarekin gabiltza. Denera 300 emanaldi inguru egingo genituen.
Lortu al duzue hasierako helburua?
Bai. Kontuan hartu behar da herri guztiak ez direla berdinak, eta helburua testuinguruaren arabera aldatu egiten da. Bi adibide jarriko ditut. Goizuetako Ikastolara joan ginenean, haur guztiek gu baino hobeto hitz egiten zuten euskaraz, eta antzerkia bukatutakoan eurak hasi zitzaigun guri bat-batean bertsotan. Goizuetan bertsolaritza sustatzea izango litzateke helburua.
Erdal guneetan helburua aldatu egiten al da?
Bai, oso desberdina da. Uda honetan Bilboko San Frantzisko kalean egin genuen antzezlana, Bilboko Udalak antolatuta. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, baina konturatu ginen antzezlana euskaraz egiteak ez zuela zentzurik, bertaratu zirenek ez baitzuten euskaraz ulertzen. Une horretan garrantzitsuena komunikatzea zela ohartuta, erabaki genuen tarteka hitz batzuk gaztelaniaz sartzea. Emakume eta haur pila bat etorri ziren, eta antzezlana hasi baino lehen denak zain-zain genituen, zirraraz beterik. Antzeman genuen auzoan mota horretako ekimena izatea berria zela, eurentzat opari modukoa zen. Haur, guraso eta aitona-amonek oso ondo pasa zuten. Kasu horretan helburua ez da bertsolaritza sustatzea, euskara herritarrengana hurbiltzea baizik.