Martxoaren 16an, larunbatean, aukeratzekoak ziren Zarautz Arraun Elkarteko zuzendaritza batzordea. Aurten lehenbizikoz bi talde aurkeztu dira: bata, Edu Mugertzaren gidaritzapean, eta bestea Jon Artolarenean. Aste honetan, ordea, Mugertzak bere hautagaitza atzera bota du, eta, azkenean, ez du bere burua presidente izateko aurkeztuko. Ondorioz, Jon Artola izango da aurrerantzean ZAEko presidente. Mugertzak, bere aldetik, gutun hau helarazi du:
"Eduardo Mugertza, Zarautz Arraun Elkartea-ZAE-ko lehendakari ohiak, klubak egindako azken asanbladan eta kalean egindako kritika eta salaketa faltsuen aurrean, ondorengoa zehaztu nahi die bazkide zein ZAE-ren lagun guztiei:
IRAGANA-Klubaren egoera 2011n: Senior mailako traineruak maila galdu zuen. Arraunlari askok kluba utzi zuten. Inmobiliaria Orio-k, babesle nagusiak, klubarekin zuen konpromisoa amaitutzat ematen zuen. Kluba ekonomikoki kiebra egoeran aurkitzen da, eta Udalak hartutako diru-sarreren konpromisoa ez betetzeak larritu egin zuen egoera. Laburtuz; Amilibia Ontziolarekin 22.000 euroko zorra. Zulaika aroztegiarekin 6.000 euroko zorra. Arraunlariekin 20.000 euroko zorra. Hainbat kontzepturen zorrak: sendagilea, entrenatzailea, medikuntza sendagaiak… 2011ko hasieran, eta egoera larri hau kontuan hartuz, lehendakaritza hartu nuen, alde batetik inposatua, izan ere ez baineukan erantzukizun handi eta larri hura hartzeko inolako asmorik.
Herentzian jaso nuen juntarekin egin nuen lan, eta zoritxarrez, kide batek sistematikoki ekimen berri eta originalak behin eta berriz oztopatzen zituen (bigarren eskuko azoka, Cava azoka,…); ekimen oso baliagarriak klubaren egitura ekonomikoari eusteko, EZINEZKOA baita bestela edozein kirol ekintzarekin aurrera egitea. Ondorioa; bi juntakideren dimisioa, beraien proposamenak juntakide batek oztopatu eta gutxiesteaz nekatuta eta nazkatuta. Azken hilabeteotan bakardade eta gutxieste sentsazioa handitu egin zait, eta gainera ohartu nintzen pare bat kidek ez zeukatela inongo asmorik oztopatzailearen jarrera aldatzeko, ez eta klubaren alde errekurtso ekonomikoen bila aritzeko, hondoratze ekonomikoa saihestearren.
EGUNGO EGOERA: Hala eta guztiz ere, erantzun egin ditugu hornitzaile eta zor guztien ordainketak; hauek ordaintzeko presioak eta estutasunak denbora luzean niri izugarrizko stressa eta kezka sortu bazidan ere. Udalaren aldetik konpromiso ekonomikoak eguneratu. Klubak gaur egun ez du zorrik, are gehiago, diru-kutxan soberakin garrantzitsu bat dago. ZAE-ren patrozinatzaile berriak. Seniorretan entrenatzaile berria. Nesken trainerua eta beteranoen trainerua; klubaren historian lehen aldiz parte hartuz 2013an Oriako Jaitsieran. Carrocerías Shanti-ri esker klubeko hiru furgonetak berritu eta pintatu dira. Inprimatze lan guztietan patrozinioa lortu da. Munoan Cava Azoka, hiru helburu garrantzitsu lortuz: batetik diru irabaziak, eta lorpen garrantzitsuena, klubaren etorkizunerako apustu sendoa. Bestetik, ZAE gizarteratzea: kluba ez da aparte dagoen irla bat, Zarauzko gizarte sarean parte hartzen du eta zarauztarren sentimenduan txertaturik dago. Cava Azokak erakutsi digu zaleak, kluba, arraunlariak eta herritarrak batzeko gune eta aukera izan dela; garrantzitsua oso kontuan hartuz kluba fisikoki Aia-Orion dagoela, eta Zarautzen bertan ez dagoela zaletasun hau jasotzen duen egoitza sozialik. Eta azkenik, komunikabideetan presentzia: hainbat komunikabidetan hitz egin nuen (irrati, prentsa…). Malekoian denda jarri genuen. Arrona Hnos.-eko lokal zaharrean bigarren eskuko azoka. Azken emaitza: klubaren altxortegirako laguntza ekonomiko garrantzitsua. Gainera, lokalaren ondoko biltegia ere erabilgarri jarriko da eta azokak askoz ere leku handiagoa izango du. Azken bi urteetan, zorionez, bazkideak gehitu dira eta Zarauzko gizartean ZAEren presentzia handitu egin da.
2012: arraunlari gaztetxoen gurasoak Juntan sartzen dira eta egoera kezkagarria bada ere ilusio berri bat sortzen zait. Jende berria eta klubaren alde lan egiteko ilusioa sumatzen dut. Une horretan eta udalarekin egin beharreko akordioaren harira, ZAEn ziklo berri bat hasten dela sentitzen dut:
Harrobiarekin lanean jarraitzen dugu: haur asko gerturatzen dira klubera. Tolosako klubarekin akordioa lortzen da ZAEn lehen aldiz emakumezkoen trainerua osatzeko. Tolosarrekin dugun harremana sendotzen bada, klubaren etorkizuna sendotuko dugu emakume zein gizonezkoen traineruan. Nesken traineruak eta beteranoen traineruak, klubaren historian lehen aldiz, Oriako Jaitsieran parte hartu dute. Egoera honek guztiak nire ilusioa berpizten du, eta pentsatzen nuen 2013an itxaropentsu izateko arrazoi errealak nituela. Hala ere, ulertzen ez ditudan arrazoiak medio, klub barrutik zein kanpotik ZAEko juntakide batzuk “aberastu” izanaren salaketak jasotzen dira. Sinestezina! Are gehiago, juntakide batek bere poltsikotik jarri zuen dirua klubean besterik ez zegoenean. Honen aurrean, iritzia edozein dela ere, faktura eta dokumentuen egia objektiboa edozein bazkideren esku dago, salaketa horien faltsutasuna erakutsiz argi eta garbi. Salaketa gogor honen aurrean lehertu eta dimisioa aurkeztu nuen. Junta barrutik eta kanpotik erabakia berriz pentsatzeko eta hausnartzeko eskatu zidaten, eta horrelaxe egin nuen. Era berean, erabakia berriz pentsatzeko eskatu zidan batek junta berri baten proposamena egiten du. Ondo iruditzen zait eta behin baino gehiagotan junta sendo bakar bat egiteko proposatzen diet; baldin eta salaketak jaurti dituen juntakidea eragozten bada. Ez dute onartzen eta 2 junta proposamen sortzen dira.
Batzuen eta besteen artean kluba hausten ari garen irudikapena daukat, eta ni ez nago horretarako prest. Egoera larri honetan erantzukizun falta larriaz jokatzen ari direla iruditzen zait. Oso aukera ona (izan) dugu junta bakar eta sendo bat egiteko, eta bakar batzuek nahi ez dutelako aukera galtzen utziko da.
ETORKIZUNA: ZAE klub txikia da, ez da klub profesionala eta ezin ditugu horrelako liskarrak onartu. Bozketa egingo balitz, garaileak eta galtzaileak leudeke, egoera hau ez litzateke ona inorentzat, are gutxiago klubarentzat, garrantzitsuena kluba baita. Beraz, nire hautagaitza bertan behera utziko dut klubaren onginahia nahi baitut. Lehendakari ohi naizen aldetik, entrenatzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkiet; Ibon, Odei, Antxelmo, Danel, Anjel, Naxi eta Jexux, euren lana izugarria delako eta ZAEren harrobia eta etorkizuna bermatzen dutelako. ZAEren alde lan egingo duzuen esperantza dut, harrobiarekin lan eginaz, Zarauzko herriak klub serio eta errespetagarria merezi baitu. Eskerrak eman nahi dizkiet ZAE lagundu duten pertsona guztiak. Balizatzaileak, klubaren alde egiten duten lan ordainezina. Arraunlari guztiak, gurasoak, lagunak… Cava Azokan izan genuen laguntza zabalagatik. Arraunlari beteranoak, baten batzuk onartu nahi ez arren, askok baino lan gehiago egin dutelako. Nire taldea osatu duten kide guztiak, une hauetan etsituta badaude ere, ZAEren alde gogo eta ilusio handia erakutsi eta jarri dutelako. Eta, azkenik, aurreko junta osatzen zuten pertsona guztien laguntza jaso dugulako. Aurrerantzean klubaren lema eramango duzuenoi, zortea izan dezazuela, erantzukizunez egin dezazuela lan eta batez ere klubean jarri dezazuela indarra, klubean bakarrik.
Eskarrik asko,
Edu Mugertza"