Nagore Garcia: "Guardia Zibila egoitzara sartu zenean, denboran atzera egin genuela zirudien"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urr. 9a, 04:00

(Aiora Larrañaga/Hitza) Pasa den astean Herrira-ren aurkako polizia operazioan Guardia Zibilak atzeman zuen Nagore Garcia (Itziar, Deba, 1981), Zumaiako bizilaguna. Lau egun atxilotuta pasa ondoren, Garciak 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan du Soto del Realeko (Madril, Espainia) kartzelatik irteteko. Egoera zaila egokitu  zitzaizun pasa den astean. Zer sentitu zenuen? Hernanin bilduta geunden Guardia Zibila egoitzara sartu zenenean, eta une horretan ez genuen sinesten gertatzen ari zena. Armak eskutan zituztela, aurpegia tapatuta eta ohiuka sartu ziren. Denboran atzera egin genuela zirudien; beste garai batzuetako makro sarekadak etorri zitzaizkigun gogora. Lehenengo eguna oso luzea izan zen. Nekeak hartu gintuen, eta oso kezkatuta geunden. Hurrengo egunetan ere kezka izan zen sentipen nagusia, ez genekien gurekin zer gertatuko zen, ezta senideak eta lagunak nola sentitzen ziren edo gainontzeko atxilotuak zer moduz zeuden eta. Guk astearte goizera arte ez genuen jakin Hernanin bilduta geundenez gain, atxilotu gehiago izan zirenik, kalabozoan bertan jende gehiago zegoela ohartu ginen arte. Bestalde, atxilotuta egon ginen egunetan nire burua espetxerako prestatzen hasi nintzen, une horretan burura etortzen baita atxilotu ondoren espetxera sartuko zaituztela. Atxilotuta egon zineten egunetan zer moduzko tratua jaso zenuten? Atxilotu gintuzten unean jakinarazi ziguten komunikatuta egongo ginela, eta horrek nolabait lasaitu egin gintuen. Uneoro tratua zuzena izan zen, kontuan izanda horrelako atxiloketetan Guardia Zibilaren eskutatik pasa diren herritarrek pasa behar izan dutena. Izan ere, beste kasuetan torturak sistematikoak izan dira, eta jendeak oso une gogorrak pasa behar izan ditu. Hala ere, atxilotuta egon ginen egunetan bakoitza ziega batean egon ginen, 24 orduz argia piztuta izan genuen, eta ez genekien zer ordu zen ere. Otorduak ekartzen zizkiguten; ogitarteko hotza, ur botilatxo batekin. Komunera joatea eskatzen genuenean uzten ziguten ziegatik ateratzen. Egoera ez zen samurra. Zergatik uste duzu gertatu direla atxiloketak orain? Espainiako Estatuaren erabaki politikoa izan dela uste dut. Ez du gatazka konpontzerik nahi, eta ez ditu presoen eta iheslarien oinarrizko giza eskubideak errespetatu nahi. Badira hiru urte hainbat eragile gatazka konpontzeko urratsak ematen ari direla, eta aurrera egiten ez duen bakarra Espainiako Estatua da. Etsipena sortu nahi du euskal gizartean. Izan ere, gaur egun Euskal Herrian gehiengoak ez du azken urtetako egoera bizi nahi, eta Espainiak mezua bidali nahi izan du, egoera ez dela aldatuko adieraziz. Herritarrek, ordea, argi azaldu dute prozesuak ez duela atzera bueltarik, eta Espainiako Estatuak aurrera urratsak egin behar dituela. Uste dut Espainiak beldur dioela Euskal Herriko gatazka konpontzeari, berak ez baitu ezer eskaintzeko gure herriari. Euskal Herrian herritarrok martxan jarriz gero zer egiteko gai izango garen beldur dira, eta horren aurrean eraso zapaltzaileekin erantzuten du. Pasa den astean, ordea, herri oso bat jarri zitzaion aurrean. Etakide izatea, erakundea finantzatzea eta terrorismoa goratzea leporatu dizuete. Zer iruditzen zaizu? Espainiako Estatuak aitzakia hori aspalditik erabiltzen du, eta gaur egun testuingurua beste bat bada ere, argudio hori erabiltzen jarraitu nahi du. Gu alde horretatik lasai gaude. Herrira sortu zenetik lan guztiz publikoa egin dugu, aurkeztu genuenean argi azaldu genuen zein zen mugimenduaren asmoa eta helburua. Ez dugu ezer ezkutatzeko. Aurrera begira zein asmo dituzu? Oraindik ez dut etorkizun hurbilaz hausnartzeko denborarik izan. Ur Tantekin euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko mugimendua aste honetan indartu egin da, eta ur tantez osatutako marea horretan aurkituko dugu lekutxo bat. Preso eta iheslarien eskubideen alde lanean jarraitu beharra al dago? Ezinbestekoa da, beren giza eskubideak urratuta jarraitzen baitute. Giltza herrietan dagoela iruditzen zait, eremu eta sentsibilitate askotako herritarrak bildu eta ados jartzen badira, bakoitzak ahal duen moduan, bere eremuan, ekintza txikien bidez aurrera pausoak emango dira. Ur tanta pila bat daude herri honetan, eta bakoitzak bere ekarpentxoa egin dezake. Ur tanta guztiak batuta, olatuak, itsasoak eta tsunamia sor ditzazkegu. Ezin da onartu egun herritarren eskubideak modu horretan urratzea. Herritarren erantzuna nabarmendu duzu. Erakundeek modu berean erantzun dutela uste al duzu? Herritarrek jarrera eredugarria izan dute, eta benetan oso eskertuta nago. Jakin dugu erakundeen aldetik adierazpen eta jarrera hartze desberdinak izan direla, eta hori baikorra iruditzen zaigu. Hala ere, ez da nahikoa, eta uste dut erakundeek gehiago egin dezaketela. Ez naiz gure atxiloketen inguruan ari, presoen eta iheslarien giza eskubideen defentsaz baizik. Hori da garrantzitsuena. Herritar euskaldunak dira Espainiako eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta daudenak, zigorren luzapenekin. Erakundeek eta alderdi politikoek hemengo herritarren eskubideak errespeta daitezen lan egin behar dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide