Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoa.
Fundazioa desegin ondoren proposamen zehatzak behar dituztela azaldu du Azpeitiko alkateak.
Uztailean Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioa desegiteko erabakiaren berri jakin zen, eta orain Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoko langileak kaleratzen ari direla salatu du PSE-EEko talde parlamentarioak, ohar bidez. Adierazi duenez, museoko zuzendari Maitane Ostolaza ere kaleratu egin dute. «Intentzio politiko garbi batekin ari dira museotik langileak kaleratzen. Gero, berriro museoa Juanjo Olaizolaren eta Burdinbidearen Lagunen Elkartearen esku uzteko. Hauek museoa modu partikular, patrimonialista batean eta profesionalitaterik gabe kudeatu dezaten», esan dute PSE-EEkoek.
Jesus Zaballos PSE-EEko legebiltzarkideak Burdinbidearen Museotik «langileak ez kaleratzeko eta horiek Euskotrenen subrogatzeko» eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza Burdinbidearen Museoarekin nola jokatzen ari den ez dutela ulertzen eta gauzak argitzeko ere eskatu dute PSE-EEkoek.
Trenaren Museotik langileak kaleratzea Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioa desegitearen estrategiaren baitan kokatu dute PSE-EEkoek, hala museoaren administraziotik Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko Udala aldenduz.
Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioa desegin eta Azpeitiko museoa Euskotrenen esku uztea uztailaren hasieran erabaki zuten, fundazioaren batzarrean. Fundazioan Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak hartzen zuten parte, besteak beste. Euskotrenetik ezer gutxi argitu zuten orduan; soilik museoaren zuzendaria Euskotrenen zuzendaria izango zela, Iñigo Palomino, eta trenaren museoa azpiegitura turistiko izaten segituko zuela.
Proposamenen berri eskatuz
Fundazioa desegiteko Jaurlaritzak hartutako bidea «kezkaz» ikusten du Eneko Etxeberria alkateak. «Herriari eta bailarari zuzenean eragiten dio museoak, eta kezkaz ikusten ditugu proposatzen diren pausoak; bai museoan izan dezakeen eraginatik, kanpoko finantzazioa galtzeagatik, eskaintza murrizteagatik edo langileen kaleratzeagatik». Azpeitiko alkatearen ustez, Jaurlaritzak Burdinbidearen Museoaren Funtzioak eta eskaintzak kanpo finantziazioa lortzea eta udalaren parte-hartzea «bermatu» egin behar ditu. Horregatik, aurrerako proposamen zehatzen berriak eta idatziak behar dituztela gaineratu du alkateak. «Asmoaren proposamen zehatzak eta idatziak behar ditugu, baina idatziz fundazioa ixteko pausoak bakarrik ikusten ditugu», azaldu du Etxeberriak.
«Museoa inoiz baino gehiago behar dugu. Museoa nahi dugu Azpeitian eta trenaren museo berria», esan du alkateak.
Bisitarien erakargarri
Alkatearen arabera, krisi ekonomikoa eskualdean gogor eragiten ari da. «Industria bortizki kolpatzen ari da gure artean, eta euskal erakundeen laguntza behar dugu atal askotan». Ekonomian eragiteko «bereziki landu beharreko» ataletako bat turismoa dela uste du Etxeberriak. «Azpeitian, besteak beste, Loiola eta Burdinbidearen Museoa dira herrira jende gehien erakartzen dutenak».
Urolako trenetik fundaziora
Azpeitiak eta bailarak Urolako trena galdu ondoren, «konpentsazio gisa» museoa jarri zutela ekarri du gogora Azpeitiko alkateak. «Fundazioak trenaren museoko dinamizazioa eta indartzea bultzatzen zuen, batez ere kanpoko erakundeen eta enpresen finantziazioa bilatuz», gaineratu du.
Azpeitiko trenaren museoa 1992an sortu zuten eta 1994an ireki zituen ateak. Museoaren sorreratik fundazioa sortu bitartean Juanjo Olaizola historialaria izan zen zuzendaria eta Euskotrenek kudeatu zuen kultur azpiegitura. Euskal Burdinbidearen Museoa Fundazioa 2011n sortu zen, eta ordutik Burdinbidearen Euskal Museoa kudeatu du. Fundazioko zuzendaria Maitane Ostolaza zumaiarra izan zen.