Aurreko urtean onartu zuen animaliak babestea eta edukitzea arautzen duen ordenantza Orioko Udalak.
Tramite guztiak gauzatu dituzte dagoeneko, eta, ondorioz, aplikagarriak dira bere atal guztiak. Ordenantza guztia irakurri nahi duenak, hemen klikatuta irakur dezake, baina Udalak bere web orrialdean jarri duen laburpenak horrela dio:
1.- Jabeak higiene eta osasun baldintza onetan eduki behar du animalia, aterperako instalazio egokiak, janaria eta edaria, albaitaritza-laguntza eta ariketa fisikorako aukera eman behar dizkio, eta animaliari beraren beharrizan fisiologiko eta etologikoen araberako arreta eskaini behar dio, animaliaren espeziea eta arraza kontuan hartuta.
2.- Txakurren jabe edo edukitzaileak behartuta daude animaliok identifikatuta eta ohiko bizileku duten udalerriko udaletxean erroldatuta edukitzera; horretarako, hilabeteko epea izango dute, animalia jaio den edota eskuratu duten egunetik hasita. Betebeharra udalerrian modu iraunkorrean bizi diren edo hiru hilabete baino gehiago daramatzaten animalien jabeek izango dute. Betebehar hau, konpainiako beste animalia batzuentzat ere kontuan izan beharko da.
3.- Kode Zibilaren 1905. artikuluan ezarritakoaren arabera, animaliaren edukitzailea izango da animaliak sortu ditzan kalte, galera eta arazoen erantzulea.
4.- Animaliek gizakioi eta ondasunei eragin liezazkiguketen eragozpenak edota arriskuak ekiditeko, hiritarrek udal osasun zerbitzuei jakinaraziko diete kaleko animalien edo abandonatutako animalien presentzia.
5.- Debekatuta dago bide publikoan eta orubeetan hegazti, txakur, katu eta kaleko beste edozein animaliari janaria ematea «hartarako berariazko baimen gabe».
6.- Debekatua dago fabrikazio, salmenta, biltegiratze, garraio eta elikagaien manipulaziorako erabiltzen diren lokal edo ibilgailuetan animaliak sartzea eta bertan edukitzea, osasun agintaritzak hartarako baimena eman ezik.
7.- Debekatuta dago ikuskizun publikoak dauden lokal, esparru eta espazioetan animaliak sartzea eta bertan edukitzea, baita igerileku publiko, lokal sanitario eta antzekoetan ere. Ezin izango dira sartu edo eduki hondartzetan eta jendetzak dauden heziketa, kultur edo aisialdirako establezimenduetan ere, baldin eta euron arau espezifikoek debekatzen badute.
8.- Herritarrentzat irekita dauden bestelako establezimenduetako jabeek ere animaliak euren establezimenduetan sartzea eta bertan egotea debeka dezakete; debeku hori argi eta garbi adierazi beharko da sarreran.
9.- Komunitate batenak diren leku pribatuetan –kultur elkarteak, jolaserakoak, auzo-komunitate baten gune komunak,...– animaliak sartu eta bertan eduki ahal izango dira, baldin eta leku horretako arauek horretarako eskubidea aitortzen badute, betiere ekainaren 1eko 101/2004 Dekretuko 4. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoaren kaltetan izan gabe.
10.- Animaliak ezin izango dira balkoi, garaje, pabiloi, soto, azotea, lorategi edo beste edozein hiri-lokal edo hiri-lursailetan ohituraz eduki edo estabulatu, animaliok eragozpen objektiboak eragiten badizkie auzotarrei edo oinezkoei.
11.- Animalia etxekotuak ezin izango dira ohituraz eduki estabulazio edo erdi-estabulazio erregimenean parke eta lorategi publikoetan ez hiritar gisa kalifikatutako lursailetan.
12.- Konpainiako animaliak igogailuetan jaitsi edo igotzeko, bertan ezin izango da beste inor egon, barruan daudenek hala eskatuko balute.
13.- Herritar ugari dabilen aire zabaleko espazioetan edo jendearentzat irekitako lokaletan ezin izango da edozein espezietako animaliarik aske utzi. Are gutxiago arriskutsuak izan daitezkeen animaliak, basa-animaliak edota animalia kaltegarri edo hezigaiztzat jotakoak, hartarako apropos zehaztutako baldintzetatik edo bereziki prestatutako esparru, gune edo parke zoologikoetatik kanpo.
14.- Hiri barruko bide, esparru eta gune publikoetan, bai eta higiezin kolektiboetako toki komunetan ere txakurrak kontrolatuta eramango dira euren ezaugarrietara egokitutako kate edo uhal bati lotuta –gehienez 2 metrokoa–.
15.- Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren kasuan derrigorrezko izango da euren tamainara egokitutako muturrekoarekin ematea; bai eta udal aginteak hala agintzen duenean ere, zirkunstantziek hala gomendatzen badute eta horiek dirauten bitartean.
16.- Debekatua dago txakurren gorozkia bide publikoetan, hondartzan, haur parkeetan, lorategietan eta oro har, apaindurako eta/edo pertsonen pasadizorako den edozein lekutan uztea.
17.- Ez dira lorategitzat hartuko lorerik edo landarerik gabeko berdeguneak, baldin eta bertan haurrek ez badute jolasten, edo oinezkoentzako pasealeku ez badira, hala nola zelaiak, galtzada bereizleak, mazelak edo belardiak. Edonola ere, utzitako kaka hondarrak animalia daraman pertsonak jaso beharko ditu; berau izango da, eta haren ordez jabea, araua ez betetzearen erantzulea.
18.- Salbuezpenez, urriaren 1etik Aste Santuaren hasiera arte baimenduta dago hondartzan eta inguruko zonetan txakurrak edukitzea. Gainerako urtaroetan, hau da Aste Santutik urriaren 1ta bitarte, baimenduta dago 21:00etatik 06:00etara txakurrak egotea baldin eta kate edo uhal bati lotuta badoaz eta beren zaintzaileek edo jabeek txakurrak utzitako gorozkiak jasotzen badituzte.
19.- Ordenantzak ezartzen duen xedapenen bat ez betetzea arau hausteari dagokion isuna edo zehapena izango du.