(Aitor Manterola/Hitza)
[
Aitor Manterola/Hitza] Etxe azpian jarri dio hitzordua Urola Kostako Hitza-ri Saroi Jauregik (1978, Zaldibi). Badu horretarako arrazoia: «Umea Mantxiren [Igor Mantzisidor bikotea] ardurapean geratu da, eta gero bera joango da Txapelketako entrenamendua egitera». Bertso giroa bete-betekoa bizi dute etxean, hortaz. Biak Bertsolari Txapelketa Nagusian murgilduta. Irailaren 29an hasiko da, Jauregi gaiak jartzen ariko da, aurretik gaiak aukeratzen hainbat ordu pasa eta gero talde lanean. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak ere lan asko izaten baitu halako hitzordu handian. Bertsolaritzaren lau urtez behineko jarduera gorenak lan eta dedikazio handia eskatzen du.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ezaugarri aipagarrienak zein dira aurten?
Saioen banaketa da nabarmenena. Jendeak espero ez zuen lekuetan izango da hainbat saio, bertsolaritza gero eta gehiago ari baita zabaltzen, eta bertsolaritza heldu gabeko oso txoko gutxi geratzen direlako. Horren aldeko apustua egin da, eta bertsolaritza indarra hartzen hasi den lekuetan saioak antolatu dira.
Zein dira leku horiek?
Orain arte saioak antolatu izan diren lekuetatik urruti samar egingo zaizkienak. Esaterako, Oion. Kanporaketako azkeneko saioa han izango da. Maule da bestea. Azken txapelketan ez bezala, azkeneko finalerdia ez da Donostian izango, Zuberoako hiriburuan baizik.
Apustuak direla esan duzu, baina erabaki horien atzean gogoeta sakona dago, ezta?
Euskal Herriak zazpi probintzia dauzka, batetik. Bestetik, bertsolaritza Maulen eta Oionen bada, bertso eskola bada Oionen, adibidez, eta Maulen indarra hartzen ari da. Merezi dute saio bat bi leku horietan ere.
Txapelketa Nagusiak bertsolaritza du muina, jakina, baina Euskal Herria, zazpi probintzia... Lehiaz haragokoaere ba al da?
Garbi dago bertsolaritza Euskal Herrian egiten dela, eta Euskal Herriak zazpi probintzia dauzka. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak berak biltzen ditu herrialde bakoitzeko Bertsozale Elkarteak, denok osatzen dugu Elkartea, eta gero, herrialde guztietan islatu behar da egiten dugun lana.
Saioen zein ezaugarri aipatuko zenituzke?
Berezitasun nabarmenik ez dago. Ariketa aldetik ohikoa izango da, eta sailkatzeko modua duela lau urteko Txapelketakoa bezalakoa, baina aldaketa txiki honekin: finalerdietara sartzeko leku bat gehiago egongo da, Andoni Egañak uko egin diolako parte hartzeari, bere lekua libre utziz. Maialen Lujanbio zuzenean igaroko da finalera, eta beste sei izango dira finalerdietan hasiko direnak, ohiko zazpien ordez; horregatik, leku bat gehiago dago finalerdietan.
Txapelketaren irudiaz zer iritzi duzu?
Soiltasuna bilatu dugu, ikusi dugulako bertsoari eman behar diogula garrantzia, eta bertsoa bera oso gauza soila delako: bertsolari bat zutik jarrita, mikroaren aurrean kantari. Irudiari garrantzia kendu, eta bertsoa izango da protagonista.
Aurreko probaren batean irudiak hartu al zion gaina bertsoari?
Hausnarketa prozesu etengabe baten ondorio dira erabaki guztiak. Orain dela lau urte egoki ikusi zen irudi eta sintonia hura eskaintzea, beste apaindura batzuekin. Eta ildo horri segika, bide bat egin da. Orain ikusi dugu berriz atzera egin behar dugula, eta bertsoa dela erdigunea, eta ez sintonia, irudia edota inguruan jartzen ditugun gauzak.
Kanporaketa saioetan, aurrekoetan baino ariketa gutxiago izango al dira?
Ez da alde handirik egongo. Zehazki ez dakit esaten. Akaso, ariketaren bat kenduko zen, baina bertso kopuruaren aldetik antzekoa izango da.
Zein dira Bertsozale Elkartearen helburuak txapelketa honetan?
Txapeldun bat izendatzea da lehen helburua, Euskal Herrikoa. Gero, erakustea hau ez dela ezerezetik lau urtez behin sortzen den zerbait, eta egun batetik bestera 13.000 lagun elkartzen dituena finalean BEC-en. Urte osoan egindako lana dago horren guztiaren atzean, eta hori erakutsi nahi da: sustapenean, transmisioan, ikerkuntzan. Ez da Bertsozale Elkartearen lana soilik; herriz herri eta auzoz auzo lan egiten duen bertsozale mordoa dago, umeak hartu eta astero alboko herriko bertso eskolara eramaten, eta abar. Horren guztiaren erakusgarri izan nahi du Txapelketak. Bertsolaritzaren errealitatea orokorrean erakutsi nahi da.
Txapelduna izendatzea aipatu duzu, lehiaren izaera gogora ekarriz, baina lehiatik baino gehiago al dauka festatik txapelketak?
Finalak badu festa kutsua, berezia da. Lehia bada, baina ez dut uste inor haserretzen denik berak gehien maite duen bertsolariak irabazten ez badu. Gehiago gustatuko zaio batek irabaztea, jakina, baina lehia sanoa dago bertsolarien artean, baita entzuleen artean ere. Beste arlo batzuetan ez da halakorik gertatzen. Esaterako, kirolean sortzen diren liskarrak ez dira bertsolaritzan izaten, eta horrek berak ematen dio finalari festa izaera, lehiari nagusituz.
Bertsolaritza eredugarri jotzen da hainbat arlotan, eta lehiari begiratzeko eran ere halaxe da, ezta?
Hor bada kontu berezi bat, lehia dagoen beste alor askotan edo ia denetan gertatzen ez dena: bertsolaria ofizioka ari denean, beste bertsolaria oso ondo aritzea komeni zaio, berak aukera gehiago izango duelako ondo aritzeko. Horrek ere lehiari garrantzia neurrian emateko balio du.
Txistuak ere entzun izan dira, eta lehia sanoarena beste esparru desatsegin horretara ere igaro izan da. Zer diozu horretaz?
Badago, eta beti egongo da. Izan ere, bertsoa puntuatzea modu justu batean ezinezkoa da. Gainera, norberaren gustuak daude. Bat-batean egiten da bertsotan, eta epaileak ere bat-batean ari dira; segundo gutxi batzuetan epaitu behar du bertsoa. Finalean goizeko 11:00etatik gaueko 21:00ak arte egon behar dira kontzentratuta, eta uneren batean despistatuta egon daitezke, edo epaile bati ideia bat ona iruditu dakioke, baina beste bati ez. Horregatik egoten dira, hain zuzen, saio bakoitzeko bost edo sei epaile, erabaki subjektiboa dena beste erabaki subjektiboekin batzeko. Txistuak? Jendeak egin dezake nahi duena, baina kontuan har dezala zer lan egiten ari diren epaileak, eta nola. Lau urtez aritu dira entrenatzen, aurten berriz ere epaile irizpideak berrikusi dituzte... Asmo txarrik ez dago.
Gai-jartzaile ariko zara aurten ere. Nola antolatzen da lan hori?
Hamasei izango gara gai-jartzaileak, eta gehienok aurkezleak ere izango gara. Txapelketako gaiak aukeratzen ere denok ibili gara. Talde lana da, bakarka hasi arren. Bakoitzak bere ideiak ekartzen ditu lehendabizi, eta gero, taldean adosten ditugu.
Gaiak aukeratzeko irizpideak zein dira?
Gizartea aldatuz joan da lau urtean. Orduan gaurkotasun gaiak ziren batzuk orain ere badira, beste batzuk ez. Lau urte hauetako saioen ezaugarriak ere kontuan hartu behar dira. Faktore asko daude gaiak aukeratzerako orduan. Gure taldean zein dagoen edo zein ez dagoen ere kontuan hartzekoa da.
Noiz hasten da Bertsozale Elkartea Txapelketa Nagusia antolatzen?
Gutxi gorabehera aurrekoa bukatzean. Baina nagusiki 2012 osoa darama eta aurtengoa antolaketa lanetan. Saioetako herriak aukeratzen garaiz hasi behar da, babesle bila ere bai, eta lehen esandako gogoeta horiek guztiak egiten ere aspalditik ari gara. Txapelketa bat bukatzen denean, balorazio taldea osatzen da, eta bilerak egiten dira, azterketa sakona egiteko hurrengora begira.
Zein ondorio atera zenituzten azkenekotik?
Betiko xehetasunak daude. Adibidez, Berako saioan egundoko hotza egin zuen, eta halakorik ezin da berriz gertatu. Ez dakit non soinuak ez zuen behar bezala funtzionatu, eta zuzendu egin behar da hori. Halako kontuak izaten dira. Bestela, ezin hobea izan zela ondorioztatu dugu; jendeak sekulako erantzuna eman zuela.
Bertsoa egiteko eraz ze gogoeta utzi zituen Txapelketa hark?
Bertsokera ez dut uste Txapelketako kontua soilik denik. Urte osoko saioetan azaltzen da nondik nora doan, eta hainbat bertsolarik egun osoa ematen du bertsoan pentsatzen. Aldatzen doa, ez da dudarik gizartea bezala. Bilakaera egon da bertsokeran, eta bertsolariek sekulako maila dute.
Zenbat jende ibiltzen da antolaketa lanetan?
Ezin da kalkulatu. Herriz herriko saioetan borondatezko jende asko aritzen da lanean, eta Elkartean bertan ere Txapelketara jarria egoten dira beste lan batzuetan aritu ohi diren langileak. Borondatezko laguntzarik gabe ezinezkoa da halako Txapelketa bat antolatzea; pentsa, adibidez, zenbat jende behar den aulkiak jartzeko saioetan, edo sarrerak saltzeko, kartelak jartzeko.
Txapelketaren inguruan ahots kritikoak izan dira eta badira orain ere, baina denek onartzen dute sekulako bultzada eman diola bertsolaritzari.
Hauspoa eman dio, garbi dago. Txapelketa ez dela beharrezkoa? Finalean 13.000 lagun biltzen duen ekimen batek ez dut uste inori kalte egiten dionik. Beste gauza bat da onartzea bertsolaritza ez dela Txapelketa bakarrik. Komunikatiboki, egia da bertsolaritzako beste lan eta ekimen batzuek ez dutela Txapelketak hainbesteko oihartzuna lortzen. Gaur [herenegun] aurkeztu dugu Txapelketa, eta Euskadi Irratian orduroko albiste parteetan denetan aipatu dute. Jendea zain dago.
Txapelketaren ondorengo saio ia denetan, finalean edo finaletik gertu ibili diren bertsolariak aritzen dira kantatzen. Ahots kritikoek diote Txapelketaren ondorioz, bertsolari asko zirkuitutik kanpo edo erdi kanpoan geratzen direla. Hala al da?
Jaialdi handietan betikoak aritzen dira, bai. Uste dut Txapelketan ondo ibiltzen ez denak ere saioak izaten dituela urtean zehar, baina egia da ez duela lortuko Txapelketan ondo ibiltzen denak adina saio. Azken batean, ez dago denentzako lekurik, eta dauden saioak daude Euskal Herrian. Bertsozale Elkarteak ezin du askorik egin horren aurrean.
Bertsozale asko Txapelketan bakarrik joaten al dira saioetara?
Txapelketak beste edozein saiok baino entzule gehiago biltzen dituela ezin da ukatu. Eta finalera joan den bertsozalea, akaso, ez da joango bere herriko saiora hurrengo egunean, nahiz eta finaleko bertsolari berak izan. Hor autokritika egin behar dugu denok, baina bakarka, eta ez utzi ardura Bertsozale Elkartearen gain.
Txapelketak bertsolaritzaren argazki irreala uzten du, hortaz?
Bai, noski. Txapelketan 43 bertsolarik hartuko du parte, eta Euskal Herrian askoz gehiago daude. Batzuek plaza asko egiten dituzte, baina Txapelketan parte ez hartzea erabakitzen dute. Gero badira jendearen aurrean kantatzen ez duten bertsolariak ere, lagun artean aritzen direnak. Txapelketak bertsolaritzaren zati bat baino ez du erakusten; ikusgarriena da, baina zati bat. 13.000 lagun asko direla esan dugu lehen, baina bertsolaritzaren inguruan urte osoan aritzen den jendea hori baino askoz gehiago da.
Maialen Lujanbiok irabazi izanak zer sentimendu eragin zizun?
Poza, Maialenek sekulako bertso maila duelako. Emakume batek irabaztea lorpen handia da, eta ez emakumea delako soilik, maila horretara heltzeagatik ere bai, eta erabat gizonezkoena zen esparruan sartzea lortu duelako emakumezkoak eta txapelduna emakumezkoa delako. Besteren batek irabazi balu ere poza sentituko nukeen, baina Maialen izateak eman zion beste zerbait.
Andoni Egaña faltako da aurten, aspaldiko partez.
Belaunaldi baten azken ordezkaria zen Txapelketan. Aurten zaharrena Jon Maia izango da, 41 urtez. Iñaki Muruak ederki erantzun dio Egalañaren hutsuneaz galdetu diotenean: esan du pertsona batek zuloa utzi eta atzekoak betetzeko aukera izatea ederra dela, larria izango litzatekeela inor ez etortzea. Seguraski, finalean gogoratuko gara Andoni falta dena, baina beste batzuez ere oroituko gara; esaterako, Joxe Agirrez. Berak jantzi zion txapela Maialeni duela lau urte, eta ez dago gure artean. Lehen ere egon ziren batzuk, joan ziren, eta berriak etorri dira.
Bertsolari zaharrena Jon Maia izateak esan nahi du gazteak indartsu datozela eta badatozela. Bertsolaritzaren geroaren mailaren berri ematen al du horrek?
Gazteena Maddi Sarasua izango da, eta 18 urte dauzka. Etorkizuna bermatua dago. 20.000 ume ari dira ikastetxeetan bertsolaritza lantzen, astean ordubete, eta bertsoa zer den jakingo dute, jolastu egingo dute bertsoarekin. Gero, batzuek salto egingo dute bertso wskoletara, beste batzuk gai-jartzaileak izango dira, epaileak beste batzuk, eta entzuleak izango dira gainerakoak. Harrobia ari gara lantzen, bertsolaritzarentzat eta euskararentzat garrantzitsua. Komunikazioa ari gara
lantzen, eta bertsotarako eta gainerako arloetarako balio du horrek.
Euskara hutsezko jarduera batek 13.000 lagun biltzea sekulakoa da. Bertsolaritza eredugarritzat jotzen da alor horretan.
Gure helburu nagusia bertsolaritza zabaltzea da, eta jakitun gara horrek euskarari ematen dion hauspoaz. Euskaraz ez dakien jendeak sentitu egingo du zerbait galtzen ari dela, BEC-en 13.000 lagun bilduta ikusten dituenean. Gero, gazteen inguruan esaten da euskaraz jakin arren, gutxik erabiltzen dutela, eta bertsolaritzak ematen die gazteei aisaldian