«Zeinen garrantzitsua zen ‘Egunkaria’ herriarentzat»
Iban Arregi (Azpeitia)
«Egun haiek gogorrak izan ziren, oso gogorrak; eta auziak oraindik ere eragiten dizu oiloipurdi deskribaezin hori. Baina sentsazio horiek alde batera utzita, konturatzen zara zeinen proiektu garrantzitsua zen Egunkaria, zeinen garrantzitsua den euskal
komunikazio eremua herri honentzat, naziogintzarako.
Horregatik jo zuten Egunkaria-ren kontra, beste hainbaten
kontra jo zuten modu berean».
«Sekula ahaztuko ez ditudan irudiak»
Gorka Zabaleta (Zumaia)
«Sekula ahaztuko ez ditudan irudiak: amaren aurpegia albistea eman zidanean; Guardia Zibilak erredakzioan eta gu kalean; Tolosan eta Hernanin, Egunero egiten; Donostiako manifaren erdian, Atsegine lankidea oihu egiteko esanez eta nik ezin, erabat hunkituta; Martxelok torturak salatu zituenean kartzelaren atarian –oraindik negar malkoak datozkit irudiak ikustean–;
zumaiarrek Berria-ri emandako bultzada».
«Negarra eta dardara hilabete askoan»
Beatriz Zabalondo (Zarautz)
«Negarra eta dardara duela hamar urte; hilabete askoan. Latza bai latza lankideak otsoen atzaparretan sentitzea, herritar guztientzat zen proiektua eraitsia eta zanpatua ikustea, enpresa nekez altxatua giltzarrapo madarikatu batek itxia zela irenstea, geure buruaren jabe ezin izatea... laguntza eske kalera irten beharra! Mesedez, norbaitek esan diezadala ez dugula otsorik bistatu beharrik, Egunkaria-ren oinordekoa gogobetez irakurtzeko egunero».
«Koloreen amalgama gisa gogoratzen ditut»
Mikel Arregi (Azpeitia)
«Koloreen amalgama bat bezala irudikatzen ditut nik hilabete haiek. Atxiloketa eta torturen gau beltzetik hasita; telefono deia, eta hiru azpeitiar kotxean, auskalo nora, auskalo zertara. Amorrua. Gero, berde iluna, Guardia Zibilarena. Martin Ugalderen kolore txuri elegantea zipriztintzen zuten patrol eta traje zantarrak. Donostiako uholde urdina, berde argi esperantzagarriaren abiapuntu. Eta gorria, beste behin, injustizia baten aurrean altxatutako herri eredugarria».
«Saminen korapiloan esker ona lotuta dago»
Irune Lasa (Zarautz)
«Han ginen. Min egin zigun eta orbana utzi. Oroitzapenak bata bestearen atzetik pilatzen dira, baina saminen korapiloan esker ona ere ondo lotuta dago. Hari horri heltzen diogu gurea, zuena, guztiona aurrera ateratzeko, hala zela ederki erakutsi zeniguten eta; guri bakarrik ez, zuri ere min egin zizutela, guztioi egin zigutela min. Gogoratzeko eskatu didate. Han nintzela gogoratu dut. Eta zu ere han zinela».
«Zer berme dago berriro gerta ez dadin?»
Gurutze Izagirre (Zarautz)
«Itxiera kolpe latza izan zen, baina segituan ekin genion lanari, eta 2003ko otsailaren 21ean ere euskarazko egunkari bat egon zen kalean, Egunero. Eta ekainerako Berria, elkartasun eta babes uholde bati esker. Kezkaz bizi izan genituen lehen egunak, lankideak inkomunikatuta, geroko torturen testigantzak... prozesu luze eta neketsu baten ostean, absoluzioa. Eta orain zer? Ze berme dago berriro gerta ez dadin? Batere ez».
«Azpeititik Aranjuezko espetxera, 500 kilometro»
Enekoitz Esnaola (Azpeitia)
«Itxi zuten Egunkaria duela hamar urte, atxilotu eta inkomunikatu zituzten hamar lagun, torturatu batzuk, epailearen aurretik pasatu, eta bakarren batzuk, kartzelara. Iñaki Uria, esate batera. 500; Azpeititik Aranjuezko kartzelara, 500 kilometro, justu-justu. Uria Egunkaria-ko presoari bisita egiteko, 1.000 kilometro. Horiek egiten nituen bi hilean edo, harekin, kristal bat tarteko zela, 40 minutuan egoteko. Gero, irteeran, maldizioka autora, nola zitekeen hitzaren soldadu bat espetxean edukitzea. Beste 500 kilometro zain. Halako batean, Burgosko kafetegi batean geratu zeozer hartzeko, jaso ordain-agiria, eta euskaraz ere bai! Gurean kostatu egiten zaigu halakoak ikustea, eta Burgosko kafetegi batean euskaraz ere bai kafearen faktura... Hemerotekek diote kafetegi hura ez dutela itxi oraindik epaile baten aginduz eta 300 guardia zibilen armen bidez. Guk faktura jaso genuen».
«Espainiako agintariek lanik gabe utzi gintuzten»
Amaigoia Iban (Zarautz)
«Duela hamar urte, Espainiako agintariek lanik gabe utzi gintuzten. Adegi isilik geratu zen,
ez zitzaion garrantzitsua iruditu Gipuzkoan 100dik gora langileri lana ematen zion enpresa bat armez ixtea. Eta egia da, gurea ez zen enpresa soil bat, euskarazko egunkari nazional bakarra baizik. Horrexegatik itxi zuten. Langile, langabetu, jubilatu, ikasle, eragile andanak ikusi zuen hori, eta haiei denei esker sentitu ginen babestuta lehen unetik. Haiei denei esker segitzen dugu euskarazko egunkari nazionala (eta lana) izaten».
«Nik maiteko haut izenez aldatuagatik ere»
‘Txiliku’ Aranguren (Zarautz)
«Akordatzen naun itxieraren egun hartaz eta ez dinagu berriz halakorik gertatzen utziko. Nire bihotzean guk hire orrietan legez irakurriko bahu ikusiko hunake non hagoen… Familia hartako guztiok gauden… Nik maite hindudan, haut eta maiteko haut izenez aldatuagatik ere».
«Bultza dezagun gure ama hizkuntza»
Mikel Azkune (Azpeitia)
«10 urte bete dira, bai, eta oraindik amezgaiztoa ez da bukatu. Zortzi lagun daude oraindik auziperatuak epaiketaren zain. Ez da erraza ulertzen. Gogoratzen hasi, eta ahazten ez diren pasarteak dira duela 10 urtetik oso barneratuak ditugunak. Egia da aurrekariak bagenituela komunikabideen artean, eta oso hurbilekoak, gainera: Egin egunkaria eta irratia, Ardi Beltza... Baina inor gutxik espero genuen 2003ko otsailaren 20ko gau betz hartan zuzenean biziarazi zigutena. Guztia pasatzen da, eta oroimenaren zakuan gordeta gelditzen da, baina denborak agertazten dizkizu gutxiena espero duzunean. Geldi gaitezen euskal biztanlego andanak momentu hartan erreakzionatzeko izan zuen kapazitate erraldoiarekin. Hala izan ez balitz, gaur seguruenik euskarazko prentsarik ez zen existituko. Egin dezagun lotura Berria proiektuak 10. urteurrenaren ospakizunekin, eta Berrialagunak kanpainarekin bat eginik, bultza dezagun gure ama hizkuntza. Hala bedi».
«Jasotako babesarekin zordun ere sentitu ginen»
Xabin Makazaga (Zarautz)
«Egunkaria itxi zutenean, haserrea eta mina gailendu arren, zerbait ondo egiten ari ginela ere pentsatu genuen; gure lanak ez zielako onik egiten itxi zutela edo. Erreakzioa, hurrengo egunean euskarazko egunkari bat irakurleen esku jartzea, naturala izan zen: Itxia baina ez isildua. Eta, jasotako babesarekin, biktima izateari nolabait utzi eta zordun sentitu ginen, Euskal
Herria eta mundua egunero euskaratik bizi nahi duten guztien zordun».
«Elkartasun uholdea izan zen albiste onena»
Juan Luis Zabala (Azkoitia)
«Esperientzia gogorra izan zen Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera lankide guztiontzat. Ezinegonarekin eta urduritasunarekin batera, azpitik lan isilean, beldurra sentitu nuen hasieratik. Noraino iritsiko ote ziren? Urrutiegi iritsi ziren, bistan dago. Berehala sortu zen elkartasun uholde irmo eta zabala izan zen, kontrastean, albisterik onena».
«Flashez beteriko egun gisa gogoratzen dut»
Mikel Lizarralde (Zestoa)
«Irudiz. Flashez beteriko egun gisa gogoratzen ditut 2003ko otsailaren 20a eta gero etorriko zirenak. Negar eta amorru aurpegiak lankideenak. Infernu bat igaro duenaren begiak Martxelorenak. Jendetza herrian, Zestoan, eta jendetza herrian, Euskal Herrian. Gezurraren aurpegia Acebesena. Eta guztien gainetik Arantza. Iñaki Uriarte lankidea ordurako oso gaixo zegoen eta haren neskalaguna gogoratzen dut beste inor baino gehiago. Antiguako tunelean babes oihu eta txaloekin inguratzen gintuen jendetzaren artean ezkutatuta. Malkoari ezin eutsirik. Inoiz ahaztuko ez zaidan irudia. Ahaztu nahi ez dudana»
«Geuk uste baino askoz ere handiagoak ginen»
Jakes Goikoetxea (Orio)
«Bai kolpeak, bai erantzunak, ispiluaren aurrean jarri gintuzten eta, nire harridurarako, geuk uste baino askoz ere handiagoak ginen: neurriz txikiak, ezdeusak ia; baina garrantzian, duintasunean eta konpromisoan handiak. Eskerrik asko, berriz ere, denoi. Ea hamar urte beranduago krisiek ez duten lortzen lehen Espainiako Gobernuak eta Guardia Zibilak lortu ez zutena».
«‘Egunkaria’ itxi zutenentzat egun bat besterik ez da hau»
Danel Agirre (Zarautz)
«Gogoratu ginen urtebete pasa zenean, baita bi igarotakoan ere. Bosgarren urteurrenean ekitaldi bereziak antolatu genituen, hamarkada bete denean are gehiago. Mamuak ez digu barkatu ohi urteroko bisita. Egunkaria itxi zutenentzat, ordea, otsailaren 20a 19aren hurrengo eguna besterik ez da».
«10 urteren ostean injustizia datorkit burura»
Eneko Etxeberria. Langile ohia eta Azpeitiko alkatea (Azpeitia)
«Goizeko ordu txikietan jaikita Andoainera abiatu gara, kezkatuta telefonoa hartu behar luketenak ez baitute hartzen. Une batetik aurrera telefonoak ez dabiltza, inkomunikatuta gaude (gerora jakin genuen telefono sarearen matxura bat izan zela). Hala nola Andoaingo AEKn bukatu dugu, guztiok ados jarri gara: egunkaria ateratzea da lehentasuna. Telefonoak erosteko dirua atera dugu banketxetik, goizeko 09:00etan oraindik ez dituzte kontu korronteak blokeatu. Ondoren, langileen batzarra egin dugu, Martin Ugalde Kultur Parkean bertan, atzean patrol berdeak. Erredakziokoek dute lan zailena, gu Donostiara abiatu gara. Lankide batekin topo egin dugu, Donostia erdia kartelez estali du, aupa Jonpa! Daukagun informazio juridiko bakarra anonimo batek faxez bidalitako dokumentu bat da, bertan Auzitegi Nazionaleko 6. Epaitegi Zentralak operazioa abian jarri duela dio.
Gara-ko arduradunek argi pixka bat eman digute, eurekin kontatu dezakegu edozertarako. Luze entzuten diegu, aholkuak bat bestearen atzetik. Esperientzia handia dute. Elkar-en saiatuko gara egoeraren azterketa sakonagoa egiten, baina ezinezkoa da. Une oro, atxilotuen zerrenda handitzen doa, batzuk ezagutu ere ez ditugu egiten, besteekin egunero bazkaltzen dugu.
Eguerdian arazo ikaragarriak gainditzen saiatzen gara: banaketa, ordenagailuak, errotatiba, izena, zuzendaria … Dena da arazo, gainera kezkak, urduritasunak, deiak etengabe … Euliak bezala ari gara, baina egunkaria argitaratzeko lanean buru-belarri. Zurrumurruak etengabeak dira: Guardia Zibila itzuliko dela, gainean direla, Audientzia Nazionalak Egin-eko esperientzia ezagututa ordezko egunkaria galarazi duela … Arratsaldean erabakia hartu dugu: egunkaria inor zipriztindu gabe geure baliabideekin argitaratuko dugu Tolosaldeko Egunero-n. Nafarroako errotatiban saiatuko gara inprimatzen (Noticias taldeko errotatiban inprimatzen zen Egunkaria), bestela Usurbilen (Gara taldeko errotatiban Tolosaldeko Egunero inprimatzen genuen tokian). Usurbilen bukatzen dugu goizeko 03:30ak aldera, banatzaileei pasatzen utzi diete, banaketa ziurtatuta dago. Etxetik kanpora lo egingo dugu.
Beldurra pasatzeko denborarik ez dugu izan. Ondoren etorriko zaigu horretarako aukera.
Hamar urteren ostean, injustizia etortzen zait burura. Injustizia, epaituak izateagatik, oraindik epaiketaren zain daudenengatik, 10 urtetan kartzelaren mamuarekin bizitzeagatik, hamabostero sinatu beharragatik, fidantzengatik, enbargoengatik, torturatuengatik, inongo kalte- ordainik ez jasotzeagatik, atxilotuak izateagatik, lanpostuak galtzeagatik, jarraituak izateagatik, Guardia Zibilarengatik, gure izenagatik, bizitza baldintzatzeagatik, gure lagun Joseluis Elkoro, Joseinazio Zapiain, Xabier Otero, Isidro Murga, Francisco Murga, Manuel Intxauspe, Josemari Zalakain, Pablo Gorostiaga, Xabier Salutregi, Teresa Toda, Xabier Alegria eta Karlos Trenor kartzelatzeagatik, Egin-engatik, Egin irratia-gatik, Ardi beltza-gatik, Euskal Herriagatik eta euskaragatik».
«Nekez ahaztuko ditugu oroitzapen haiek»
Imanol Murua Uria (Zarautz)
«Goizaldean telefono dei batek esnatu ninduen unea, irratian atxilotu guztien izenak eman zituztenekoa, bukatzen utziko ote ziguten jakin gabe otsailaren 21eko egunkaria egiten aritu ginenekoa, Auzitegi Nazionalean zain egin genituen ordu luzeak, Martxelok kartzelatik atera berritan torturatu egin zituztela esan zutenekoa... Nekez ahaztuko ditugun oroitzapen ugari utzi zizkigun Egunkaria-ren itxierak. Bat nabarmenduko dut hemen: Donostiak gainezka egin zuenekoa. Olatu haren ondorio ere bada, hain zuzen, oraintxe eskuartean duzun berripaper hau ere».