Hainbat enpresetako langileen ordezkariek agerraldian gaur, Azpeitiko INEMen aurrean (Nerea Uranga/ Urola Kostako Hitza)
Urola Kostako herrietako 30 enpresa baino gehiagotako enpresa batzordeetako ordezkariek martxoaren 9an, Bilbon, enpleguaren alde deituta dagoen manifestazio nazionalaren alde egin dute; manifestazioak Jesusen Bihotzetik irtengo du, 17:30ean.
Kaleratzerik ez, lan erreformarik ez, inposaketarik ez. Enplegua defenda dezagun! lelo hartuta egin dute mobilizazioan parte hartzeko deia, gaur Azpeitiko INEM bulegoaren atarian bilduta. "Lana Erregulatzeko Txostenak, enpresen itxierak, deslokalizazioak, soldata baxuagoak lan ordu gehiagoren truke... Langileok pairatzen ari garen erasoa etengabea eta gero eta bortitzagoa da", esan dute elkarretaratzean. Langileen kontrako erasoa sektore guztietan gertatzen ari dela azaldu dute, "eraikuntzan, industrian, merkataritzan, ostalaritzan, sektore publikoan... Azken honetan gainera, pribatizazioa enplegua kaskartu eta oinarrizko zerbitzuak kolokan jartzen ari da".
Egoera "jasanezina" dela eta enpresa desberdinetako enpresa batzordeetako langileek bat egin dute, "bakoitza bere errealitatean edota enpresan burutzen ari den borrokak ez direlako, eta ez dutelako izan behar, borroka indibidualak". Beharrezkoa ikusten dute, denen edota sektore desberdinetan lanean ari diren langileen borrokak bat egin eta elkarrekin kalera ateratzea.
Enpleguaren eta lan baldintzen kontrako erasoak, "lehen mailako arazo soziala" direla esan dute Urola Kostan bildu diren enpresetako langileen ordezkariek. "Gizarte osoaren kontra egiten ari dira, gizarte osoa ari direlako pobretzen eta miseriara kondenatzen. Langabezian geldituz gero, enplegua lortzeko esperantzarik ez. Horrez gain, langabezia prestazioak gero eta murritzagoak dira eta behin hoiek bukatutakoan ezer ez. Gure herriotan benetan egoera latzak ematen ari dira".
Praktikan, enplegu politika "eraginkorrik" ez dela egiten salatu dute eskualdeko enpresetako langileek. Hori frogan jartzeko datuak begiratu besterik ez dagoela diote. "Gaur egungo egoera ezartzen ari diren politiken emaitza dira, politika hoiek patronalaren berberak direlako". Bide horretatik enplegua sortzerik ez dagoela uste dute langileek.
Bildu diren enpresa batzordeetako langileen nahia, ahalik eta langile gehiengana iritsi eta atxikimendua lortzea da, "kaleratzeei, erreformari, inposaketei ezetz esan eta enplegua defendatzeko. Denon borrokak kaleratu nahi ditugu, bakoitzaren borrokaren mesedetan. Hala, patronalak eta instituzioek gure aldarrikapenak ozenago entzun ditzaten".
ATXIKIMENDUA eman duten enpresa batzordeak eta enpresa txikietako langileen ordezkariak (hauen artean LAB, ELA, ESK, UGT eta CCOOko ordezkariak daude): Corrugados Azpeitia, TS Fundiciones, Astilleros Balenciaga, GKN Driveline, Glual Hidraulica, Biele, Juaristi, Sarralle Equipos Siderurgicos, Xey Corporacion Empresarial, Santa Ana zaharren egoitza, Bidelan autobideak, Astigarraga Kit Line, Zestoako zaharren egoitza, Bombas Azkue, Ameztoi Anaiak, Goialde, Comunicacion Grafica Otzarreta, Burni mecanizados, Kimu bat, Mecanizados Osatu, Electromontajes Gohita, Talleres Mecanicos Murua, Fresmak, Zelai Azpi, Maquinaria Elkor eta Ordelan.
Enpresetako LABeko sail sindikalak: San Martin zaharren egoitza, Grumal, San Jose zaharren egoitza, Corrugados Lasao, Sidenor, Obe Hettich, Indaux, Artadi Alimentacion, Sammic, Forjas de Iraeta eta Guascor.