Urki Muguruza: "Nahiz eta talde entzutetsua ez izan, kalitatezko lana egiten dugu"

Aritz Mutiozabal 2013ko urr. 8a, 04:00

(Aritz Mutiozabal/Hitza) «Hamar mila motatako teatroa egin da, eta ez dugu ezer berririk asmatu. Baina egin dugun antzezlan mota hau ez da inguruan ikusi». Traganarru antzezlanak ikuslea harrituta utziko duela iritzi dio Urki Muguruzak (Zarautz, 1982) . Berak idatzi eta zuzendu du proiektua, eta hori aurrera eramateko Bada Teatroa sortu du. Antzezlana azaroaren 3an estreinatuko du Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Nola sortu da Bada Teatroa abian jartzeko ideia? Antzezteko edo antzerkian jarduteko beste biderik topatzen ez nuela eta, Bada Teatroa sortzea erabaki dut, eta aurrerantzean sortuko ditudan proiektuetan izen horren babesean aurkeztuko ditut. Ofizio honetan besteen zain egotea pasibotasunean egotea bezala da, eta horrek agortu egiten zaitu. Beraz, egitasmo propio bat abian jartzea erabaki dut. Aurrena antzezlanaren ideia sortu zen, eta ondoren jarri nion taldeari izena. Zure aurreko lana Munstroa izan zen, eta hura Bina-Bina bezala aurkeztu zenuen. Zergatik ez duzu jarraitu Bina-Bina izenarekin? Balearen historiak dakarren le­hiatik dator Bina-Bina; izan ere, getariarrek zauztala bina-bina esaten digute zarauztarroi. Antzezlanean, baleak bere diskurtsoan esaten du ez zela zarauztarrekin joango, ezta getariarrekin ere. Baina gu zarauztarrak ginenez, arantzatxoa jartze aldera, Bina-Bina jarri genion. Kasu zehatz horretarako erabili genuen, eta hortxe geratuko da. Eta nola sortzen da Traganarru-ren kontakizuna? Duela urte eta erdi zerbait egin nahi nuela pentsatzen hasi nintzen. Idazteko gogoa piztu zitzaidan; nire gustuko edo nire neurriko zerbait, alegia. Giza harremanen inguruan idazteko gogoa nuen, eta Euskal Herriko historian halako kataklismo bat edo gertaera gogor bat bilatu nahi nuen, aurretik tratatuko nituzkeen giza harreman horien detonatzailea izango zena. Hori horrela, 1912ko galerna ezaguna hartu dut ardatz, eta traganarru da gertakaria pairatu zuten eskualde horretan —Bermeo eta Elantxobe inguruan— haize zurrunbiloari ematen dioten izena. Bizkaiko kostaldetik Urola Kostara ekarri al duzu istorioa, ala ez du kokaleku zehatzik? Antzezlanak ez du kokaleku finkorik, euskal kostaldeko edozein herritan gerta liteke. Erabiltzen dugun euskara gipuzkera da nagusiki, propioa dugulako, azken finean. Edonola ere, edozein toki izan daiteke. Gertaera horretatik abiatuta, antzezlan surrealista samarra osatu duzu. Denboran atzera egiten duen bodyboarder baten istorioa, alegia. Galernan eta bere alegia guztian dago inspiratuta. Garaiko biztanleak nolakoak ziren kontatu nahi izan dut gaur egungo gazte kirolari eta surflari prototipo baten ikuspegitik. Honek, istripuz edo, mende bat atzera egingo du jauzi, eta han paratuko da. Ez du jakingo zer demontre gertatu zaion, eta beretzat espreski prestatutako entrenamendu profesional bat dela pentsatuko du. Errealitatea begi aurrean eduki arren, ez du ohartu nahi. Burugogorkeriaz, bere egia horretatik abiatuta, bizirapen-esperientzia praktikan jarriko du, eta garai horretako egoera sozio-politikoan eta kulturalean integratzen joango da. Umore absurduak lekua du istorioan. Barre egiteko lana da, baina aldi berean hausnartzeko ere bai? Tragikomedia da. 1912ko gizartea oso gogorra da, konpetentzia handikoa eta aldaketaz beterikoa. Metodo tradi­zionalak atzean geratzen ari dira, bai itsasoan bai lurrean, eta industria sartzen ari da. Tradizonalak modernitatearekin lehiatu ahal izateko arriskatu egin behar dute, bizitza arriskuan jarriz. Alde horretatik, egiatik jokatzen dugu, eta egoera tragikoa da. Bestetik, ezertaz jabetu ez den pertsonaia protagonita dago, fisikoki zein psikologikoki prestatuko duen entrenamendu bat dela konbentzituta da­goena. Beraz, denboraz gaindiko talka kuturalak eragindako umore absurdua presente dago. Taula gainetik jaitsi eta zuzendari ardura hartzen duzun lehen aldia al duzu honakoa? Bai, lehen aldia dut, eta erronka positiboa dela iruditzen zait. Argi neukan ez nuela hanka bat agertoki barruan eduki nahi, eta bestea kanpoan. Zuzendu behar banu horretara mugatuko nintzateke, eta beste horrenbeste an­tzeztu beharko banu. Ni izatez aktorea naiz, eta beste zuzendari baten esanetara egon beharko nuke, baina horren faltan nik neuk hartu dut ardura hori. Gogorra da, ekoizpena gure gain hartu behar dugulako, eta aktoreek ordu asko  igarotzen dituztelako entseiatzen ezertxo ere kobratu gabe. Gogorra da hutsetik konpainia bat sortzea, eta zazpi aktore dituen lan bat martxan jartzea. Gainerakoan, oso gustura ari naiz lanean, benetan atsegingarria eta interesgarria baita. Orain aktorea naizela diot, baina ez dakit gerora zer egiten bukatuko dudan. Denetarik probatu nahiko nuke, eta ondoren aukeratu. Egun, oraindik, aktorea naiz, nahiz eta idatzi eta zuzendu. Zure esku egon al da aktoreak aukeratzea? Zuk jo al duzu haiengan? Hori ere oso lan zaila izan da. Ge­hien bat ezagutzen nituen,eta hortik jo dut. Tren honetara nor igotzen zen galdezka aritu nintzen, eta jende ugariri proposatu nion, baina gauza batengatik edo besteagatik batzuek ezin izan dute bat egin proiektuarekin. Azkenean aukeratzen duzu aukeratu daitekenetik, eta konfiatza emanez gehiegi ezagutzen ez duzun aktore horri. Jardunean ikusten duzu aktore bakoitzari ondoen datorkion rola, eta batzutan erabaki gogorrak hartu behar izan ditut. Azkenean osatu dugun taldea mundiala da, etagogotik ari dira lanean. Haiek gabe ez legoke ikuskizunik. Lehenengo plaza Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan izango duzue. Eraskuleiho ona da, ezta? Bai, oso ona. Erraztasunak izan ditugu bertan estreinatzeko, eta eskertzekoa da antolatzaileen lana eta gogo ona. Ilusioz beteta gaude. Hortik aurrera, ahalik eta gehien zabaldu nahiko genuke, jendearen gustuko izango dela pentsatzen baitugu. Durangoko Azokan halako lagin bat aurkeztuko dugu, eta horrek ere jende gehiagorekin harremanetan jartzeko aukera emango digu. Nahiz eta ez izan antzerki talde entzutetsua, kalitatezko lana egiten dugula erakutsi nahi du­gu, beste inoren inbidiarik gabe. Krisi garaian sortzen dira gauza onenak, eta hemen dakarkigu proposamen berri bat. Orain, emanaldiak lotzen ari gara, eta, za­lantzarik gabe, edozein eskaintza ongietorria izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide