Anari, artxiboko irudi batean (Argazkia: Gari Berasaluze)
Anari musikariak orain arte profesionalki jorratu gabeko arlo bati helduko dio datozen asteetan. Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioa izango da irailaren 20tik 28ra, eta Euskal Zinemaren Irizar Saria sailean epaimahaikide izango da azkoitiarra. «Urtero norbaiti suertatzen zaio, eta sari polit hau niri etorri zait aurten», adierazi dio UROLA KOSTAKO HITZA-ri.
Donostiako Zinemaldian parte hartzeko aukera «harriduraz», baina «oso gustura» hartu duela aitortu du azkoitiarrak. «Lan erakargarria da niretzat. Epaimahaikide izatea ez da bizian izan dudan anbizio handienetarikoa, baina beste bi lagunekin arituko naiz, eta aukera ederra izango da. Jaialdiak beti erakarri izan nau; asko ibili naiz bertan».
Euskal Herrian ekoiztutako filmeak lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Sarian, eta Anarirekin batera, euskal kulturaren inguruan lanean diharduen hainbat lagunek osatuko du epai mahaia. «Kasu honetan, ez dago zine aditua izan beharrik». Asier Altuna—epaimahaiburua— zine zuzendaria eta Itziar Nogales kultura kudeatzailea izango ditu ondoan Anarik.
Gogoa eta kezkak
Musikagintzatik pauso bat eman, eta zinema jaialdiari «orain arte begiratu gabeko aldetik begiratzeko» aukera emango dio bizipenak, eta, zentzu horretan, epaimahaikide izateak «ateak irekiko» dizkiola deritzo. «Lantegi gisa oso ederra izango da. Filmak ikusteko modua aldatuko didala uste dut; aberasgarria izango da».
Zinemarekin «oso harreman estua» duela nabarmendu du. «Oso zinemazalea naiz; niretzako ez da mundu arrotza. Alde horretatik, oso gustura egingo dudan lana izango da. Asko joaten naiz zinemara, eta gertutik jarraitzen dut».
Euskal Herrian ekoiztutako zortzi film lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Sarian. Azkoitiarrak adierazi duenez, epaimahikideek jasotako pautei jarraituz taldean adostuko dute «lanik aipagarriena, ez onena». «Epaitzerako orduan gaizki pasatuko dut. Artearen munduan irabazlea zein den epaitzea ez da logikoa. Baina ez da nire esku soilik egongo, eta lasaiago geratuko naiz alde horretatik», adierazi du musikariak.
Disko berria, Durangorako
Aurreko urtean grabatutako zuzeneko batekin diskoa prestatzen ere ari da Anari. Nahaste lanetan dihardu egun, lana Durangoko azokarako prest izateko. Ondoren kontzertu bat edo beste emateko asmoa du. «Diskoarena lan txiki bat izango da. Zuzenekoa ateratzeak lotsa pixkat bat ematen dit, uste dudalako sormenari garrantzia eman behar zaiola». Dena den, nabarmendu du zuzeneko saioak «benetakoak eta naturalagoak» direla. «Grabatu eta bira bat egiten dugu, eta beti abestiak hobeto egoten dira bira amaitutakoan. Beraz, lehen bira egin, eta gero diskoa grabatu beharko genuke».