Ez dut sekula ahaztuko 2003ko otsailaren 20a, ez eta hurrengo egunetako gertaerak ere. Eta urteurrenak aprobetxatu behar dira bidegabekeria salatzeko, eta elkartasun oldea eskertzeko. Baina gaur nahiago izan dut Euskaldunon Egunkaria gogoratu. Itxieraren aurretik zortzi urtez kazetaritzan zailtzeko aukera eman zidan egunkaria. Ez duzu aparteko testigantzarik aurkituko. Egunkaria osatzen genuen 150 langile haietako baten oroitzapenak. Besterik ez. Lizentzia onartuko didazue…
Gogoan daukat nola hartu ninduten Euskaldunon Egunkarian. 1995ean izan zen. Bekadun probak egiteko deialdia iritsi zen Leioako fakultatera, eta hara aurkeztu ginen lagun koadrila. 80-90 bat izango ginen, denok ere uda hartan Egunkarian praktikak egiteko itxaropenarekin.
Ez zaizkit ahaztu egin behar izan genituen zenbait ariketa: testu bati titularra jarri; hainbat daturekin albistea osatu; euskal gizarteko pertsonaia ezagunak identifikatu –Iparraldekoak tartean–… Handik egun batzutara etxeko telefonoak jo zuen. Martxelo Otamendi zen. Sei bekadunentzako lekua zutela eta neu zazpigarren gelditu nintzela hautaketa proban… Baina joateko antolatu zuten ikastarora, norbaitek kale eginez gero aukera izango nuela. Hala hasi nintzen Egunkarian.
Orduan orrialdeak eskuz maketatzen ziren, tipometroaren laguntzarekin –neurri bereziak dituen erregela–. Orriaren itxura arkatzarekin marraztu (hemen argazkia hiru zutabetara, hemen azpititularra…), eta produkzioko langileei eramaten zitzaien. Ordenagailuaren pantaila beltzean idazten genuen, eta testu mota bakoitzari lerro hasieran zegokion norma jarri (n1, n2… testu hura titularra, azpititularra edo zer ote zen adierazteko). Eta argazkiak? Agentzietako argazkiak inpresora moduko batetik ateratzen ziren, paperean. Gure argazkilariek egindakoak berriz, errebelatzera eraman behar izaten ziren, artean ez baitzegoen argazki digitalik. Kontuan izan orduan ez zegoela ez telefono mugikorrik, ez web gunerik…
1995eko udan praktikak egin eta gero, Egunkarian jarraitzeko aukera eman zidaten, ordezkapenak eginez. Larunbat, jai egun eta opor bezperan beti jasotzen nuen Xabier Lekuona zuzendariordearen deia, lankideren bat ordezkatzeko. Hiru urte egin nituen egoera hartan, 1998an aukera iritsi zitzaidan arte. Peio Aiestaran lankideak utzitako zuloa eskaini zidaten. Hura poza! Lanpostua eta gainera kirol sailean! Ofizioa ikasteko maisu onak egokitu zitzaizkidan: Aitor Ugalde, Enekoitz Esnaola, Xabin Makazaga, Andres Gostin, Koldo Alduntzin… Gogoan daukat nire lehen elkarrizketa Inaxio Errandonea pilotariari egin niola; eta oraindik ez zaizkit ahaztu Joxemari Olasagasti aizkolariari telefonoz ulertzeko pasa nituen estutasunak… Erredakzioa ixteko orduarekin, zierrearekin, ere zenbat komeria! Egunkaria goiz samar bidali behar izaten zen inprentara, eta askotan futbol partiden kronikak-eta sartu ezinik ibiltzen ginen. Zenbat kronika idatzi ote genituen partida amaitu baino lehen…
2000 urteko udan, egun gutxiren bueltan, kazetari naizenetik bizitako esperientzia gogorrena eta gozoena egokitu zitzaizkidan. Egunkariak nire ametsetako bat betetzeko aukera eman zidan: Olinpiar Jokoak bertatik bertara kontatzeko aukera. Australiarako lanak etxean prestatzen ari nintzela, deia jaso nuen Andoaindik. Bonba bat lehertu zela Zumaiako industrialdean, eta joateko mesedez. Gogoan daukat industrialdeko zubia pasa eta segituan Ricardo Peñarekin egin nuela topo, orduan Zumaiako alkate. Joxe Mari Korta zela hildakoa. Dar dar batean nengoen. Etxera bueltatu eta zerbait idatzi beharra neukan. Aitari deitu nion, berak nahikoa ondo ezagutzen zuen Joxe Mari. Egoerak gaindituta eta ezin izan nuen tajuzko ezer idatzi. “Baserriko semea” jarri nion titularra soslai labur bati. Negar egin arte ez nintzen neure onera etorri.
Kolpe latz hari buelta emateko astirik gabe, konturatzerako Sydneyra bidean nintzen, Imanol Muruarekin batera. Australiako esperientzia gailurra izan zen niretzat. Sekula ez diot behar bezainbeste eskertuko Martxelo Otamendiri eta Egunkariari nigan jarritako konfiantza. Handik bueltan, ardurak hartzeko eskaintza egin zidaten, kirol sailean aurrena, erredakzio zuzendaritzan ondoren.
Bekadun hasi nintzenetik proiektua sendotzen eta hobetzen ikusi nuen: orrialde gehiago, kolorea hainbat orrialdetan, gehiagarriak egunero, zaildutako kazetari gazteak erredakzioan, milaka harpidedunen babesa, Martin Ugalde Parkea…
Gogoan daukat 2003ko otsailaren 20a. Amak eman zidan albistea. Andoainera bidean nindoala, ezin nuen sinetsi. Kotxeko irratian albistea behin eta berriro entzun arren, ezin sinetsi. Martin Ugalde Parkea guardia zibilez inguratuta ikusita ere, ezin sinetsi. Nola da posible? Gaur Martxelo Otamendiri entzun diot Azpeitian orduan galdu genuela inozentzia. Ordura arte, pentsatzen genuela guri ezin zitzaigula halakorik gertatu. Oker geunden.
Otsailaren 20tik aurrerakoak kontatu ditugu behin baino gehiagotan. Antiguako tunelean ikusten dut nire burua, jende oldearen energiak erabat gaindituta. Atsegine lankideak esaten dit oihu egiteko, baina ezin dut. Korapiloa daukat eztarrian.
Zorionez, gizarteak erantzun bikaina eman zuen eta gaur egun hor daukagu Berria. Ez dut ahaztu nahi Zumaiako herriak proiektu berriarekiko erakutsitako elkartasuna eta atxikimendua. Zenbat lagun mobilizatu ziren ekintzak antolatzeko, 50 eta 300 euroko akzioak saltzeko (27.000 euro lortu ziren)… Euskarak batu gintuen, eta aurrerantzean ere hala izan dadila.
Gorka Zabaleta Lopetegi / Euskaldunon Egunkariako langile ohia