Nola aldatu (ko) diren gauzak, kamarada!

Baleike 2013ko ots. 25a, 09:43

Pasa den asteazkenean, hitzaldi zikloaren bigarren edizioari hasiera emateko Kike Amonarriz izan zen Zumaian “XXI. mendeko euskaldunak; nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada” hitzaldia ematen. 60 lagunetik gora bildu ziren kultur etxeko aretoan eta entzuleak gustura eduki zituen hasieratik, umorea ere tarteka erabilik. Bideoan ikus dezakezue hitzaldia. Asteazkenean, Jone Miren Hernandez: “Arnas-uneak; gazteak eta euskararen momentua” “Fase sozioekonomiko eta politiko berri baten atarian gaude, eta euskalgintza ere bidegurutze horretan dago”, esanez hasi zuen hitzaldia Amonarrizek. Egoera berriak, hizkuntza ohitura berriak Egoera berriek praktika soziolinguistika berriak sortzen ditu, eta hizkuntza egokitzen eta moldatzen joaten da. Arau sozialak aldatuz doaz, eta horrek eragina du hizkeran ere. Adibidez; lehen sekula ez liekete seme-alabek gurasoei hika egingo baina gaur egun beharbada bai, gerta liteke gurasoek seme-alabak bultzatzea beraiekin hika egitera ere, seme-alabei hitanoa irakastearren. Lurraldetasuna/ eskuragarritasuna Duela 30 urte lurraldetasunaz hitz egiten zen baina horrek orain zentzua galdu du hein batean eta eskuragarritasuna kontzeptu berria daukagu. Zer dago eskura euskaraz? Sarean ez dago lurralderik. Adibidea eman zuen: “Twitter atzo 32 hizkuntzatan zegoen eta horietako bat euskara” Twitterrek gainera, mundura zabaltzen gaitu, eta bide horretan, gazteen tendentzia sare sozialetan beste hizkuntzak ere erabiltzea da. Elebakartasuna/elebitasuna atzera gelditu den kontzeptua da, orain gazteek hiru edo lau hizkuntza [...]

Pasa den asteazkenean, hitzaldi zikloaren bigarren edizioari hasiera emateko Kike Amonarriz izan zen Zumaian “XXI. mendeko euskaldunak; nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada” hitzaldia ematen. 60 lagunetik gora bildu ziren kultur etxeko aretoan eta entzuleak gustura eduki zituen hasieratik, umorea ere tarteka erabilik. Bideoan ikus dezakezue hitzaldia.

Asteazkenean, Jone Miren Hernandez: “Arnas-uneak; gazteak eta euskararen momentua”

“Fase sozioekonomiko eta politiko berri baten atarian gaude, eta euskalgintza ere bidegurutze horretan dago”, esanez hasi zuen hitzaldia Amonarrizek.

Egoera berriak, hizkuntza ohitura berriak

Egoera berriek praktika soziolinguistika berriak sortzen ditu, eta hizkuntza egokitzen eta moldatzen joaten da.

Arau sozialak aldatuz doaz, eta horrek eragina du hizkeran ere. Adibidez; lehen sekula ez liekete seme-alabek gurasoei hika egingo baina gaur egun beharbada bai, gerta liteke gurasoek seme-alabak bultzatzea beraiekin hika egitera ere, seme-alabei hitanoa irakastearren.

Lurraldetasuna/ eskuragarritasuna

Duela 30 urte lurraldetasunaz hitz egiten zen baina horrek orain zentzua galdu du hein batean eta eskuragarritasuna kontzeptu berria daukagu. Zer dago eskura euskaraz? Sarean ez dago lurralderik. Adibidea eman zuen: “Twitter atzo 32 hizkuntzatan zegoen eta horietako bat euskara” Twitterrek gainera, mundura zabaltzen gaitu, eta bide horretan, gazteen tendentzia sare sozialetan beste hizkuntzak ere erabiltzea da. Elebakartasuna/elebitasuna atzera gelditu den kontzeptua da, orain gazteek hiru edo lau hizkuntza erabiltzen dituzte, eta bakoitzetik behar duena erabiltzen dute.

Egungo egoera

Historian lehenengo aldiz, ez dago elebakarrik, euskalduna eta alfabetatua izatea gauza bera dira gazteen artean. 16-26 urte bitarteko gazte gehienek guraso erdaldunak dituzte (Europan kasu bakarra?). Historian lehenengoz daukagu euskara batua ere, eta errazago idazten da euskaraz hitz egin baino. Gazteen gehiengo zabalak euskaraz badaki eta noizbait, nonbait erabiltzen du, eskolan bakarrik bada ere. Egoera horren aurrean,

Botila erdi hutsa edo erdi betea?

Batzuk erdi hutsa ikusten dute besteek erdi betea, beste batzuek botila zulatuta dagoela… Geografikoki, demografikoki eta funtzionalki lehen baino hobeto gaude baina, hala ere, ahulak gara. Egoera minorizatua izan arren, Hizkuntza komunitate aktibo eta dinamikoa daukagu. Beraz, botila honekin bizi beharko dugu urte askoan.

Gaur egun, hiztunen borondatea eta babesa izugarriak dira, eta herritarrek duten atxikimendua ere bai, horrek neurri batean biziraupena ziurtatzen du, kanpoko erasoak handiak ez badira, baina aurrerabidea ez. Horretarako ezinbestekoa da interbentzio politikoa.

Ura sototik sartzen zaigu, ez teilatutik

Azken urteotan ahalegin handia egin da euskara formalaren alde, eta erabileran ere hobekuntzarik handiena hortxe gertatu da; unibertsitatean, administrazioan… Baina gabeziak ditugu eguneroko egoera informaletan, haserretzen garenean, ligatzerakoan, familian, lagun artean… adierazkortasuna falta da, eta horrek euskaraz bizitzeko ezintasun handia dakar.

Nork ez du erabili noizbait euskañola?

Kontuan hartu behar da batzuen gaitasunak ez duela gehiagorako ematen, eta beraz, euskañol-ik ezean horiek gazteleraz egingo luketela. Gazteen artean talde nortasuna ematen duen zerbait ere izan liteke, moda kontu bat, gerora zuzentzen dena. Azken batean, beti erabili izan da euskañola. Orain beharbada dimentsio handia hartu du, baina jendea euskaraz ari da. Zenbat jendek utzi dio euskaraz egiteari ahoa zabaldu orduko zuzendu zaiolako?

Beraz, zer egin?

Alde batetik kontuz ibili behar dugu balorazioekin, egoerak oso diferenteak baitira. Gure ikuspegiak zabaldu behar ditugu dena ez da txuri edo beltz. Akatsak egiteari eta euskañola-ri beldurra galdu behar zaio, hiztun onenek ere erabili izan dute.

Gaiari buruz hitz egin behar da, egoerak esplizitatu, hizkuntzaren egoeraz hausnartu, soziolinguistika irakatsi eskoletan, “soziolinguistika inmersioa”. Harreman sareak sortu eta hedatu, euskarazko kultura eta produktuak sustatu, euskararekin jolastu eta gogoa piztu eta landu. Zumaia eta antzeko herri euskaldunen zeregina berriz, hemengo bizi-indarra esportatzea da, gazte hizkera, esamoldeak… irradiatzea eta beste lekuetara zabaltzea.

Eta jakina, hainbeste “baina” esateari utzi eta daukaguna baloratzeari garrantzia eman behar zaiola nabarmendu zuen, hitzaldi osoan erabilitako tonu positiboari eutsita.

(Udaleko Euskara Zerbitzuak egindako laburpena)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide