Idoia Elizondo: "Sendabelarrak erraz aurki daitezke Orio inguruan"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uzt. 24a, 17:59

Mandalara Taldeak sendabelarrak ezagutu eta biltzeko irteera antolatu du, biharko. Idoia Elizondo (Zarautz, 1960) izango da irakaslea, eta parte-hartzaileei sendabelarren mundu zabalaren oinarrizko kontuak erakutsiko dizkie. Zer egingo duzue irteeran? Hasiera batean helburua mendira joan eta sendabelarrak ezagutzea da. Hiru belar hartuko ditugu oinarri; horiek non jaso daitezken azalduko diet, belar guztiak ez baitira toki bereak hazten. Era berean, sendabelar bakoitzaren propietateak zein diren eta nola bildu behar diren azalduko diet irteetan parte hartzen dutenei. Ondoren, sendabelar horiek oliotan jarriko ditugu, eta hainbat hilabete bertan ontzen utziko diegu, olioak belarren propietateak hartu ditzan. Ondoren olio horiekin ukenduak nola egiten diren erakutsiko diet. Zaila al da Orio inguruan sendabelarra aurkitzea? Sendabelarrak ezagutzen ez dituztenak mendira joaten direnean ez dute arretarik jartzen, baina Orio inguruan sendabelarrak erraz aurki daitezke; ez dago oso urrutira joan beharrik. Pasa den astean menditik paseotxo bat ematera joan nintzen, eta aurkitu nuen leku bat sendabelar ugari zegoena. Gaur berriz joan naiz bertara, eta azken egunetako eguraldi beroaren eta hezetasunaren ondorioz landareak erre egin direla ikusi dut. Pena izan da, ez baita erraza sendabelar mordoska biltzen dituzten tokiak aurkitzea. Aspalditik al diharduzu sendabelarren inguruan  ikasten? Orain dela gutxi hasi nintzen. Ikastaro bat egin nuen, eta gaia asko gustatu zitzaidan. Ni eskolan beti txarra izan naiz, baina  ohartu naiz gaia interesatzen zaidanez, landareen izenak eta propietateak segituan ikasten ditudala. Pixkanaka joan naiz ikasten. Ikastaroa egin ondoren, urtebetzean sendabelarren inguruko liburu bat oparitu zidaten, eta nire kasara lantzen joan naiz. Liburuarekin joaten naiz mendira; landareak bildu, eta etxean probak egiten ditut. Zein dira zuk gehien erabiltzen dituzun sendabelarrak? Santio belarra, berbena belarra eta pasmo belarra erabiltzen ditut nagusiki. Kalendula ere erabiltzen dut, azalerako oso ona baita, baina hori belar dendetan erosten dut. Landare bakoitzak propietate jakin batzuk ditu, eta horiek ezagutu beharra dago, bestela kalte egin baitezakete. Arnika belarra, esaterako, mina kentzeko oso ona da, baina zauriak gaiztotu egiten ditu. Hasieran aipatu ditudan hiru sendabelarrek, berriz, ez dute kontraindikaziorik, eta horregatik erabiltzen ditut asko. Kolpeak sendatzeko sendabelar guztiekin ukendu bat egiten dut. Gaiztotuta dauden zauriak tratatzeko, berriz, pasmo belarra bakarrik erabiltzen dut. Zein prozesu jarraitzen duzu ukenduak egiteko? Lehenik eta behin landareak oliotan jartzen ditut, eta hainbat hilabete bertan ontzen uzten ditut. Ondoren, olio hori argizari urtuarekin nahasten dut; ontzi bat argizari eta sei olio da proportzioa. Ondoren nahasketa poto txikitan sartzen dut, eta hozten uzten dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide