"Zorte handia izan dut itsasoan lana aurkituta"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko ots. 1a, 12:49

Pello Azkonobieta oriotarra (Aiora Larrañaga/Hitza) Pello Azkonobieta (1973, Orio), hemezortzi urtez lehorrean lan egin ondoren, itsasora itzuli zen pasa den udan. Azken bi hamarkadetan itsasoko lana asko aldatu dela uste du oriotarrak. Zer dela eta utzi zenion itsasoan lan egiteari? Eskolan ikastea ez zitzaidan batere gustatzen, eta legeak uzten zuenean,16 urte egin bezain laster, hasi nintzen itsasoan lanean. San Pedro egunean 16 urte egin, eta atunetan hasi nintzen uda horretan. 1994an utzi nion itsasoan lan egiteari. Lehorrean jarduteko gogoa nuen, eta lana aurkitu nuenez, itsasoa uztea erabaki nuen. Ordutik 18 urtez egin dut lan lehorrean. Pasa den udaberrian, baina, krisiaren eraginez lantokian gauzak gaizki joaten hasi ziren, eta langabezian geratu nintzen. Asko kostatu al zitzaizun itsasora itzultzea erabakitzea? Hiru hilabetez langabezian egon nintzen, eta zorte handia izan nuen. Getariako itsasontzi batean arrantzale bat erretiratzekotan zela jakin nuen, patroiarekin hitz egin, eta lana eman zidan. Ez zitzaidan batere kostatu itsasora itzultzeko erabakia hartzea. Jakin badakit lana egin beharra dagoena, eta lehorrean ez badago, itsasoa beti beste alternatiba bat izan da niretzat. Dena dela, aitortu behar da gaur egun ez dela batere erraza itsasoan lana aurkitzea; langabezian dagoen jendeak itsasora joan nahi du, eta itsasontziek tripulazioak osatuta dituzte. Nola izan da itsasoko lanera itzultzea? Nire iritziz, asko aldatu da itsasoko lana. Aurrerapen teknikoek itsasoko lana erraztu egin dutela iruditu zait niri. Lehen, esaterako, sarea itsasontziaren alde batetik botatzen zen, eta orain, berriz, atzetik botatzen da, eta tresna berriek asko errazten dute lana. Horretaz gain, ni arrantzan hasi nintzenean tripulazioaren gehiengoa hemengoa izaten zen, eta orain, aldiz, atzerriko arrantzaleak ere badaude itsasontzietan; jende jatorra, benetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide