Xabier Euzkitze: "Inork ezin nau pilotarien abizenak gaizki ahoskatzera derrigortu"

Onintza Lete Arrieta 2013ko urr. 3a, 15:35

(Onintza Lete Arrieta/Hitza) "Nire bizimodua, dena izan da transmititutakoa. Eta nire soldaduska ere, irratiz transmititutakoa izan zen". Zaila da Xabier Euzkitze Leon eta Valladolid aldean (Espainia) soldaduska egiten irudikatzea, baina halaxe gertatu zen. Eta halaxe kontatu zuen astero, bertsotan, irratiz, berak bizitakoa. Soldaduskara joaterako irratian bidea egiten hasia baitzen Zarauzko bizilaguna (Azpeitia, 1966). 1983an iritsi zen Euskadi Irratira, 1987an ETB1 sortu berrira, eta ordutik bigarren etxea du EITB. «Irailean 26 urte egin ditut», zehaztu du. Eta mende laurden pasa ospatzeko, umoreari heldu dio ikasturte hasiberri honetan. Kontrako eztarria telebista saioan Anjel Alkain aktorearekin eta haren lantaldearekin ia egunero ikus daiteke Euzkitze. «Urte batzuk atzera egitea izan da, Sorginen laratza saioko gauzetara buelta egitea. Julian Eizagirre izeneko gizon bat bada hemen, Zarautzen. Laurogehitaka urte ditu, eta aste honetan bertan hala esan zidan: Atzo gauean sumatu hintudan, telebisiyuan. Pilota partidan? galdetu nion, eta erantzun zidan: Ez, beste zeozertan ai zinan, zirkua behintzat! Eta pixka bat bada, bai», dio. Gustura da proiektu berriarekin, baita lankideekin ere. «Lan asko egin dugu elkarrekin Alkainek eta biok; Sorginen laratza-n 400 programa egingo genituen elkarrekin. Estimu pertsonal eta profesional handia dago, baita gainerako kideekin ere». Eta hori umorezko programa batean oso garrantzitsua dela uste du. «Edozein lanetan da komenigarria giro ona edukitzea, baina umorezko programa egin behar baduzu, ezinbestekoa da». Lehen bi asteak pasata, saioa indarra hartzen ari dela uste du Euzkitzek, eta kalean ere azkar nabaritzen dela azaldu du. «Neu korrika asko ibiltzen naiz Zarautzen bertan, edo Getaria aldera, eta gazteen paretik igarotzean, esaterako, segituan sumatzen duzu proiektuak islarik, oihartzunik, baduen edo ez duen. Eta Kontrako eztarria saioak dagoeneko hartu du indar dezentea. Gustura gaude. Gainera, umorea gauza oso serioa da, eta oso serio hartu behar da». Saioaren zaleentzat albiste txar bat ere badu kontatzeko, ordea. Izan ere, Euzkitze ez da M.A. pertsonaiaz mozorrotuta agertuko saioan. «Hura egun baterako kontua izan zen, promoziorako pentsatu genuen kriston ekipoa jartzea, baina ez zuen gero izango zenaren arrastorik ematen. Neuri ere esaten dit jendeak zain dagoela, baina horixe bakarrik falta dugu, egunero horrela azaltzea. Pentsa, ordu eta erdiko lana zen gu gisa horretan mozorrotzea». ETBri maratoia egiteko deia Produkzio propioari garrantzia emanda hasi du ikasturtea Euskal Telebistak. Euzkitzeren saioa da horietako bat. Etxearen egoeraz galdetuta, azpeitiarrak uste du garrantzitsua dela gauzak argi edukitzea, baita pazientzia dosi on bat ere. «Uste dut euskarazko telebistaren aldeko apustu berri honek maratoia izan behar duela, eta ez esprinta. Gauzak oso argi izan behar dira, eta pazientzia pixka bat ere behar da. Beharbada, gurekin baino beste programa batzuekin gehiago, baina denekin ere behar da pazientzia pixka bat. Eta gauzak oso-oso garbi eduki». Baliabide falta handia nabari du aurkezleak, baina dagoenarekin aurrera egitea beste aukerarik ez du ikusten. «Oso-oso aurrekontu murritzekin ari gara lanean, eta gustura egingo genukeen hainbat eta hainbat gauza ezin ditugu egin. Baina tira, hori dagokigu orain. Hala ere, lan egin ahal izatea ez da gutxi. Gainera, telebista bezain medio ezegonkor batean are gehiago estimatzen duzu. Oso-oso epe laburrerako proiektuak sinatzen ditugu, edozein momentutan amaitu daitezkeenak». Euzkitzek berak ez du zorte makala izan orain arte, afizioak zituenak ogibide bilakatu baititu. Eta ez du ahazten hori. «Zorte ikaragarria dut pilota eta hizkuntza bezalako afizioak ogibide ere izateagatik. Astero gogoratzen naiz horretaz». Pilotari izan nahi zuen txikitan. «Baina egur gutxiegi nuen», aitortu du. «Azpeitian bizi nintzen umetan, baina han halamoduzko frontoiak zeuden eta pilotarako lagunik bat bera ere ez nuen. Azkoitian, berriz, aitona eta amona plazan bertan bizi nituen, eta bertan bi pilotaleku, Goikolosa eta Kontzejupea genituen, azken hori xarma eta historia handikoa. Eta lagunak, berriz, nahi adina, gehiegi askotan, txanda hartzeko borrokan ibili behar izaten genuen». 13-14 urtera arte «maila politean» jokatu zuen, kopak eta txapelak irabaziz, baina handik aurrera ezin izan zion mailari eutsi. «Eskuetatik ere asko sufritzen nuen, eta zereginik ez nuela argi ikusi nuen. Erremontean ahalegindu nintzen gero, baina han ere egur gehiago behar, eta halako batean Euskadi Irratiaren bitartez pilota partidak eman ahal izatea, hori sekulakoa izan zen niretzat», azaldu du. Ondo gogoan du zein izan zuen lehen lana: «Herriarteko Pilota Txapelketaren final baten berri eman nuen. Azkoitia zen finalistetako bat, eta bestea uste dut Donostia zela. Eta neuk final hura eman ahal izatea Iñaki Elortzarekin batera, hura niretzat gozamen hutsa izan zen». Milaka etorri dira atzetik, haietako asko Josean Tolosa pilotari ohia lagun hartuta. Beste afizioa, hizkuntzarena, hori ere telebistako lanean, eta batik bat pilota partida emanaldiekin batera jorratu ahal izan du. Eta berriz, txikitako oroitzapenak datoz haren ahora. «Amarekin sartu zitzaidan niri komunikazioaren arra, eta euskararena. Tolosako izeba etorri dela pentsatuko dugu, eta biok ahaleginduko gara hala hitz egiten, esaten zidan amak. Nik bospasei urterekin egiten nituen jolas horiek amarekin. Gure amak bazuen euskara batu baten kontzientzia. Orduan batua berarentzat irratitik sartzen zen euskara zen, edo Tolosa aldekoa». Euskalkiez maiteminduta Euskaltzalea da Euzkitze. Baina, batez ere, «euskalkien maitemindua naiz». Hala, «beti belarriak tente» izaten ditu. Gipuzkera da ondoen menperatzen duen euskalkia, baina «lanaren eta lagunen bitartez bizkaiera eta baxenafarrera ere asko ezagutu ditut». Ezagutzea, eta erabiltzea du gustuko. Hala, aurrean duen pertsona azkoitiarra bada, berak ere azkoitiarrez egingo du. Ama bertakoa izanda, normala izan daiteke. Arraroagoa, edo behintzat zailagoa da Bisitaria telebista saioan Kalakan Iparraldeko musika taldekoengana joan, eta baxenafarreraz egiten ikustea. «Uste dut entzuleak eta pertsonak berak eskertzen duela ahalegina egitea. Bere euskalkirako hurbiltze ahalegin hori hurbilketa baten gisan interpretatzen dela uste dut, pertsonarenganako hurbiltze bat bezala. Eta tokian tokiko entzuleak ere asko estimatzen du». Euzkitzek urteak daramatza euskalki bateko eta besteko hitzak hartu eta egunerokotasunean erabiltzen. Pilota partida emankizunetan, esaterako, argia da hori. Euzkitzek erabiltzen dituen bi hitz dira, esaterako, ñakoa eta txintxea. «Ñakoak jugarreta esan nahi du, eta dejada, azken batean, horixe da. Txapa esateko, berriz, txintxe erabiltzen dute Baztanaldean. Hain zuzen, Baztanen nigana etorri zen gizon baten bidez ezagutu nituen bi hitz horiek». Han inguruko pilotariei galdetu, eta baietz, erabiltzen direla berretsi zioten Euzkitzeri. «Orain, mutil-kozkorrak pilotan dabiltzanean eta bateren bat egiten ari direnaz hizketan, entzuten ditut halako hitzak», azaldu du gustura. «Iruditzen zait badagokigula lan hori egitea: euskaraz lanean ari gara, eta gure hiztegia aberastea gure lana dela iruditzen zait». Ikus-entzule orok nabaritu duen jokaera da hori, eta aldeko nahiz kontrako jarrerak sortzen dituena. «Askotan esker gaiztoko lana izaten da, oso motzak garelako. Partidu esan beharrean partida esaten hasi nintzenean ere entzun behar izan nituen. Baina nik oso argi dut ez naizela Azkoitirako ari, ezta Zarautzerako ere, Euskal Herri osorako baizik. Horregatik, uste dut geuk ere buruan zabaltasun pixka bat izan behar dugula hizkuntzak eta espezialitate bakoitzak ematen dizkigun baliabideak erabili eta pixkanaka zabaltzeko». Eta hala gaineratu du: «Zerbaitegatik ditugu horrenbeste euskalki, eta horiek aberasgarri gisara erabili behar ditugu, eta ez mugagarri gisara». Beti ez da esker gaiztoko lana izaten, hala ere. «Niretzat poz handia da Hendaia, Angelu, Azkaine, Donibane Garazi eta beste hainbat tokitako pilotalekuetara joan, eta pilotazaleak etortzea, baina ez bat eta bi, asko, eskerrak ematera. Aizu, zure euskara biziki huntsa konprenitzen dugu, eta milesker. Zuk erabiltzen dituzu gure hitzak eta biziki estimatzen dugu. Halakoetan pentsatzen dut zeozertan asmatzen ari garela, edo irudipen hori dut behintzat». Korrontearen kontra beti Ideiak argi ditu, eta ez zaio axola izan korrontearen kontra igeri egitea. «Gauza batzuetan bakardade pixka bat sumatu dut, baina neuk hain argi ditut gauzak, ez zait askorik inporta». Adibidea jarri, eta pilota mundura hurbildu da berriz ere. «Esaterako, nik betidanik oso-oso argi izan dut pilotarien deiturak euskaraz jarri behar ditugula. Izena norberarena da, baina abizena hizkuntzarena. Horrek ez du bakoitzaren kapritxoaren edo familiako ohituren menpe egon behar. Hizkuntzak eta Euskaltzaindiak berak bere irizpideen arabera erabakitzen duena, hura erabili behar litzateke. Baita euskaltzainen kasuan ere. Haritxelar euskaltzainburua izan zen, baina frantsesez idazten zuen bere abizena, eta ni ez nago horren alde. Galdu dudan borroka izan da, Euskal Telebistak pilotari bakoitzari nahi duen bezala jartzen utzi diolako abizena gure errotulazioan. Baina tira, inork ezin nau pilotarien abizenak gaizki ahoskatzera derrigortu, eta horretan behintzat eusten diot neure horri». Irabazitako borrokak ere baditu telebistan. Albistegiak aurkeztea egokitu zitzaionean, esaterako, bere nortasunari eutsi zion. Albistegia belarritako eta guzti aurkeztu zuen lehen gizona izan zen, ETBn behintzat. «Orduan ETBn bazeuden belarritakodun beste zenbait aurkezle gizonezko, Andoni Basabe eta Asier Aranguren esaterako, baina telebistan atera behar zutenean makillaje gelan uzten zuten belarritakoa. Ni, berriz, ordurako bertso saioetan beste bertsolariei zer jana dezente emanda nengoen belarritakoaren gorabehera horrekin, beti hortik kolpe egiten baitzidaten. Gainera, Hitzetik hortzera saioak ere arrakasta handia izaten zuen orduan, eta esan nuen telebistan beti bertsotan belarritakoarekin agertu, eta gero albistegietan gabe azaltzea ez zela oso naturala izango. Eta hala azaltzen nintzen, belarritakoarekin». Gazte-gazte zela hasi zen bertsotan Euzkitze, eta ez dio sekula utzi kantuari. Plazatik, ordea, orain hamabost urte erretiratu zen. «Gero eta gogo gutxiagorekin» abiatzen zen saioetara, eta Soraluzen oholtza gainean bertsotan zen batean, momentuan erabaki zuen bere azken saioa izango zela hura. Orain, urtean behin igotzen da jendaurrera kantura. Zumaian, Artadiko sanmieletan, hain zuzen. Joan den igandean huts egin zuen, lan kontuengatik. Amets Arzallusekin abestu beharrean, 11 urteko Aner semearekin egin zuen saioa, ordea. «Logroñoko pilota partida batera joan behar nuen, eta seme zaharrenak esan zidan nirekin etorriko zela. Autoan sartu orduko hasi zitzaidan puntuka, eta hala egin genituen hasierako kilometro mordoa». Nabari du semeaz harro dagoela. «Ikaragarrizko afizioa du bertsotarako, goizero azkar-azkar gosaldu eta grabatutako bertso saioak edo bertsolarien marrazki bizidunak ikusten ditu», dio irrifartsu. Elkarrizketa amaieran, konfesioa ere egin dio HITZA-ri: «Ez dakit komunikabideetan noiz arte jardungo dudan, edo noiz arte izango dudan tokia, baina bertsolaria hil artean izango naizela, hori argi daukat».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide