Juan Garibi: «Fiare proiektu txikia da, ez da sortu krisiaren galdera guztiei erantzuteko»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urt. 16a, 13:31

Zarauzko Fiarek antolatuta, banku etikoaren inguruko hitzaldia emango du bihar Juan Garibik (Bilbo, 1973). Inbertsio eta Aurrezte Arduratsuentzako Fundazioko (Fiare, gaztelaniaz) zuzendaria da bilbotarra eta, ekimen sozial eta ekonomiko horren nondik norakoez ariko da. Arratsaldeko 19:30etan izango da hitzaldia, Antoniano aretoan. Bestalde, Zarauzko Fiareko kideak asteartero biltzen dira Madoz kaleko lokalean ( Garma gimnasioaren parean) proiektua zabaldu, gizarteratu eta herritarrei  informazioa emate aldera. Interesa dutenek 18:00etatik 20:00etara gertura daitezke egoitzara. Bertaratu ezin dutenek, berriz posta elektronikoz ( zarautz@proyectofiare.com) edota telefonoz ( 634-42 19 77) egin ditzakete ekarpenak. Garapen eredu justuagoa du helburu Fiarek. Ekimen ekonomikoa da, ordea. Egun nola uztartzen dira etiko eta banku terminoak? Jendeak ez al dauka  halako erakunde finantzieroekiko mesfidantza? Izena Italiako Banca Popolare Etica erakundetik dator, hura izan baitzen lehenbizikoa proiektu hau martxan jartzen. Izenak, ordea, ez du garrantziarik, jendeak gaizki uler baitezake. Hori dela eta, gizartearen aldeko bankua dela esan dezakegu. Garrantzitsuena da zer egiten duen eta nola. Gizarte osoaren garapen eredu justuago baten alde lan egiten du Fiarek, elkartasuna, erantzukizun soziala, etika eta finantzak uztartuz. Mesfidantza agian banku handiekin izan behar da, gaur egun pairatzen dugun krisiaren testuinguruan, batik bat. Hain zuzen, banketxeek bezeroen diruarekin egiten zutena gustatu ez eta alternatiba bezala jaio zen Inbertsio eta Aurrezte Arduratsuentzako Fundazioa; diru hori gizarte lanetara bideratze aldera, alegia. Zein irizpide jarraitzen dituzte proiektu jakin batzuetan inbertitzeko? Fiareko bazkideek aukeratutako komisio etiko batek aukeratzen ditu proiektuak, irizpide batzuen arabera. Enplegua, genero ikuspegia, ingurugiroa, tokiko gizartearekin elkarlana... proiektuek faktore horiek sustatzen dituzten ala ez hartzen da kontuan egitasmo bakoitza ebaluatzerakoan. Behin irizpide horiek betetzen direla ikusten badute, analisi finantzieroa egiten hasten dira. Irizpideok betetzen dituztenak, aldiz,  deuseztatu egiten dira. Orokorrean lau sektoretan jarduten dugu lanean: lehenbizikoa nazioarteko lankidetza eta merkataritza da; bigarrengoa bazterkeriaren eta gaixotasunen kontrako eta enpleguaren aldeko  alorrak; hirugarrena ingurugiroa,  energia berriztagarriak eta lehenbiziko sektorea, eta laugarrena, baloreak, giza eskubideak, kirola, hezkuntza, kultura eta aisialdia, besteak beste. Lau alor horiek ez dira, ordea, finkoak. Badira zenbait proiektu alor horietako aspektuak landu arren, onartzen ez ditugunak. Bestelako egitasmo batzuk onartzen ditugu, nahiz eta bestelako alorretan zentratu. Proiektu guztiek filtro etiko hori pasatu behar dute. Banku demokratikoa da Fiare. Zein zentzutan? Bazkide guztiek maila berean hartzen dute parte proiektuan; parte hartzea ez da inbertitzen duten diruaren araberakoa. Guk  pertsona edo erakunde bakoitzari ahal duen neurrian inbertitzeko eskatzen diegu. Bazkide izateko, pertsona bakoitzak gutxienez 300 euro jarri behar du, irabazi asmorik gabeko erakundeek 600 euro, eta udalek eta enpresek, berriz, 1.800 euro. Kasu guztietan, botoek balio bera dute. Bestelako  bankuekin kontrakoa gertatzen da; botoek jarri duzun akzio kopuruaren araberako pisua izango dute ohiko banketxetan . Proiektua gizarteratu eta sarea sortzea du asmoa. Duela gutxi sortu zen Zarauzko taldea, herritarrekin harreman zuzena izan eta informazioa banatzeko. Bai, eta nahiko ongi funtzionatzen du, gainera. Pasa den astean, esaterako, hiru pertsona bertaratu ziren, eta hirurak egin ziren Fiareko bazkide. Une honetan Espainian 3.600 bazkide ditugu, eta Euskadi mailan 1.050 bazkide. Horietatik 350 gipuzkoarrak dira. Zeintzuk dira Fiareren aurrera begirako erronkak? Fiare proiektu txikia da, gutxiengo baten egitasmoa; ez da sortu krisialdiak mahai gainean jarritako galdera guztiei erantzuteko.  Hori dela eta, pixkanaka egingo dugu aurrera. Gure hurrengo erronka kreditu kooperatiba bat sortzea izango da, finantza erakunde autonomo gisa lan egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide